Joan den ostiralean Eusko Legebiltzarrean gertatu bezala, bezperan, Tolosako udalbatzaren maiatzeko osoko bilkuran ere Osasun Sailak herrian eraiki asmo duen ospitalearen gaia mahai gainera eraman zuen oposizioak, zehazki, alkateen mugimenduak plan funtzionala aztertzeko bilera egin aurretik, ohar batean planari buruzko lehen balorazioa argitaratu zuelako. Xarles Iturbe EAJko zinegotziak adierazi zuenez, jeltzaleen ustez «ulergaitza» da hori. «Bitxia da iritzi definitu bat publiko egitea bilera oraindik egin ez duzuenean».
Andu Martinez de Rituerto alkateak argitu zion talde motor bat dutela, eta plana aztertzeko laguntza eskatu dietela askotariko adituei, tartean, Donostiako ospitaleko edo eskualdean lan egiten duten medikuei. «Zilegi da plan funtzionala ikuspegi kritiko batekin aztertzea eta osasun arreta egokiena bermatzeko proposamenak egitea», esan zuen. Iturbek erantzun zion plana «Osakidetzako profesionalek» diseinatu dutela, «teknikariek, medikuek eta adituek». Planari buruz, berriz, alkateak esan zuen «zehaztugabetasun handiko proposamena» dela. «Gaur egun Tolosan eskaintzen diren zerbitzuak baino askoz ere zerbitzu-zorro urriagoa jasotzen du. Asuncion Klinikak aise eta soberan izango lituzke proposatutako zerbitzu horiek».
Jeltzaleen ustez Osasun Sailaren lanari «trabak ipintzeko intentzio politikoa» du udal gobernuak. Iturbek ere aipatu zuen kamioilariei konponbide bat topatzeko lanean ari dela udala. Hori dela eta, eskaera bat egin zion EH Bilduri: «argitu mesedez ospitale berriaren proiektuan bidelagun izan nahi duzuen edo proiektua oztopatu nahi duzuen». Alkateak esan zion inoiz ez dutela oztopatu eta ez dutela oztopatuko ospitalea eraikitzea. Hala ere, alkateen mugimenduak gaur egingo du agerraldia, eta bertan emango du bileraren ondorio eta xehetasunen berri.