Iñaki Gereñu eta Lander Zalakain tolosarrek osatzen duten Gere proiektuak 23.556 diskoa argitaratu du gaur plataforma digital guztietan; bere lehen lan luzea da. Peachy Joke musika taldean aritutakoa da Gereñu, eta bera da proiektuaren arduraduna. Zalakain, berriz, Belako taldeko bateria-jotzailea da.
Hamar abestik osatzen dute bilduma berria, eta horiek unibertso bat eraikitzen dute: «gaueko argiez jantzitako paisaia distopiko eta nostalgikoetara daraman bidaia emozionala». Elektronika zinematografikoa, pop sintetikoa eta melankolia dantzagarria uztartzen ditu lanak. Hans Krügerrekin ekoitzi eta grabatu dute diskoa Zubitzako (Nafarroa) Montreal estudioetan.
Barruko zauriak eta maitasuna uztartzen dituen atmosfera hotz eta emozio gordinen artean, Gerek identitate propioa sortzen du euskarazko musikaren barruan. «Daft Punk, Chromatics, Kavinsky edo Vangelis taldeen erreferentzien oihartzunak antzeman daitezkeen arren, 23.556 ez da nostalgia ariketa bat, gaur egungo begiradatik eraikitako unibertso propioa baizik», esan du Gereñuk.
Datozen hilabeteetan zuzeneko kontzertuetan aurkeztuko dute lan berria. Lehen emanaldia Donostiako Kutxa Fundazioa Klubean egingo dute ekainaren 6an, larunbata. 20:00etan hasiko da kontzertua, eta Gereren ondoren, Saguxar ariko da. Sarrerak Bideanprodukzioak.com webgunean erosi daitezke, 12 euroan. Zuzeneko saioetarako proposamen «bisual indartsua» prestatu dute. «Neon argiekin eraikitako eszenografia, sintetizadoreak, gitarra, bateria akustikoa eta zuzeneko elektronika uztartuko ditugu».