Mahaiaren inguruan ospatu dute Harri Jaia

Ataria 2026ko maiatzaren 21a

Aurten ere ohitura berritu eta Harri jai eguna ospatu dute Bedaion. Horrez gain, ekainaren 7an egingo dute Bedaioko mendi martxa.

Urteroko ohiturari jarraituz ospatu dute Harri jaia Bedaion. Asentsio egunetik zortzi egunetara egin dute aurten ere, eta toka-txapelketa, bazkaria, bertso saioa eta afaria izango dituzte, besteak beste.

Egun bereziko egitaraua elizkizun batekin hasi dute, 12:00etan, Andre Maria Jaiokundearen elizan. Bertatik abiatu eta prozesioa egingo dute San Isidrorekin, larreak eta soroak bedeinkatzeko. Eguerdian, berriz, Artubi elkartean bildu dira bazkaltzera hogeita hamar lagun pasatxo.

Arratsaldera begira bertsolarien saioa izango dute, eta eguna afariarekin amaituko dute, 20:30ean; hori ere, Artubi elkartean. 

Urteroko hitzordua

Harri jaia bakarrik ez, Bedaion urtero hutsik egin gabe antolatzen duten beste hitzordu bat da Bedaioko mendi martxa; eta, aurten, ekainaren 7an egingo dute.

Ibilbidearen bitartez Bedaioko inguru naturalak ezagutzeko aukera ematen du ekimenak, eta bidean zehar hainbat anoa gune jarriko dituzte. Bukaeran, ohitura duten bezala, haragi egosia, txorizoa eta salda banatuko dituzte bertaratzen direnentzat.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!