Igande honetan (maiatzak 31) izango da Tabakorik Gabeko Mundu Eguna. Horren harira, Tolosako Udalak herriko zenbait txoko kerik gabeko gune izendatu izan ditu azken urteotan: 2022an Lizardi plaza, 2023an Alondegi plaza, eta 2024an Usabal kiroldegiaren ataria. Aurten, iaz bezala, Zerkausia izendatu du kerik gabeko gune, haur, nerabe zein helduek sarritan zeharkatzen duten espazioa delako. Gune horietan ez dago debekatuta erretzea, baina ez erretzea gomendatzen dute. «Kerik gabeko giroak sortzeak prebenitu egiten du tabakoa kontsumitzen hastea, baita herritarrei kearekiko esposizio pasiboa ezabatu ere», esan du udalak.
Ekimen honekin ingurune osasungarriak lortu eta tabakoaren kontsumoa normaltasunetik atera nahi dute. 2015eko Tolosaldea tabako-kerik eta zigarrokinik gabe kanpainan du jatorria, eta, Tolosako prebentzio mahaitik abiatuta, ekimenaren helburua elkarbanatzen duten zenbait eragileren arteko lan taldea sortu zuten. Minbiziaren Aurka Gipuzkoa elkarteko psikologoak, Osakidetzako osasun zentroko ordezkariak eta Tolosako Udaleko prebentzio teknikaria dira bertako kideak.
Magia eta bingoa
Hala, hiru eragileek elkarlanean antolatuta, dinamika berezia egin dute gaur goizean Zerkausian. Tolosako hiru ikastetxeetako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 350 ikaslek baino gehiagok parte hartu dute. Marsel magoaren saioarekin entretenitu dira eta tabakoarekin zerikusia duten elementuekin osatutako bingoan jolastu dute. Bi ekintzetan tabakoaren kontsumoaren arriskuei buruz hausnarketa eragin diete ikasleei.
Gazteak erdigunean
Prebentzio mahaiaren nahia da Tabakorik Gabeko Mundu Egunaren harira antolatutako ekintzetan gazteek parte hartzea, «arrisku talde azpimarragarrienetako bat» delako. Hori horrela, Tolosako hiru ikastetxeetan, zenbait jarduera egin dituzte apirilean eta maiatzean zehar. Horien artean, tabakoari eta kalamuari buruzko osasun heziketarako saioak eta tabako kearen inguruko osasun heziketa.
Minbiziaren Aurkako Elkarteak 2030ean kerik gabeko belaunaldi bat izateko hartutako konpromisoa berresten du jarduera horien bitartez. Gainera, tabakorik eta aerosolik gabeko gune berriak sortzen jarraitzeko konpromisoa du, herritar guztientzat ingurune seguruak bermatzeko.