Haurtzaroan, Olentzeroren opariak jasotzean, dibertigarriagoa zen kaxarekin jolastea barruan zeraman opariarekin baino», adierazi zuen Goiuri Eceiza Tolosako Udaleko kultura zinegotziak Topic museoko Anbigu aretoan ikusgai jarri duten Uxue Lasa Ameztoi artista getariarraren erakusketaren aurkezpenean. Kutxak, gorputzak eta altxorrak du izena Lasaren bildumak, eta ekainaren 28ra arte bisitatu daiteke.
Zer dute kutxek? Zer gorputzek? Zer altxorrek? Galdera horiek sortu zitzaizkion Ainara Martin Topic-eko zuzendariari Lasak Alkizako Ur Mara museoan jarritako kutxen bilduma txikia ikusi zuenean. «Asko hunkitu ninduen Uxueren lanak. Unibertso handi bat da espazio txiki batean. Hori dute arte eszenikoek, eta batez ere, txotxongiloek; haien mundu osoa sartu daiteke kutxatxo batean».
Martinek gaineratu du Lasaren bildumako lanek «zuzeneko edo zeharkako» lotura dutela txotxongiloen museoarekin. «Gorputzaren errepresentazioa dago, panpinak daude, baita arte eszenikoarekin lotura duten lan handi eta politak ere», adierazi du Topic-eko zuzendariak. Horrela sortu zen erakusketa Tolosara eramateko aukera. «Harritu egin ninduen gonbidapenak, baina uste dut nire lana ondo egokitzen dela museora eta bere testuingurura», esan du Lasak.
Olentzeroren oparien alderaketari helduz, Eceizak argitu du Lasarena «oso bestelako lana» dela. «Hau ez da haurtzaroko jolas bat, lan profesional bat baizik, baina badu ideia magiko hori. Kaxena oso kontzeptu interesgarria da, eta erakusketa bera txundigarria da. Bilduma ikustean topo egin dezakegu kaxekin jolasteko guztiok barruan dugun grinarekin», esan du. Zinegotziak gaineratu du «plazer handia» dela Topic bezalako espazio batean bertako emakume sortzaile bati lekua egitea.
Kutxa «kuttunenak»
Rosa Valverderen ikaslea izan zen Lasa, eta bertatik ikasi eta garatu zuen kutxen gaia. Amaigabeko eta alegiazko munduak sortzeko aukera ematen dio, eta surrealismoak eta absurdo existentzialak hartzen dute tramaren zati handi bat.
Topic-eko erakusketan bere ibilbide artistikoaren alderdi pertsonalena erakusten du Lasak. «Gehien gustatzen zaizkidan lanak ekarri ditut erakusketara, bereziki, kutxak, azken 20 urteetan egindakoak, etxean dauzkadanak eta saldu ez ditudanak, hau da, kuttunenak. Urteetan jasotako objektu eta altxorrak kutxetan sartu eta ametsak diruditen konposizioak osatu ditut».
Eskultura handiagoak ere ikusi daitezke erakusketan, estilo berekoak, baina beste testuinguru batekoak. «Kutxetatik kanpo utzi ditut barruan egon zitezkeen gorputz, izaki eta paisaia surrealista handiagoak», esan du artistak.
'World-specific' artea
Kutxetatik kanpoko lanen artean bada nabarmendu beharreko bat, Palestinako genozidioari buruzkoa. Hildako haur bat irudikatzen duen panpina bat ikusi daiteke, palestinar bandera baten gainean. «Azken urteetan Palestinan gertatzen ari dena gure bizitzen parte da. Sufritu egiten dut egoera ikusita, eta keinu bat egin nahi izan diot».
Artean bada termino bat espazio baterako apropos egindako lanei erreferentzia egiteko erabiltzen dena: site-specific artea. Topic-eko zuzendariaren hitzetan, Palestinako genozidioari buruzko lanarekin «world-specific artea» egin du Lasak. «Munduari egindako dei bat da. Gerra eta genozidio guztien aurkako aldarrikapena egin behar badugu, kulturaren, eta bereziki artearen bitartez egin dezakegu, elkarkidetza, elkarbizitza eta bakea sustatzeko». Martinek sortzaile getariarra eskertu du, eta esan du Tolosako museoarentzat «oso garrantzitsua» dela bertan egotea.
Natura, arte bilakatuta
Getariarra beti dago prest teknika berriak esperimentatzeko, eta gai da erabili gabeko materialekin helburu berriak jartzeko. Bere lanetan garrantzi nabarmena du koloreak; freskotasuna eta aire informala ematen dio. Vicente Ameztoi senidearen eragina nabaria du, besteak beste, lanari heldu eta garatzeko moduan. Tolosako bildumarako naturatik hartutako «altxorrak» erabili ditu: Harriak, garoa, likena, loreak, hezurrak, makilak... birziklatutako materialak dira, etxean edukitzen ditudanak. «Azken finean, natura, arte bilakatuta», adierazi du.
«Lan askea» osatu du Lasak. «Oso zaila da zer adierazi nahi dudan esatea. Adierazteko modu bat da, helburu jakinik gabekoa. Nire irudimena irudikatzen dut lanetan, baina ez dut gehiegi hausnartzen asmoei buruz; txikitatik egin dudan zerbait da», azaldu du.