Gazte sortzaileak protagonista Sormenetik ekimenean

Ataria 2026ko ekainaren 2a

Iraia Cambra, Julen Unanue eta Luma Otaño elkarrizketatuko ditu Alexander Padilla kazetariak, 12:00etan Zerkausian.

Ekainaren 6ean izango da Sormenetik ekimenaren urteko lehenengo saioa. Galtzaundi Tolosaldeko Euskaltzaleen elkarteak sormenari eta euskal kulturari buruz gogoeta egiteko antolatzen dituen saioak dira. Kasu honetan, gazte sortzaileak gonbidatu dituzte Tolosako Zerkausiaren azpialdera. Iraia Cambra, Julen Unanue eta Luma Otaño elkarrizketatuko ditu Alexander Padilla kazetariak, 12:00etan hasita.

Tolosako kale erabilera neurketek adierazten dutenez, euskara indartsuen larunbateroko azokaren bueltan dago eta Sormenetik egitasmoaren bitartez euskara indartsuen dagoen guneari hauspo berria eman nahi zaio. Bestetik, kultur espresio ezberdinak gune berean batu asmo dira, kultur hausnarketarako eta heziketarako gune bilakatu eta bateko eta besteko herritarrak eta kultur espresioak ezagutzera emateko. Hori dela eta, euskara, sorkuntza eta azoka elkarren artean aberasteko, Sormenetiken edizio berri honetan ere publikoak euskal sortzaileen ikuspegia zuzenean jasotzeko aukera izango du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!