Aurrerantzean, hamabost egunez behin, tolosarrek aukera izango dute herrian bertan NANa eta pasaportea berritzeko. Interesa dutenek aurretiazko hitzordua hartu behar dute; horretarako izenematea.eus webguneko galdetegia bete behar dute, eta hitzordua aukeratu. Hitzordua baieztatzen duen mezuarekin batera, informazio gehigarria eta hitzordura eraman beharreko dokumentazioari buruzko informazioa ere jasoko du herritarrak. Pasaportea eta NANa aldi berean berritu nahi dituenak bi hitzordu hartu beharko ditu, eta hitzordu bakoitza pertsona bakarrarentzat izango da.
Zerbitzuak emandako jarraibideen arabera, hitzordua hartzeko aukera zerbitzua jaso baino 15 egun lehenago aktibatuko da. Hortaz, astelehenean zabalduko dute ekainaren 15eko hitzorduetarako izena emateko aukera; Alondegi plazan izango dira. Lehen txanda 08:30ean izango da eta azkena, 14:06an.