Amaitu da denboraldia Eguzkitza sagardotegia TAKE saskibaloi taldearentzat. Gipuzkoako Lehen Mailan igoera faseko finalerdiak jokatu ditu, eta Kruce Ointxe taldearen aurka galdu zuen 57-40. Gero talde horrek lortu zuen igoera, finalean Easo Basket en Clave de Sol taldeari irabazita. Haimar Martin Eguzkitza sagardotegia TAKE taldeko entrenatzaileak denboraldiko balantze positiboa egin du: «Oso ondo hasi ginen, eta lehen itzulia bukatuta lehen postuan geunden. Gero sentsazio horiek zapuztu egin ziren lesio batzuen eta dinamika txar batzuen ondorioz. Bost partida jarraian galdu genituen, eta horrek sailkapenean min handia egin zigun. Gero dinamika on bat lortu genuen, eta sentsazioa oso positiboa izan da».
Denboraldiko azken partidaren balantze positiboa egin du Martinek: «Ointxe, aurkari oso on batekin egin genuen topo finalerdi horretan, eta halere partidako laurden gehienetan lehiatzea eta maila ona ematea lortu genuen». Markagailuak hori erakutsi ez arren, hiru laurdenetan berdindu egin zutela dio Martinek, eta bestean min handia egin zietela: «Hirugarren laurdenean alde handia atera ziguten. Halere, esango nuke gure planteamendua ona izan zela, eta gure lana oso ona izan zela. Ointxek du garaipen horren meritu guztia, duten kalitatearengatik». Denboraldia sentsazio onekin bukatu zutela gaineratu du.
Talde bakarra igotzen da Euskal Ligara, eta aurtengoan Kruce Ointxe igo da, horrela adierazi dutelako. «Nahiz eta guk igotzeko plaza bat lortu, ez da egokiena Tolosako taldearentzat eta jokalarientzat», esan du Martinek. Joan den denboraldian maila horretan jokatzeko aukera izan zuten, eta entrenatzaileak esan du maila aldaketa handia dela kalitatearen eta taldeen aldetik. «Bidaiak ere askoz luzeagoak dira, eta taldeak oso prest egon behar du maila horretan jokatzeko, eta uste dut gaur egun ez dela taldearen egoera».
Denboraldiaren hasieran zehaztu zuten helburua finalerdietara iristea zela, eta hori lortu dute. «Finalerdi horretan ere erakutsi genuen lehiatzeko gai ginela, eta horrekin bete ditugu denboraldiko helburuak». Orain pare bat asteko atsedena hartu dute, eta hurrengo hiru asteetan entrenamenduetara bueltatuko dira. «Entrenamendu bereziagoak izango dira, tiroa eta banakako teknika hobetzeko. Gero TAKEk 3x3ko txapelketa antolatzen duenez ekainean, horrelako partida batzuk egingo ditugu gure artean».
Datorren denboraldiari begira aldaketak izango dira taldean. «Badaude kanpora ikastera joango diren jokalariak, eta beste batzuk arrazoi pertsonalengatik taldea utziko dute. Datorren denboraldiko antolaketarekin hasten ari garela esan daiteke». Talde teknikoan ere aldaketak izango dira. «Nire aldetik eta Markel Pascual entrenatzaile laguntzailearen aldetik erabakia hartuta daukagu, eta ez dugu jarraituko datorren denboraldian. Erabakia erabat pertsonala da, taldearekin oso gustura egon gara eta sekulako lana egin dute, eta lagun asko atera ditugu taldetik. Nik ez dut jarraituko lehen entrenatzaile bezala, eta taldeari esan diot bigarren entrenatzaile bezala jarraitzeko prest nagoela».