Tolosaldeko ospitale publikoa

Iruñea etorbideko kamioien aparkalekurako alternatiba bila ari dira

Josu Artutxa Dorronsoro 2026ko maiatzaren 26a

Iruñea etorbideko aparkalekua, suhiltzaileen parkearen parean. J. A.

Gaur egun, 25 bat kamioiri ematen zaie zerbitzua Tolosaldeko balizko ospitale berriak hartuko duen orubean; udalak lan ildo bat zabaldu du euskal garraiolarien Hiru sindikatuarekin.

Buruhauste bat baino gehiago eragiten ari da Tolosan eraiki nahi duten balizko ospitale berria. Eraikina egiten hasi aurretik, badira lanketa handia eskatzen duten erabakiak, esaterako, suhiltzaile parkearen pareko kamioien aparkalekuarentzat alternatiba bat.

Tolosako udalbatzaren apirileko osoko bilkuran, Xarles Iturbe EAJko zinegotziak udal gobernuari galdetu zion ea gaia lantzen hasi den, eta aukerarik topatu ote duen: «Eskualde ikuspegiko erantzun bat beharko duela esan zenuten. Elkarrizketarik abiatu duzue gaia bideratzeko?». Ander Figuerido hirigintza zinegotziak erantzun zion udala gaia aztertzen ari zela. «Tolosan ez daukagu aukera handirik 4.000 metro karratuko aparkaleku bat eskaintzeko, baina lanean ari gara», adierazi zuen orduan.

Bada, berriki, udalak lan ildo bat zabaldu du euskal garraiolarien Hiru sindikatuarekin, orube horretan orain aparkatzen duten kamioiek Tolosan bertan edo inguruan alternatiba bat izan dezaten. Halaber, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako Departamentuarekin bilera eskatu du Tolosako Udalak, gaiari irtenbide bateratu eta integrala emateko helburuarekin.

Horrekin batera, udala harremanetan da Aldundiaren Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuarekin, Tolosaldeko balizko ospitale berriaren eraikuntzak sor ditzakeen mugikortasun-behar berriei erantzun bateratu bat emateko, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendurako Batzordearen txostenean jasotakoaren ildotik.

Bi partzelen jabetza

Aurrez, martxoko osoko bilkuran, Tolosako HAPOko 24. Iurre hirigintza-esparruaren aldaketa puntuala egitea onartu zuen udalbatzak, leku horretan Tolosaldeko balizko ospitalea jarri ahal izateko behin betiko erabakia, alegia. Maiatzaren 12an argitaratu zen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.

Esparruan bertan dauden eta udalaren jabetzakoak ez diren bi orube eskuratzeko lanak abiatzeko ardura hartu zuen udal gobernuak, lursaila Jaurlaritzari utzi eta prozesua errazagoa eta azkarragoa izan dadin. Lagapena izapidetu ondoren, Osasun Sailaren esku geratuko da lursaila. Apirileko osoko bilkuran, bi orubeen egoera zein zen galdetu zion Iturbek udal gobernuari, ea «erosketaren bidean ala desjabetzearen bidean» dauden. Denbora kontuez ere galdetu zien zinegotzi jeltzaleak. «Prozesua hasi da, badago epe mugarik edo hori noizko irudikatzen duzue?».

Honi buruz ere Figueridok erantzun zion, eta esan zion udala «laster» hasiko zela tramiteekin. «Oraindik tartea daukagu, proiektua idazteke dagoelako. Beste desjabetze eta erosketa batzuk egiten ari gara, eta lehentasunak finkatu behar dira», adierazi zuen.

Tolosako EAJk adierazi du «harriduraz» eta «kezkaz» hartu duela udal gobernuak oraindik prozesua abiatu ez izana. «Duela hamar hilabete eskatu genion prozesua abiaraztea, denbora tarte nahikoa da lanean hasteko, baina oraindik ez ditu beharrezko urratsak eman lurzati osoa eskuratzeko. Ez dago prozesuaren egoerari buruzko azalpen argirik. Zergatik ari da hainbeste luzatzen ospitalearen etorkizunerako giltzarri den tramite hau? Zergatik ez da lehentasunezko gaia?», adierazi du alderdi jeltzaleak.

Figueridok, bestalde, udal gobernuaren konpromisoa berretsi du: «Gure hitza betetzen ari gara, eta azken hilabeteotan buru-belarri aritu gara lanean HAPOaren aldaketa egia bihurtzeko. Ezinbesteko pausoa izan da, orubea prest izateko. Orain, kamioien aparkalekuari irtenbidea ematea dagokigu, eta ezinbestekoa izango da udala eta Aldundia elkarlanean aritzea, garraiolariekin batera».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!