Irekiak Gallery Weekend Donostia da Donostiako galerien erakusketa denboraldiaren irekiera markatzen duen ekitaldia. Ostiraletik igandera ate irekien erakusketa programa antolatu dute haren barruan. Tartean, Miren Gonzalez Goikoetxeak Bizi-min-bizi erakusketa inauguratuko du Arteztu Galerian, Antiguan. Asteburu honetan izango da ikusgai Irekiak Gallery Weekend Donostia ekitaldiaren barruan, baina uztailaren 18ra arte ere bisitatu ahal izango da erakusketa.
Artista tolosarrak minbiziaren eragina gertutik bizi ondoren sortutako hausnarketa da erakusketaren muina. Urte eta erdiz aritu da lanean Donostiako Ospitaleko Anatomia Patologikoko zerbitzuan, mikroskopioa bidelagun, eta biopsia errealak in situ marraztu ditu, haren esanetan, «prozesua islatzeko, laguntzeko eta egoera normalizatzen saiatzeko».
Bilduma hori aurkeztuko du Arteztu Galerian. Akriliko eta olio pinturaz egindako lanak dira, eta moreak, lilak eta urdinak dira nagusi; zelulen tindaketetan erabilitako koloreak, hain zuzen. «Errespetuan, komunitatean eta gizakiok elkarrekin konektatzeko dugun lankidetza beharrean oinarritutako proiektua da», esan du pintore tolosarrak.
Ostiralean, 17:00etatik 21:00etara izango da ikusgai erakusketa, eta Gonzalez Goikoetxeak aurkezpena egingo du 19:00etan. Larunbatean, bisita gidatua eskainiko du 17:00etan euskaraz, eta igandean, 11:30ean gaztelaniaz.
Irekiak ekitaldia Donostian
Donostiako Arte Garaikideko Galerien Elkarteak antolatutako Irekiak Gallery Weekend Donostia ekitaldiaren barruan beste hainbat erakusketa ere izango dira ikusgai asteburuan: Arteko galerian, Rafa Satrustegiren lanak; Cibrian galerian, Ruoxi Jin txinatarraren eskulturak; Ekainen, Mikel Lertxundiren obrak; LA Central Art Galleryn, Maria Castilloren pinturak; eta, amaitzeko, Sakana Galleryn, Juan Azpitarteren lanak.
