Herri Babesa herritarren eta ondasunen babesa bermatzeko helburua duen zerbitzu publikoa da, batik bat, arrisku handiko edota larrialdi edo hondamendi naturalekin lotutako kasuetan esku hartzen duena; herritarren segurtasuna eta bizia arriskuan egon daitekeenean, alegia. Lan boluntarioa da, eta gaur egun 16 pertsonak osatzen dute Tolosako Herri Babes taldea. Aurten ere boluntarioak gehitzeko kanpaina jarri dute martxan, «lantaldea indartzeko eta herritarrei zerbitzu hobea» helburuarekin.
Boluntario modura izena eman nahi dutenek udal erregistroan egin beharko dute eskaera, alkateari eta Udaltzaingoari zuzenduta. Eskaera horretan datu pertsonalak adierazi beharko dira, baita harremanetarako telefono zenbaki bat ere. Behin izena emanda, Herri Babeseko arduraduna beraiekin harremanetan jarriko da elkarrizketa egun bat adosteko. Herri Babeseko arduradunarekin eta Udaltzain buruarekin elkarrizketa egindakoan eta onartua izatean, asegurua egiten da zerbitzu guztietan babestua egoteko. Azkenik formakuntza prozesua hasten da, batzuk bertan ematen dira eta beste batzuk 112 Larrialdi Eskolan. Informazio gehiagorako herribabesa@gmail.com helbidera idatzi daiteke.
Bi lan-lerro nagusi ditu Herri Babesak. Batetik, larrialdi edo hondamendi naturaletan laguntza ematea larrialdietako euskal sistemako gainerako agenteekin (Udaltzaingoa, Suhiltzaileak, 112, osasun arloko zerbitzuak...) koordinatuta: uholde, elurte edo istripu larrietan. Larritasun txikiagoko intzidentziak ere artatzen dituzte, adibidez, haizete batean zuhaitzen bat erori eta bidean traba egiten badu, hori erretiratzeko lanak egin izan ditu Herri Babesak. Bestetik, herrian antolatzen diren ekitaldietan udalari laguntza ematea, parte hartzaile eta ikusle modura bertaratzen diren herritarren segurtasuna bermatzeko, esaterako, San Juan jaiak, Inauteriak, Gabonetako ekintzak, kultur ekintzak, kirol probak, etab.
Lan hori aurrez antolatu edo programatutakoa izan ohi da batzuetan; beste batzuetan, aldiz, azken orduan aktibatu daiteke, unean uneko gertakarien arabera. Lana boluntarioa da, baina, boluntarioek eurek aukeratzen dute zein zerbitzu eman, beraien ahalmenaren arabera, eta konpromiso familiar eta profesionalak albo batera utzi gabe. Boluntarioek udalaren estaldura judiziala eta asegurua dute boluntario lanak egiten dituzten bitartean.