200 musikari elkartuko ditu Musikherriak, maiatzaren 30ean

Josu Artutxa Dorronsoro 2026ko maiatzaren 21a

Isidro Larrañaga musika eskolako trikiti ikasleak, iazko edizioan. I. G.

20 musika taldek parte hartuko dute kaleko musikaren festaren hamabigarren edizioan. Bazkari herrikoirako txartelak larunbatetik aurrera egongo dira salgai.

Tolosa eta bere kaleak prest daude Musikherriaren hamabigarren edizioarekin gozatzeko. Maiatzaren 30ean izango da, eta herriko musika taldeak jai-giroan elkartuko dira, askotariko doinuak herriko zenbait txokotan interpretatzeko. 200 musikari inguru bilduko dira, hogei musika taldetan banatuta.

10:00etan hasita, Tolosako dultzaineroek, Giro Arte dultzainero taldeak, Udaberri fanfarreak eta Iraunkorrak txarangak dianak egingo dituzte Larramendi, Amarotz, Belate, Izaskun, San Esteban, Iurre eta Berazubi auzoetan. 11:00etatik aurrera, berriz, erdigunean joko dute Eduardo Mokoroa eta Isidro Larrañaga musika eskoletako ikasleek, Konponezinak txarangak, Uztaritzeko Herri Soinua elkarteak eta Tolosako txistulariek.

12:00etan, askotariko estilotako zenbait musika taldek kontzertuak egingo dituzte herriko hiru gunetan: Lopez-Mendizabal pasealekuan eta Euskal Herria plazan, Isidro Larrañaga musika eskolan sortutako taldeek eta akordeoi orkestrak; Plaza Berrian, berriz, Hodeiertz eta Lask abesbatzek, Eduardo Mokoroako ikasleen bandak eta klarinete taldeak. Bestetik, Tolosa Kantari Alde Zaharrean ariko da.

14:30ean, Zerkausiko bazkari herrikoian elkartuko dira. Parte-hartzaileak gonbidatuta daude, baina herritar orok du bertan bazkaltzeko aukera, txartela erosita. Larunbatetik aurrera egongo dira salgai Xirimiri eta Orbela tabernetan, 15 euroan; 14 urtez azpiko haurrenak, 10 euroan. Laskorain ikastolak prestatuko du bazkaria, eta irabaziak Zutani elkartearentzat izango dira.

Arratsaldea girotzeko, jai-giroko erritmoak eta erritmo bereziak nahasten dituen Les Incognitos taldeak Alde Zaharra girotuko du, 18:00etan hasita. Gauean, berriz, bi kontzertu izango dira Euskal Herria plazan. 22:30ean, Moonshine Wagon heavy-bluegrass estiloko talde gasteiztarrak egingo du saioa. 00:00etan, berriz, Olloki taldea igoko da oholtzara. Andoni Oilokiegi musikari pasaitarraren proiektu berria da, eta rocka, pop-rocka eta ukitu elektronikoak uztartzen ditu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!