Tolosako Gazte Asanbladak Gazte Eguna antolatu du ikasturte amaierarako. Azken urteetan bezala, ekaineko lehen larunbatean egingo dute, hau da, larunbat honetan. Plaza Berrian izango dira ekitaldiak, eta asanbladako kideek aurreratu dutenez, «egitarau aberats eta ugaria» prestatu dute, goizetik hasi eta gauera arte.
10:30ean izango da lehen ekitaldia: Palestinako genozidioari buruzko argazki erakusketa. 11:00etan, gazteen arteko olinpiadak egingo dituzte, eta 14:30 aldera, gazte bazkariaren txanda izango da. Bazkalostean, 16:30ean, bertso saioa hasiko da. Maddi Agirre, Danel Etxeberria, Suhar Gesalaga eta Amets Zubizarreta arituko dira kantuan.
Ondoren, Plaza Berritik mugituko dira. Izan ere, 18:00etan, DJ batek gidaturiko karropoteoa hasiko da, eta Alde Zaharrean barrena ibiliko dira gazteak. 21:00etatik aurrera ere musika protagonista izango da, kasu honetan, Ezpala gaztetxean. Bi taldek eta DJ batek saio bana egingo dute: Marcel Kid eta Rams, Mutiko eta Marmitako Trap Band eta DJ ON.
Egunean zehar, 200 gazte inguru biltzea espero dute antolatzaileek. Oraindik, eta ostegun gauera arte, bazkarirako izena emateko aukera dago. Horretarako, mezua idatzi behar da @tolosakogazteasanblada_ Instagram kontura. «Gazte orori luzatzen diogu gonbita larunbatean Plaza Berrira gerturatzeko», esan du asanbladak.
Ekainaren 19an, arrauna
Bestalde, gazte asanbladak Gazteen Arteko III. Arraun Txapelketa antolatu du, ekainaren 19rako; Oria ibaian izango da 17:00etatik aurrera. Hirugarren urtez jarraian egingo dute estropada, eta herriko gazteek parte hartzeko aukera dute. Oraindik izena emateko epea irekita dago, eta kasu honetan, Instagrameko kontuko biografian dagoen galdetegia bete behar da. Entrenamenduak ekainaren 9an hasiko dira.