Iruñeko Larrabide estadioan lortu zuen atzo Ander Martinez de Rituertok Gipuzkoako marka berria ezartzea pertikan. 5,42 metroko errekorra jarri zuen Realeko atleta tolosarrak, iaz bere entrenamenduetako kide Asier Añorgak ezarri zuena baino zentimetro bat gehiago.
Parte hartze libreko probak egin ziren Larrabiden, eta Martinez de Rituertok bere saioa hassi zuen beste lehiakide guztiek amaitu ondoren. Listoia 5,20 metrotan zegoela hasi zen, eta baliogabeko bi saialdi egin ondoren, hirugarrenean lortu zuen. Ondoren, listoia 5,42 metrotara jartzea eskatu zuen, eta lehenengo saiakeran gainditu zuen. Ondoren, listoia 5,51 metrotara jartzea eskatu zuen, eta bota egin zuen bere hiru saialdietan, baina ez zen marka hori egitetik oso urruti aritu. Atleta tolosarrak aurten 5,40 metro saltatu zituen otsailean, eta iaz hiru aldiz lortu zuen marka hori egitea.
Mario Estanga tolosarrak ere parte hartu zuen proba horietan, eta bosgarren postuan geratu zen 4,60 metroko markarekin.