Hainbat aldaketa egingo dituzte San Esteban auzoan, oinezkoak lehenesteko

Ataria 2026ko maiatzaren 28a

EHUko Arkitektura ikasleek auzoaren inguruan egindako proposamenak jasotzen dituen erakusketa egongo da ikusgai larunbatean. Hainbat jarduera ere egingo dituzte auzotarrekin.

Abenduan onartu zituen Tolosako Udalak San Esteban auzoaren eraldaketarako irizpide eta helburuak. Hain justu, irizpide eta helburu horiek lanerako ardatz izan dituzte Donostiako EHUko Arkitekturako 3. mailako ikasleek, eta erakusketa bat jarriko dute auzoan bertan larunbat honetan, hilaren 30ean, Ttonttor auzo elkartearen kanpoaldean. Erakusketan ikasle taldeek auzoaren inguruan egindako proposamenak ikusiko dira.

Bestalde, EHUko 5. mailako ikasle talde bat auzotarrekin elkarlanean aritu da 2026ko urtarriletik, espazio publikoaren inguruko proposamenak lantzen. Hala, auzo elkartearekin izandako bileretatik abiatuta, auzoaren eraldaketa taktiko bat ere egingo dute larunbatean bertan, haur-parkea, Hiru-Aldeta eta inguruko eremuan.

Aurreikusi dituzten aldaketekin kalitatezko espazio publiko bat sortzea dute helburu, oinezkoak lehenesten dituena. Proposamenen artean daude, espaloia oinezkoentzat izatea berreskuratzea (autoak espaloi gainetik kentzea), oinezkoentzako zati bat sortzea espaloi aurrean, kale margoketa, loreontzi edo bestelako tramankuluen bidez espazioak oinezkoentzat bihurtzea (aldi baterako edo behin betiko) eta eserlekuak, jolasak eta zuhaitzak jartzea.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!