Tolosa&Co Fashion Show 2026 ospatu da ostiral honetan Tolosako Triangulo plazan. Tokiko modaren erakusleiho bihurtu da berriro plaza, Tolosako saltokiek denboraldi honetarako dituzten proposamenak herritarren aurrean aurkeztu baitituzte.
Adin, neurri eta estilo askotarako lookak ikusi ahal izan dira pasarelan, egunerokoan janzteko moduko proposamen hurbil eta eskuragarriak. Guztira, Tolosa&Coko 28 saltokik hartu dute parte ekimenean, eta bakoitzak hiru look aurkeztu ditu. Tolosako saltokiei ikusgarritasuna ematea eta herriko merkataritzaren balioa nabarmentzea izan da ekitaldiaren helburu nagusia. Pasarelan ikusitako arropa eta osagarriak Tolosako saltokietan bertan aurki daitezke, eta Gogoko zerbitzuaren bidez online erosteko aukera ere badago.
Moda-desfileaz gain, bestelako osagaiak ere izan ditu arratsaldeak. Nerea Alias aritu da aurkezlelanetan, Alai DJak jarri dio musika ekitaldiari, eta Izaro Urrestarazu eta Sua Enparantza dantzariek osatutako Suaro taldeak emanaldia eskaini du.
«Tolosan modaz gozatzeko ez dago urrutira joan beharrik. Herriko saltokiek estilo, neurri, adin eta gustu askotarako aukerak eskaintzen dituzte, eta desfilean ikusi ahal izan diren proposamenek argi utzi dute hori», esan dute Tlosa&Coko arduradunek. Gogoratu dute, arropa eta osagarriez gain, gertuko arreta, aholkularitza eta bezero bakoitzari egokitutako proposamenak ere eskaintzen dituztela Tolosako dendariek.
Ekimen honen bidez, Tolosa&Cok bertako merkataritzaren aldeko apustua indartzen jarraitu nahi izan duela dio, «herriko bizitza dinamizatuz eta herritarrei tokiko eskaintza ezagutzeko eta aukeratzeko gonbita eginez: aukeratu bertakoa».
Argazkiak: Tolosa&Co