Tolosako kale-izendegia bozkatzeko unea

Ataria 2026ko maiatzaren 22a

Parte hartze prozesuan proposamenak jaso ostean, maiatzaren 27an izango den ekitaldian bozka eman ahalko dute herritarrek.

Tolosako Udaleko Berdintasun Sailak parte hartzeko prozesu bat bultzatu du, Tolosako kale-izendegian emakumeek gure herrietako bizitza kultural, sozial, zientifiko eta politikoan egin dituzten ekarpen garrantzitsuak ikusarazteko. Behin proposamenak jaso direla eta hizkuntza aldetik egokiak direla egiaztatu ondoren, zerrenda bat sortu da eta maiatzaren 27an izango den Berdintasun Kontseiluan bozkatuko dira.

Honekin batera, hainbat gai jorratuko dira arratsaldeko 18:00etan pleno aretoan izango den Berdintasun Kontseiluan. Bestek beste, jabetze eskolaren 2025-2026ko udazken-neguko ikastaroen balorazioa emango da, Andragora, Tolosaldeko Emakumeen Etxeko azken albisteei buruzko informazioa helaraziko da eta 2026ko sanjoanetako kanpaina ere zabalduko da.
 
Kale-izendegiko proposamenei buruzko azken erabakia hartzeko, Berdintasun Kontseiluak onartu ondoren, Euskaltzaindiaren arauak eta irizpideak hartuko dira kontuan izendegi ofiziala ezartzeko. Era berean, izendegiak bete egin behar du unibokotasun-printzipioa, hau da, leku bakoitzak izen bat eduki behar du. Azkenik, erabakia hartzeari dagokionez, kontuan hartu behar da Tolosako Udalbatzari dagokiola azkenengo erabakia. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!