Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde plataformak apiril hasieran adierazi zuen bilera eskatu zuela Mari Luz Jauregi Tolosaldeko ESIko kudeatzailearekin, ospitale berriari buruz zituzten zalantzak argitzeko, «kezkatuta» zegoelako eskualdeko osasun-arretaren etorkizunarekin eta Asuncion Klinikarekin dagoen hitzarmena zertan den jakin nahi zutelako.
Lehenik, ideia horiek guztiak biltzen zituen idatzi bat bidali zioten Jauregiri, baina haren erantzunak ez ditu «batere gogobete» TOPAko kideak. «Esan du ez duela eskumenik ez ospitale berriaren kudeaketan, ezta Asuncion Klinikaren kudeaketan ere, eta, ondorioz, ez duela beharrezko ikusten gurekin bilera bat egitea», adierazi du plataformak, eta gaineratu du «gardentasuna eta informazioa falta» dela. «Berriro ere entzun gabe geratu dira herritarren kezkak».
TOPArentzat «ulergarria» da, «neurri batean», ospitale berriari dagokionez eskumen handirik ez edukitzea, baina ez du onartzen Asuncion Klinikari buruzko gaietan eskumenik ez izatea. «ESIko zuzendaritzak ebaluatzen du klinika pribatuak bete ditzala osasun arretaren estandar publikoak. Tolosaldeko ESIko kudeatzailea da eskualdeko kudeaketa integratuaren arduradun nagusia. Haren lana da Asuncion Klinikarekin sinatutako osasun-hitzarmena betetzen dela ikuskatzea, eta hark bermatu behar du ospitaleetako zerbitzuak behar bezala koordinatzen direla gune bakoitzeko lehen arretako osasun zentroekin».
Kudeatzailearen ardura gehiago zerrendatu ditu TOPAk: «Zerbitzuak eta pertsonal medikua antolatu eta ikuskatzea, eta horiei buruz informazio zehatza izatea». Horri lotuta, Tolosaldean «informazio- eta gardentasun-falta erabatekoa» dela nabarmendu, eta adibide bat eman dute: «Lehen, sendagileak espezialistak edo zerbitzuari adskribatuak ziren ikusi zitekeen klinikaren webgunean, baina informazio hori desagertu egin da, eta dagoeneko erretiratuta dauden medikuak edo beste leku batera joandakoak agertzen dira oraindik. Informazio hutsune handia dago klinikak zein medikuk artatuko gaituen jakiteko, eta horrek biziki kezkatzen ditu herritarrak».
Era berean, balizko ospitale berria ireki bitartean igaroko den «sei urteko edo gehiagoko trantsizio horretan jasan beharko dugun babes falta» salatu du TOPAk, eta gogora ekarri du Tolosaldea dela «erreferentziako ospitale gisa klinika pribatu bat duen EAEko eskualde bakarra». Plataformak uste du zentro berriarekin «publifikazioan» irabaziko duela Tolosaldeak, baina adierazi du eskualdea «berriro ere ezkutuko murrizketa sanitarioak egiteko esperimentu gune» izango dela. «Ez dugu ospitale osatu bat izango. Funtsean, adreilu gehiago eta baliabide gutxiago ari dira eskaintzen».
TOPAk adierazi du ez dagoela ados Eusko Jaurlaritzak inposatutako ereduarekin. «Arduradunei dei egiten diegu herritarrei azaldu diezaien zer abantaila dituen eraiki behar duten zentro horrek, gainerako eskualdeek duten ospitale publikoarekin alderatuta.