Tolosa&Co Fashion Show-a, maiatzaren 29an

Ataria 2026ko maiatzaren 22a

Pasa den urteko moda desfileko irudi bat.

Tolosako Trianguloa plaza modaren eta joera berrien erakustoki nagusi bihurtuko da hirugarren urtez. Euria egiten badu, ekimena Zerkausian egingo dute. Gogoko zerbitzuari esker, pasarelan ikusitako jantzi eta osagarri guztiak online erosteko aukera izango da.

Datorren ostiralean, maiatzaren 29an, 19:00etatik aurrera, Tolosako Trianguloa plaza modaren eta joera berrien erakustoki nagusi bihurtuko da hirugarrenez. Tolosa&Co merkatarien elkarteak antolatuta, Tolosa&Co Fashion Show desfilearen edizio berri bat egingo dute, «herriko saltokien eta tokiko merkataritzaren talentua, aniztasuna eta potentziala balioan jartzeko asmoz».

Nerea Alias aurkezleak aurkeztuko du, eta Alai DJak girotuko du moda desfilea. Pasarelan zehar, Tolosaldeko eta inguruko 46 modelo ariko dira herriko 28 dendatako udaberri-uda denboraldiko jantzi eta osagarri onenak erakusten. Gainera, desfilearen erdialdean, Izaro Urrestarazu eta Sua Enparantza dantzariek osatutako Suaro taldearen eskutik dantza emanaldi berezi bat izango da ikusgai. Ilea apaintzeaz eta makillatzeaz Tolosako Inmakuladako ile-apainketa eta estetikako oinarrizko lanbide heziketako ikasleak arduratuko dira.

Erosketak errazteko teknologia eta hurbiltasuna

Tolosa&Co-k herritarrei eta ikusleei erraztasunak eman nahi dizkie pasarelan ikusitako jantziak eskuratzeko. Horretarako, Gogoko zerbitzua eskuragarri egongo da: WhatsApp bidez (688 750 783 zenbakira idatzita), edozein produktu erosi eta etxean jaso ahal izango da. Ekitaldia guztiz irekia eta doakoa da, ez da sarrerarik behar, eta antolatzaileek herritar guztiak gonbidatu nahi dituzte modaz gozatzera eta tokiko ekonomia babestera.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!