Apirilean, Global Sumud Flotilla Palestinara joan zen bigarren aldiz. Hamabi euskal herritar joan ziren ontzidian, tartean, tolosar bat, udal langilea. Apirilaren 30ean, Israelgo armadak flotilla atzeman zuen, Greziatik gertu, eta 175 kide gatibu hartu zituen. Gerora, flotillako kideek salatu zuten itsas segizioko hainbat kideri tratu txarrak eman zizkiela; ekintzaileak «kolpeka, ostikoka eta arrastaka» ibili zituztela Israelgo armadak atxilo hartu ostean.
Joan den larunbatean heldu ziren ontzidiko sei euskal herritar Turkiatik Euskal Herrira, tartean, tolosarra. Loiuko (Bizkaia) aireportura iritsi orduko, baina, ertzainak oldartu zitzaizkien, jo, eta haietako bi eta ongietorria ematera joandako bi lagun atxilotu zituzten.
Gertakari guztiak salatzeko eta ontzidiko kideei elkartasuna adierazteko, elkarretaratzea egin dute Tolosako udal langileek eguerdian Plaza Zaharrean, udaletxe aurrean. Besteak beste, zinegotziak, administrariak, teknikariak, udaltzainak eta brigadako langileak elkartu dira. Elkarretaratze isila izan da, eta txalo artean amaitu dute.