Bi hamarkada eta erdiko esperientzia; horixe bildu du Maixa Zugastik (Tolosa, 1973) Itzala. Gaixotasun baten kronika liburuan. Hogeita bost urte inguru daramatza egileak fibromialgia eta neke kronikoa jasaten, eta bizipen horretatik abiatutako hausnarketak aurkeztu ditu obra berrian. Erein argitaletxearekin papereratutako lanak badu kronikatik, badu saiakeratik, eta badu gehiagotik ere. Rosalia de Castro idazlearen olerki bat du abiapuntu, eta xehetasunak aurreratu ditu Zugastik.
Zer topatuko du irakurleak?
Gaixotasunaren inguruko hausnarketak dira. Hogeita bost urte daramatzat fibromialgiarekin eta neke kronikoarekin; eta okerrera egin dute. 2022an gorputzak ez zidan erantzuten, buruak ere ez... Ez nintzen gai ez irakurtzeko, ez pentsatzeko, ez idazteko... Eta hilabete asko izan ziren. Dolu bat pasa behar duzu, zure bizitza izan dena galtzen duzulako.
Horrela nengoela Ereineko Uxue Razquin editoreak proposatu zidan gaixotasunari buruz idaztea. Ez zitzaidan bururatu eta, hasieran, ez nion kasurik egin. Handik pixka batera, ordea, heldu nion, eta horrela iritsi da. Batez ere hausnarketak dira, nire gaixotasunetik abiatuta, baina orokorragoak osasunaren eta gaitzaren inguruan.
Gaixotasuna, osasuna, menpekotasuna, zaintza... Ez dira nolanahiko gaiak.
Gaixotasunarekin lotutako gaiak dira. Itzalak bi esanahi hartzen ditu liburuan: batetik, izan daiteke babesten eta laguntzen zaituen zerbait, zaintzeko espazio bat. Liburuan aipatzen dut hezten gaituztela besteak zaintzeko, baina jasotzea askoz zailagoa dela; eta inguruan dagoen jendea oso garrantzitsua da. Gaixotasun hau batik bat emakumeok daukagu, eta irudikatzen dudanean emakume bat bakarrik, ume txikiekin, laguntzarik gabe... Ikaragarri gordina eta gogorra dela iruditzen zait.
Zaintza izan daiteke gertukoena, baina baita gizartearena ere. Dena dago lotuta, eta denok lagundu dezakegu gaixotasun baten aurrean. Gaixotasun honek sintoma aldetik lotura handia du beste batzuekin: ni, adibidez, oso zaharra sentitzen naiz fisikoki. Gaitasun asko galtzen dituzu, eta zaintza oso garrantzitsua bihurtzen da.
Nolakoa izan da gaitzari buruz idaztea?
Duela urte batzuk egin izan behar banu, joko nukeen ikertzera, bibliografia sendo bat osatzera, saiakeraren erregistrora... Konturatu naiz, ordea, orain ezin dudala hori egin. Idaztearen inguruan ditudan lehen oroitzapenak Portugalen dira; hondartza luze batean paseatzen nuen, eta buruan kontzeptu pare bat lantzen nituen. Hor sortzen zitzaizkidan hausnarketak, burura etortzen zitzaizkidan idazleak... Hori jaso dut liburuan. Gaur egun beste batzuk aterako litzaizkidake, baina horrela egindako lan bat da.
Izan al duzu erreferenterik?
Liburuan atera direnak aipatuko nituzke: Zambrano, Seneca... Momentuan gogora etortzen zitzaizkidan egileak eta liburuak. Hiru zatitan antolatu dut liburua, eta Rosalia de Castroren poema bat da oinarria.
Hiru atal nagusi ditu, eta kapituluen izenak bikoteka idatzi dituzu.
Hasieran aipatzen dut Dickensen testu bat, eta Heraclitok esaten zuen gauza guztiek osatzen dutela bat bakarra. Gure gizarteak gaixotasuna eta halakoak alde batera uzten ditu, baina argiak itzala eragiten du; eta itzalik ez dago argirik gabe. Dena da osagarria, eta nik uste laguntzen duela gauza guztiak horrela ikusteak.
Lehen pertsonan idatzi duzu. Intentzio zehatz bat du ala berez sortu zaizu?
Ereinen esaten zidaten kronika zela, baina ez kronika hutsa. Saiakera dela, baina ez saiakera arrunta. Rosaliaren poemak hiru zati ditu, eta niretzat hiru zati ditu egunak ere. Egun bakoitza bizitza oso bat da niretzat: jaikitzea jaiotzea bezalakoa da ia, kosta egiten zait, laguntza behar dut askotan... Gero eguerdia iristen da, atseden hartu behar dut. Eta, hortik aurrera, behera egiten du denak. Niretzat bizitzaren amaiera sentitzea bezalakoa da.
Nire hausnarketak direnez, hortik dator lehen pertsonaren hautua. Ez nuen pentsatzen inoiz horrela —hain zuzen— idatziko nuenik neure buruaz, baina horrela izan da.
Erronka izan al da?
Batzuetan bai; azkenean, gogorra da gaixotasuna. Dena dela, saiatu naiz hausnarketa horietan argia bilatzen. Orain poemekin ari naiz, eta horren inguruan dira, baita ere. Bizitza nabarmentzea da helburua.
Liburuan askotan hitz egiten duzu nekeaz, minaz... Baina ez etsipenetik. Nabaritzen da gauza horiei parez pare begiratzeko intentzioa.
Ezaugarri asko ditu gaixotasun honek, eta niretzat hiru dira garrantzitsuak: oinazea, nekea eta gandu moduko bat buruan; hitzak ez zaizkizu bururatzen eta... Tristura sortzen da hor. Jende asko bizi da depresioarekin, eta zakur beltza erabiltzen dut hori irudikatzeko. XVIII. mendeko mediku batek, Samuel Johnsonek, erabili zuen kontzeptua ingelesez depresioa izendatzeko: «Norbaitek topatzen badu, beti bizi beharko du zakurrari begira, hazi ez dadin». Oso grafikoa iruditzen zait, eta laguntzen dit.
Txikitatik depresio aldi asko pasa ditudala konturatu naiz, eta bizi daitekeen gauza gogorrenetakoa da niretzat; ilunpea delako, irentsi egiten zaituelako... Eta konturatu naiz urtaroekin ere zerikusia duela. Ohartu naiz tristurarekin arazo bat dudala, eta liburuan ere aipatzen dut: «Maixa eskubidea daukazu triste egoteko». Baina marra gorri hori non egon daitekeen ez dakizunez... beti nago oso adi. Beti nabil hori zaindu nahian, eta beti alde argia nabarmentzen.
Liburuan gai ilun horiek badute lekua, baina beti dute kontrapuntua ere.
Hori da. Maria Zambrano izugarri gustatzen zait, eta hark esaten zuen argia, loa, atsedena... goian daudela, eta iluntasunean oso adi bizi behar dela, itzalak argi bihurtzeko. Niretzat alaitasuna edo tristura izan daitezke uneak, baina zoriontasuna zerbait zabalagoa iruditzen zait, eta hori zaindu behar da.
«Alaitasuna edo tristura izan daitezke uneak, baina zoriontasuna zerbait zabalagoa iruditzen zait»
Publiko zehatz bati zuzenduta al dago liburua?
Uste dut edonork irakurtzeko modukoa dela. Osasuna edo hori galtzea denon gauza bat da. Oso jende gutxi ezagutzen dut bizitza guzti-guztian osasuntsu mantentzen dena; eta horiek ere alboan izan dezakete norbait gaixo dagoena. Horren inguruan pentsaraztea da asmoa. Ez naiz inor gaixo bati ezer agintzeko, eta berdin ingurukoei. Baina norbaiti lagungarri izaten bazaio, zoragarri.
Duela urtebete argitaratu zenuen aurreko liburua. Baina honen lanketa aurretik dator, ezta?
Bai, bai. 2022an oso gaizki egon nintzen, eta 2023an hasi nintzen egiten; ordutik dator. Orain, lagun batentzat itzultzen ari naiz, eta pentsarazi egiten dit oraindik. Pertsonalki da lan bat, ez dena amaituko. Zozabarrak, izatez, geroago atera zen. Gaixotasunak erakutsi dit beste modu bat behar dudala lan egiteko. Diziplina handia eta ordu asko behar dira, eta hori mantendu ezin duzunean askeago lan egiten ikasten duzu.
Bilakaerarik sumatzen duzu idatzi zenuen lehen liburutik berri honetara?
Lan egiteko modua aldatu da; hori da, agian, aldaketa handiena. Eta gero, idazterakoan ere uste dut baietz. Askatasun handiagoa sumatzen dut orain, baina neure buruarekiko exijentzia ez da aldatu.
Lehen aipatu duzu olerkiak idazten ari zarela. Zortzigarren lan bat datorrenaren seinale?
Narrazio batzuk baditut idatzita... Eta pandemia garaian poemak ere idatzi nituen. Balea Zuria argitaletxekoek esan zidaten argitaratuko zituztela, baina ez daukagu datarik zehaztuta. Orain argiaren inguruan ari naiz poema batzuk lantzen, eta hasita daukat eleberri bat ere, baina desegin eta berriro hasi behar dut.
Chillidaren inguruan ere ari naiz lan bat egiten: Txillida Lekuren eta Chillidaren inguruan. Ilusio handia pizten dit. Ilusioa izatez, badaukat; behar dudana osasuna da, aurrera eramateko. Eta bagoaz, poliki-poliki.
Badira proiektu batzuk.
Asko irakurtzea eskatzen dute lanek, eta baita ikastea ere. 2022tik beldur izugarria dut ea memoriak nola erantzungo didan: oroimenak-eta... Ohituraz urte bakoitzean idazle bat lantzen dut: urtebetez liburuak irakurri, eta disfrutatuz ikasi.
«Gustatuko litzaidake gaixo dagoenak argi pixka bat sentitzea, eta baita ingurukoek ere: bizitzeko indarra»
Irakurleak liburutik zer jasotzea nahiko zenuke?
Gustatuko litzaidake irakurleak argia sentitzea. Bizitzeko argia. Gizartean asko nabarmentzen da lana, zer egiten dugun: badirudi ogibideak definitzen duela nor garen. Gaixotasunak erakusten dizu gure izatea ez dela lana bakarrik, gehiago garela. Bizitzaren inguruko hausnarketak dira, eta gustatuko litzaidake gaixo dagoenak argi pixka bat sentitzea, eta baita ingurukoek ere: bizitzeko indarra.