Zabalik da ondasun higiezinen zerga eta zenbait tasa ordaintzeko borondatezko epea

Ataria 2026ko ekainaren 1a

Zenbait bizikleta Belena patioan aparkatuta. Argazkia: Tolosako Udala.

Ondasun higiezinen zerga ordaintzeko epea ekainaren 30ean amaitzen da; hondakin-bilketaren, ibi iraunkorren, Belena patioko bizikleta aparkalekuen eta autotaxien tasa ordaintzekoa, berriz, uztailaren 7an.

Tolosako Udalak maiatzaren 15ean zabaldu zuen ondasun higiezinen zerga ordaintzeko borondatezko epea, eta ekainaren 30eko 13:00etan amaituko da. Aldiz, hondakin-bilketaren, ibi iraunkorren, Belena patioko bizikleta aparkalekuen –lehen seihilekoa– eta autotaxien tasa ordaintzeko borondatezko epea gaur ireki dute, eta uztailaren 7ra arte egongo da zabalik.

Ordainketa horiek helbideratuta dituztenei azken egunean kobratuko diete tasaren zenbatekoa. Helbideratu gabe dituztenek, berriz, ekainaren 12ra bitarteko epea dute ondasun higiezinen zergaren kasuan, eta gainerako kasuetan, hilaren 19ra artekoa.

Era berean, helbideratu ez dituztenei ordainagiriak bidaliko zaizkie, zergadunek adierazitako zerga-helbideetara. Zergadunek oraindik ondasun higiezinen zergaren ordainagiria etxean jaso ez badute, udaletxean eskatu behar dute. Gainerako tasen ordainagiria ekainaren 19rako jasoko dute etxean. Hala ez bada, kasu honetan ere, udaletxera jo beharko dute ordainagiria eskatzera.

Ordainketa hiru modutara egin daiteke: online, Eusko Jaurlaritzaren Nire Ordainketa atalean; erakunde kolaboratzaileen –banku, aurrezki-kutxa eta kreditu-kooperatibak– bitartez, ordainagiria aurkeztuta; edo udaletxean, kreditu txartelarekin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!