Tolosako Udalak herritarren ongizate emozionala ezagutzeko galdetegia jarri du martxan. Herritarren bizipen, sentipen eta pertzepzioak jasota ongizate emozionalaren zenbait alderdi nola bizi dituzten jakitea da asmoa. Era berean, zenbait aldagaik eta ezaugarrik ongizate emozionalean nola eragiten duten aztertu eta herritarren ongizate emozionalarentzat lagungarri izan daitezkeen aspektuak identifikatu nahi dituzte.
Udalak esan duenez, galdetegiak lagundu nahi du tolosarren osasuna eta ongizate emozionala hobetu nahi duen herria eraikitzen, beharrak identifikatu eta hala, udal-zerbitzu, programa eta ekintzak hobetzeko. Horregatik, udalak herritarrak gonbidatu ditu galdetegia betetzera eta ahalik eta zabalkunde handiena ematera.
Galdetegia Tolosan bizi eta 14 urtetik gora duten herritarrei zuzenduta dago, behin erantzun ahalko da eta erantzunak anonimoak izango dira. Herritar guztien partaidetza errazteko, lau hizkuntzatan bete daiteke: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez. Gainera, arabierako bertsioa ere eskuragarri egongo da, kontsultarako. Galdetegia online bete ahalko da eta eskuz betetzeko aukera ere izango da, kultur etxean, Andragoran, Udaten eta Gizarte Zerbitzuetan.
Azken urteetan, Tolosako Udalak «arreta berezia» jarri dio herritarren osasun eta ongizate emozionala aztertzeari. 2023an, Herritarren Batzarra ekimena bideratu zuen, eta herritarrei aukera eman zitzaien galdera honen inguruan deliberatzeko: «Zer egin dezake Tolosako Udalak lankidetza publiko-komunitarioaren bidetik, guztion osasuna eta ongizate emozionala hobetuko duen Tolosako lortzeko?». Galderari erantzunez, Herritarren Batzarrak proposatutako gomendioen artean zegoen tolosarren ongizate emozionala ezagutzea. Konpromiso horri erantzuteko, udalak, tolosarren ongizate emozionala ezagutzeko galdetegia zabaltzeaz gain, formakuntza-saioak egin ditu nerabeekin harremana duten hezkuntzako eragileei zuzenduta, eta Tolosako Zaintza Mahaia eta I. Plana eratzeko egitasmoa martxan jarri du.