Hainbat jarduera Ingurumenaren Egunaren harira

Ataria 2026ko ekainaren 3a

Iaz bezala, aurten ere bigarren eskuko bizikletak eskuratu ahalko dira.

Elosegi parkera bisita gidatua egingo dute igandean, eta hurrengo larunbatean bigarren eskuko azoka jarriko dute.

Ekainaren 5ean Ingurumenaren Mundu Eguna da, eta horren harira, hurrengo bi asteburuetan jarduera batzuk antolatu dituzte Tolosan.

Igandean, ekainaren 7an, esaterako,  Elosegi parkera bisita gidatua egingo dute, eta parkearen historia eta bertan dauden zuhaitzak ezagutzeko aukera izango da. Frontoiaren aurrean elkartuko dira, 11:00etan, eta parte hartu nahi dutenek aldez aurretik izena eman beharko dute tolosakoingurumenzentroa@tolosa.eus helbide elektronikoan. 

Ekainaren 13an, larunbatean, berriz, Alondegi plazan, kontsumo-eredu zirkularra bultzatzea helburu izango duen azoka jarriko dute, 10:00etatik 14:00etara. Hala, bigarren eskuko produktuak eskuratzeko aukera egongo da, eta modu horretan, kontsumo arduratsua eta berrerabilpena sustatu, hondakin-kopurua murriztu eta lehengaien kontsumoa gutxitzen lagunduko dute bertaratzen direnek.

Herritarrek aukera izango dute egoera onean dauden baina erabiltzen ez dituzten objektuak saltzeko. Objektuak 09:30etik aurrera eraman ahal izango dira (pertsonako gehienez bost objketu onartuko dira).

Bestalde, Gurpilguneak (Zumardiak) antolatuta, bigarren eskuko bizikleten azoka, ere jarriko dute leku berean, 09:00etatik aurrera. Herritarrek euren bizikletak eraman ahalko dituzte, eta bertan utzi saltzeko. Saldu ezean, 14:00etan bizikletaren bila pasa beharko dute.

Ana Yurd Munduko Emakumeen Elkarteak ere parte hartuko du azokan, eta udal-egitasmoen erakusketa ere egongo da. Herritarrek aukera izango dute Ingurumen Sailean azken hilabeteetan egin diren tokiko ekimen batzuk ezagutzeko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!