Elkarrizketa

«Diskoa entzuteko modu aproposena autoan eta gauez da»

Josu Artutxa Dorronsoro 2026ko maiatzaren 26a

Iñaki Gereñu eta Lander Zalakain musikari tolosarrak. Argazkia: NEREA GARMENDIA DURAN

Iñaki Gereñu Odriozola musikari eta sortzaile tolosarrak hamar kantuz osatutako '23.556' diskoa argitaratu berri du; Lander Zalakain bateria-jotzaileak eta biek osatzen duten Gēre taldearen lehen lan luzea da.

Gēre proiektuak 23.556 diskoa argitaratu du. Iñaki Gereñu (Tolosa, 1983) sortzaile eta musikaria da proiektuaren sustatzailea, eta Lander Zalakain herrikidearen laguntza izan du. Aurrez, Peachy Joke taldean aritu zen Gereñu; Zalakain, berriz, Belako taldeko bateria-jotzailea da. Ekainaren 6an aurkeztuko dute lana Donostiako Kutxa Fundazioa Klubean.

Zergatik '23.556'?

Nire bizitzan oso garrantzitsua izan den pertsona batek bizi izandako egun kopurua da. Diskoko abesti baten izena da, duen letragatik jarri nion, eta aproposa iruditu zitzaidan diskorako izen bera erabiltzea, diskoa nahiko iluna delako. Nahiz eta dantzagarria izan, melankolia eta nostalgia handiko lana da.

Hamar abestik osatzen dute. Nolakoak dira?

Elektronika da nagusi, baina bigarren geruza batean rocka dago. Zenbait kantu etxean lasai entzutekoak dira, letrek pisu handia dutelako. Beste batzuek, berriz, ia ez dute letrarik, eta dantzagarriagoak dira. Adibidez, Zuen bila goaz kantuaren bideoklipak argi erakusten du zer den Gēre, zer argiztapen eta formatu izango dugun kontzertuetan.

Eta hitzek zer garrantzi dute zure abestietan?

Nolabaiteko pisua dute. Argi nuen, norbaitek idaztekotan, nireak izango zirela. Zenbait kantutako hitzekin oso harro nago; beste zenbait idazteak, aldiz, lanak eman dizkit. Erronka zaila da niretzat, buruko min handiena. Gitarrarekin sortutako abestietan gehiago landu ditut; dantzagarriagoak direnetan, berriz, pisu txikiagoa dute.

'Jakin nahi nuke' kantuan ‘Kiliki’-k kolaboratu du zuekin. Nola sortu zen aukera?

Naturalki; ez nuen bilatu. Grabaketetan egin genuen bat; bera ere diskoa grabatzen ari zen estudio berean. Hain justu, abesti hori grabatzen ari nintzenean gonbidatu nuen kolaboratzera. Kantua pasatu nion, eta berehala eman zidan baiezkoa; gustatu zitzaion. Pentsatuta nuen beste bi musikarik ere gurekin kolaboratzea, baina abestiek hartu zuten bidea kontuan izanda, iruditu zitzaidan behartuta egindako zerbait izan zitekeela.

Zer harrera izan zuten diskoko hiru aurrerapen kantuek?

Oso ona. Lehenaren bideoklipa argitaratu eta berehala, sare sozialetan Euskal Herriko musikari handienen lagun eskaerak jaso nituen. Hiru egunetan, mila jarraitzailetik gora genituen. Hori bai, zuzeneko talde bat gara, eta, beraz, kontzertuen bitartez gure izena gehiago zabaltzea nahi dut.

Gaueko argiez jantzitako paisaia distopiko eta nostalgikoetara daraman bidaia emozionala omen da diskoa. Azaltzerik bai?

Abestiei hitzak kenduz gero, 1980ko edo 1990eko hamarkadetako film edo telesailetako soinu bandak izan zitezkeen. Diskoa entzuteko modu aproposena autoan eta gauez da. Beste edozein momentutan ere entzun dezakezu, baina ez duzu gauza bera sentituko.

Hans Krugerrekin ekoitzi eta grabatu duzue diskoa Zubitzako (Nafarroa) Montreal estudioetan. Zer moduzko esperientzia izan da?

Ona. Nazioartean sintetizadoreak ondoen ezagutzen dituen ekoizlea da; haren berezitasuna da. Argi nuen harengana jo behar nuela; harreman handia dugu. Haren estudioan aurkitu ditudan zenbait soinu ez nituzkeen beste batean topatuko.

Belako taldeko Lander Zalakainek eta biok osatzen duzue Gēre. Zer dela eta bera?

Abestien grabaketa prozesuan ia egunero joaten nintzen Zubitzara, eta joan-etorrietan etengabe entzuten nituen kantuak. Ohartu nintzen bazela funtzionatzen ez zuen zerbait: perkusioa. Buruko min handia eman zidan. Beste bide bat hartu eta bateria-jotzaile bat lotzea erabaki nuen. Lander hautatu nuen, hiru arrazoirengatik: asko gustatzen zait nola jotzen duen, tolosarra da, horrek dena errazten du, eta garrantzitsuena, musikaz bizi da. Proiektuarekin konprometituko zen norbait behar nuen. Baiezkoa eman zidan, eta oso gustura nago.

Elektronika zinematografikoa, pop sintetikoa eta melankolia dantzagarria egiten dituzue. Zer helbururekin?

Ez daukagu helbururik. Daft Punk, Chromatics, Kavinsky edo Vangelis taldeen oihartzuna antzeman daiteke diskoan. Anari, Gorka Urbizu edo Jon Basagureren eragina ere badago. Asko kontsumitu izan dut musika estilo hori, eta diskoa entzutean nabaritu daiteke iturri horretatik edan dudala. Konposatzerakoan, zuzenekorako soinuan pentsatzen egon naiz. Etxean gitarrarekin sortuta nituen abesti zaharrak moldatzen hasi nintzen, eta elektronika puntua eman nien.

Hau da bakarka egin duzun lehen lan luzea. Nolako esperientzia izaten ari da?

Sekulakoa, baina oraindik ez da amaitu. Orain kontzertuekin hasiko gara; etapa berri bat izango da. Beti izan dut bakarkako proiektu bat egiteko gogoa, baina ez nintzen gai sentitzen, beti izan dudalako ondoan protagonismo handiagoko musikariren bat. Hala ere, bost kantu egin eta ingurukoei erakustean, argia ikusi behar zutela esan zidaten; orduan hasi nintzen sinesten. Berez, proiektu pertsonal bat izan behar zuen, baina estudioan hartu zuen dimentsioa ikusita, apustu sendoa egin eta aurrezkiak erabiltzea erabaki nuen.

Prest zaude aurkezpen kontzertuetarako?

Bai. Diskoa kaleratzea mugarri bat izan da. Pisu handia kendu dut, urte eta erdiko lanaren zama. Itzalean lanean aritu izanaren sentsazioa daukat, eta orain ereindakoaren fruituak jasotzea egokitzen da. Jendeak gu entzutean nolako erreakzioa duen ikusi nahi dut.

Zuzenekoetan formatu indartsua erabiliko duzue.

Musikari dagokionez, sintetizadoreak, gitarra, bateria akustikoa eta zuzeneko elektronika uztartuko ditugu. Bestetik, ikus-entzunezkoen mundutik nator, eta niretzat garrantzi handia du irudiak. Eszenografia guk eraikiko dugu: kea, laserrak, neon argiak... Jolastu egin nahi dut, gustuko dudan musika estiloak horretara narama. Abesti bakoitza kolore eta intentsitate-maila batekin identifikatu dut, eta hori argien bidez islatuko dugu. Unibertso berezia sortu nahi dugu. Horregatik, beti saiatuko gara kontzertuak ilunpetan edo gauez egiten.

Ekainaren 6an aurkeztuko duzue lana, Tabakaleran. Nola sortu da aukera?

Kutxa Fundazioak urrian egitea proposatu zigun, baina data aurreratzea eskatu genion, diskoa aurkezteko. Oso leku aproposa da soinu eta argitasun aldetik sortu nahi dugun atmosferarako.

Aurrerago kontzertu gehiago egingo dituzue?

Aurreratu dezakegu Tolosan ariko garela. Hala ere, aurrerago argitaratuko ditugu kontzertu berrien datak eta lekuak gure sare sozialetan.

Musika terapia modura hartu izan duzu, ezta?

Bai. Lanez gainezka egon izan naizen uneetan, musikari esker erabat deskonektatzea lortu izan dut, eta ohartzerako, hamar abesti egin nituen. Dagoeneko bigarren diskoan pentsatzen ari naiz. Auskalo noiz aterako dudan, baina oso pozik nago lehen lanarekin, eta orain uste dut honetarako gai naizela. Behintzat, zuzeneko kontzertuetarako diskoko kantuez gain, gehiago eduki nahi ditut.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!