Euskara 20 euroan ikasteko aukera Aitzol Udal Euskaltegian

Josu Artutxa Dorronsoro 2026ko maiatzaren 21a

Zabalik da Tolosako euskaltegian datorren ikasturterako aurrematrikula egiteko epea, ekainaren 19ra arte. Udalak diruz lagunduko ditu herrian erroldatutako ikasleak.

2026-2027 ikasturtean Tolosan euskara ikasi nahi dutenek Aitzol Udal Euskaltegian izena emateko aukera dute ekainaren 19a baino lehen. Zabaldu dutena aurrematrikula egiteko epea da, eta, beraz, irailean, matrikula eginda berretsi beharko da izen-ematea. Nolanahi ere, aurrematrikulatzea «garrantzitsua» dela esan du udalak. «Eskaerek eskainitako plaza kopurua gaindituko balute, hau da, ikasleak hautatu beharko balitugu, kontuan hartuko genuke aurrematrikula egina izatea. Beraz, euskaltegian ikasteko asmoa izanez gero, komeni da aurrematrikula egitea».

Maila guztietako ikastaroak izaten dira Tolosako euskaltegian: abiapuntuko A0 mailatik hasi, eta C2 tituluraino. Goizean eta arratsaldean, bietan izango dira eskolak aukeran, eta, ikas-ereduari dagokionez, hiru sistema daude: aurrez aurreko eskolak, online autoikaskuntza eta bi eredu horien artekoa. Tolosan erroldatuta egon ala ez, 16 urtetik gorakoek eman dezakete izena.

Ikastaroaren tarifa aldakorra da, ordu kopuruaren arabera. 2026-2027 ikasturtean, hauek izango dira orduko prezioak: aurrez aurreko eskoletan 1,42 euro, bi ereduen artekoan 2 euro, eta autoikaskuntzan 2,56 euro. C2 mailan bestelakoa da prezioa, ikasketa horien berezitasunagatik: aurrez aurre, 2,14 euro orduko; autoikaskuntzan, berriz, 3,84 euro orduko. Matrikula doakoa da familia ugarietako edo guraso bakarreko familietako kideentzat eta diru-sarrerak bermatzeko euskal sistemaren prestazioak jasotzeko baldintza ekonomikoak betetzen dituztenentzat.

Diru laguntzak eta 'Euskara Bonua'

Tolosako Udalak diru laguntzak ematen dizkiete Tolosan erroldatutako ikasleei, hain justu, ikastaroaren kopuru bat ordaintzen die: A1, A2, B1 eta B2 mailetan % 95ekoa da laguntza, C1 mailan % 75ekoa, eta C2 mailan, % 50ekoa. Laguntza jasotzeko, eskoletan % 85eko asistentzia izan behar da.

Tolosan erroldatutako ikasleei, ikasturte hasieran aplikatzen zaie diruz lagungarri den ehunekoa. B2 mailara arte, ikasleak matrikularen % 5 soilik ordaindu behar du; C1ean matrikularen % 25, eta C2an % 50. Esaterako, A0 mailatik B2ra arteko ikasleek 20 euro inguru ordaintzen dute. Ikasturtea egoki betez gero, ez dute gehiago ordaindu behar; baldintzak bete ezean, ordea, falta zaien zatia ere kobratzen zaie.

Beste erakunde batzuek ere ematen dute laguntza. Eusko Jaurlaritzak iragarria du datorren ikasturtean Euskara Bonua sistema jarriko duela martxan, B1 mailara arte. 120 euro ordaindu beharko da, eta, behin eskuratuta, aukera izango da lau ikasturtetan euskaltegian ikasteko, gehiago ordaindu gabe.

Bi modutan egin daiteke aurrematrikula: online, Izenematea.tolosa.eus webgunean, edo aurrez aurre, Rondilla kaleko 34. zenbakiko Gorosabel eraikineko hirugarren solairuan dagoen euskaltegiko idazkaritzan, ondorengo ordutegian: asteazkenetan, 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:30era, eta gainerako astegunetan 8:30etik 14:30era; ekainaren 1etik aurrera egunero egongo da aukera, asteazkenetako ordutegi berean. Edozein zalantza argitu nahi duenak, 943 651 006 zenbakira deitu 684 803 774 zenbakira whatsapp bat idatzi edo aitzolue@tolosa.eus helbide elektronikora mezua bidali dezake.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!