1998an egin zuen lehen espedizioa Himalaian Edurne Pasaban Lizarribarrek (Tolosa, 1973), baina 2001ean heldu zen munduko sabaira, Everestera. Hurrengo bederatzi urteetan igo zituen gainerako hamahiru zortzimilakoak; bera izan zen lehen emakumea. Handik aurrera, bigarren bizitza bat hasi zuela dio. Orain, «atzerrian» bizi da, Tolosan beti sentitzen delako «etxean», eta han eta hemen mendiaren balioak transmititzen saiatzen da. Eskuartean du udazkenean argitaratu zuten Edurne Pasaban komikia.
Zenbat aldiz irakurri duzu komikia?
Argitaratu zutenetik, behin bakarrik, nire semearekin, baina ordura arteko prozesuan zehar, behin baino gehiagotan. Ramonek [Olasagasti] kapitulu bakoitza amaitzean pasatzen zizkidan testuak, ilustrazioak egin aurretik.
Eta zer iruditzen zaizu?
Sekulako oparia da zure bizitza komiki batean jasota egotea. Oso ondo idatzita dago, eta erantzuna ona izaten ari da. Oso pozik nago.
Zer helburu du?
Edurne Pasabanen historia jendeari kontatzea. Lehendik bazen niri buruzko liburu bat: 14 veces ochomil. Horretan, ordea, hamalau zortzimilakoen erronka bakarrik kontatzen da, eta beti sumatzen nion zerbaiten falta. Ramonekin hitz egin nuen, eta esan nion oso garrantzitsua zela nondik nentorren kontatzea, espedizioetan hasi aurreko historia guztia, alegia. Tolosa mapan kokatzea eta tolosarrek mendiarekiko dugun kultura ezagutaraztea nahi nuen.
Zertarako balio du?
Hasteko, konturatzeko edonor ez dela bere ametsak betetzera heltzen besterik gabe, nire kasuan, zortzimilako bat igotzera. Bestetik, jabetzeko Tolosak mendiaren eta eskiaren kultura handia duela. Jendea harritu egiten da gure herrian hiru mendi elkarte daudela jakitean.
Nolakoa izan zen zure haurtzaroa? Gurasoekin zenbait irteera egingo zenituen Echo bailarara.
Tolosar asko bezala, Aralarren hazi eta hezi ninduten. Bertan egin nituen lehen ibilaldiak, baita eskiekin ere. Gurasoek karabana txiki bat zuten, eta opor garaian Pirinioetara eramaten ninduten. Garai hartan mendia oso gustuko zutenak bakarrik ibiltzen ziren karabanarekin hara eta hona. Hori asko aldatu da. Gurasoek txikitatik sartu didate mendiarekiko zaletasuna, haiek ere bazutelako. Ez ziren batere nagiak, eta oso eskertuta nago.
Nerabezaroan, Oargi Mendi Taldean izena eman, eskaladako ikastaro bat egin, eta taldeko lagunekin Mont Blancera, Cervinora eta Andeetara joan zinen. Gozatzen hasiko zinen. Zer pasatzen zitzaizun burutik?
14-15 urterekin, Tolosan ez nuen gauza handirik egiteko; akaso, beste norbaitek nahiago zuen Beotibarrera dantzatzera joan edo San Frantzisko pasealekuan bankuan eserita egon, baina horrek ez ninduen asetzen. Plan ederra zen igandeetan egun osoko irteerak egitea. Ate berriak ireki zitzaizkidan, eta pertsona berriak ezagutu nituen. Gaur egun, ama baten ikuspegitik begiratzen dut, eta pentsatzen dut nire gurasoak oso ausartak izan zirela, askatasun handia ematen zidatelako. Horri esker iritsi naiz naizena izatera.
1997ko neguan, Iruñera joan zineten Oargiko lagunak. Dhaulagiriko espedizioa zenuten begiz jota, eta aholku eske joan zineten. Gogoan duzu?
Zortzimilako bat igo nahi genuen, bost axola zigun izenak, baina gure ametsa zen. Gregorio Ariz eta Pili Gamuzarengana joan ginen; 1979an Dhaulagirin izan ziren, eta Asier lehengusuak harremana zuen Gregoriorekin. Orduan hala egiten ziren gauzak. Zortzimilako bat egina zuen norbait ezagutuz gero, harengana joan behar zen gomendio eske. Ederki gogoratzen naiz nola ikusi genuen 1979ko igoerako dokumentala, eta nola animatzen gintuzten bertara joatera.
1998an joan zineten, baina Asier sokakide eta lehengusuak ezin izan zuen. Gainera, baldintza meteorologikoengatik, bertan behera utzi zenuten erronka. 1999an, Everesten, helburua betetzear zinetela, aurre-aurrean bizi zenuen belgikar alpinista baten heriotza. Lehen bi saiakerak ez ziren gustagarriak izan. Nola gogoratzen dituzu?
Bi momentu horiek gogoratzen ditudan bakoitzean, «zertan ari zinen pentsatzen aurrera jarraitzeko?» galdetzen dut neure baitan. Dhaulagirin ekaitz handiak harrapatu gintuen, eta oso gogorra izan zen. Hirugarren kanpalekuan geunden, eta ez geneukan gailurik tontorrean nolako baldintzak zeuden jakiteko; gaur egun, uneoro daukagu informazioa. Everesten, berriz, 8.000 metrotara, pertsona bat maldan behera erortzen ikusi eta ezin laguntzea ikaragarri gogorra izan zen.
Hori bizi ondoren, ez al zenuen pentsatu alpinismoa, tarte baterako edo, albo batera uztea?
Ez. Oso barneratua nuen zortzimilakoen erronka, eta erlazio sentimental bat nuen italiar alpinista batekin. Gainera, sokada onean nengoen; sokakideek jakinduria handia zuten, eta aukera ona zen jarraitzea.
2001ean, Everestera heldu zinen. Zure lehen zortzimilakoa, zer, eta munduko sabaia. Hirugarren saiakeran lortu zenuten, hegoaldeko ohiko bidetik; lehen biak iparraldeko aurpegitik egin zenituzten.
2001ean sortu zitzaigun hegoaldetik joateko aukera. Gainera, 1999an eta 2000an, oxigenorik gabe igotzen saiatu ginen. Zortzimilako bat igotzeko beharra sentitzen nuen, gehienbat, kirolari modura laguntza ekonomikoa edo babesa jasotzeagatik. Emaitza bat behar nuen, eta 2001eko erronkaren ondoren, gauzak aldatzen hasi ziren.
Zer gogoratzen duzu lorpen hartaz? Pentsa, duela 25 urte izan zen.
Nola pasatzen den denbora. Oso azkar igaro dira 25 urte. Gogoan dut poz handia sentitu nuela. Lau urte ziren zortzimilako batera igotzeko saiakerak egiten ari nintzela. Azkenean, jabetu nintzen lortzeko gai nintzela, non, eta munduko gailurrik altuenean. Laguntza handia izan zen hurrengo igoeretarako. Hala ere, orduan, oso urruti ikusten nuen hamalau zortzimilakoak egiteko erronka; ez zen logikoa izango horretan pentsatzea. Inork ez zuen gaur egun bezain eskuragarri ikusten. Orduan oso zaila zen Himalaiara joatea; ez zegoen horrenbeste espedizio. Eta gainera, gogorra zen.
Gero, bost gailur igo zenituen bi urteren buruan: Makalu, Cho Oyu, Lotse eta bi Gasherbrumak. Badirudi Everestekoa bultzada izan zela.
Ondo aprobetxatutako momentuak izan ziren. Alde batera utzi nuen alpinista italiarrekin nuen harremana, eta inguruan hasi nintzen sokakide bila. Euskal herritarroi asko gustatzen zitzaigun Himalaiara joan eta zortzimilakoetara igotzea, eta beti aurkitzen zenuen norbait espedizio berean joateko. Lotsera, esaterako, Jon Goikoetxea ibartarrarekin igo nintzen. Gasherbrum mendietako espedizioetan, berriz, Al filo de lo imposible proiektura batu nintzen. Ate berri bat zabaldu zitzaidan orduan. Nire kabuz dirua eta sokakideak lortu ordez, dagoeneko ahalmen handia zuen talde batean sartu nintzen.
Ondoren, K2 igo zenuen. Zu izan zinen gailurrera iritsi eta bizirik atera zen lehen emakume alpinista. Gerora, oso gutxik lortu dute. Bertan, gainera, bi behatz galdu zenituen. Hura izan da, akaso, inoiz egin duzun erronkarik gogorrena?
Oso gogorra izan zen; munduko gailurrik zailenetakoa da, zailena ez bada. Hara joatea proposatu zidatenean, erronka hura ez zegoen nire aurreikuspenen artean. Ez nengoen prest, gehienbat, igotzen ziren bost alpinistetatik hiru bakarrik itzultzen zirelako bizirik, eta emakumeen artean, bat bera ere ez. Hala ere, oso aukera ona zen. Lehen igoeraren 50. urteurrena zen, eta talde ezin hobea genuen, Juan Vallejo, Mikel Zabaltza eta Juanito Oiartzabal, tartean. Euskal Herriko mendizale onenak ziren. Ni ez naiz gauzak gehiegi pentsatzen dituen pertsona, bestela, ez nintzen aukera hura baliatzera joango, baina, lehen aldiz, benetako beldurra sentitu nuen. Azkenean, aukera aprobetxatu genuen.
Komikian, 'Elur Zuloa' izeneko kapitulua dago, oso esanguratsua. Hain justu, adinez ama izateko garaia, gurasoek Abeletxen lan egiteko esaten dizuten momentua, psikiatrareneko saioak... nola oroitzen duzu garai hura?
Nire bizitzako une gogorrenetako bat izan zen. Gizartetik baztertuta sentitzen nintzen, eta zenbait galdera nituen buruan, erantzuteko zailak. Zulo hartaz oroitzen naizen aldiro gogoratzen naiz zeinen gaizki pasatu nuen Himalaian. Antsietatea sentitzen nuen, eta nire bizitza pikutara bidaltzeko gogoa.
Baina, berehala, lurmentzea etorri zen, elurra urtu eta lurra bistaratzea. Zure kasuan, mendirako grina eta gogoa berreskuratu zenuen. Eta hara zer, eta Asier Izagirre lehengusuarekin 2006an Shisha Pangmara joan zinen.
Mendiari egotzi nion elur zuloan erori izanaren errua, baina mendiak atera ninduen berriro handik. Ez ginen gailurrera iritsi, baina inflexio-puntu bat izan zen niretzat. Asier oso pertsona berezia da nire bizitzan. Momentu zail hartan, nire ondoan egon zen, eta argi nuen mendian jarraituz gero, berarekin izan behar zuela. Al filo de lo imposibleko kideekin hitz egin nuen, eta esan nien jarraituko nuela, baina Asierrek proiektuan egon behar zuela, bestela, ezinezkoa izango zelako. Hura izan zen nire argia.
«Mendiari egotzi nion elur zuloan erori izanaren errua, baina mendiak atera ninduen berriro handik»
Komikian bada esaldi sakon bat: «Igotzeko mendirik zailenak gure baitan daude, zortzimilakotik gorakoak sarri».
Norberak jartzen dizkio zortzimilakoak bere buruari. Askotan, ez gara jabetzen geure barruan zer daukagun, zer mendi ari garen eskalatzen. Gaur egun zaila da norbera mentalki osasuntsu ez dagoela onartzea, eta horri ikusgarritasuna ematea.
Heriotza aipatu dugu lehen. 2007ko urtarrilean, Tallon eskalatzen ari zinetela, hiru sokakidek galdu zuten bizia, irrist egin eta 300 metro behera amildu ondoren. Gero, depresio sakon batean murgildu zinen. Hura izan zen zure bizitzako momentu gogorrena?
Bai. Zure lagun onenetako hiruk bizia galtzea sekulako kolpea da. Gainera, horri buruz galdetzen didaten bakoitzean, momentu hartan pentsatzen dut, eta mina barruan sentitzen dut. Betirako izango dut gogoan une hura.
Zenbat aldiz pentsatu izan duzu mendian zinela, halakorik gertatu ahal zitzaizula?
Inoiz. Beti pentsatu dut, edo argi izan dut, behintzat, han ez nintzela geratuko, bestela ez nintzen joango. Badakit gertatu zitzaidakeela, baina inoiz ez nuen horri buruz hitz egiten.
Urte hartako uztailean itzuli zinen Himalaiara, eta Broad Peak gailurrerako espedizioan sortu zen hamalau zortzimilakoak igotzeko proiektua, 'Al filo de lo imposible' saioaren bueltan. Nola gogoratzen duzu?
Han ikusi nuen elur zulotik ateratzeko argia, eta handik itzulitakoan lortu nuen ateratzea. Sokakide oso onak nituen ondoan, eta hura zen unea. Ordura arte zaletasuna izan zena profesionalizatzen hasi zen. Mendian bizi izan dudan garai onena izan zen.
2008an, ziklo bat itxi zenuten: Dhaulagirira hamar urte beranduago itzuli eta gailurrera iritsi. Urte berean, Manaslura ere igo zineten. Gertuago zenuten erronka.
Urte biribila izan zen. Giro ederra genuen taldean, eta horrek ikaragarri lagundu zigun. Kuadrillako lagun onenekin gustukoen duzuna egitearen parekoa zen.
Beste mugarri bat Kangchenjunga izan zen, 2009an. 'Elurretako bost altxorrak' esan nahi du. Nepaleraz 'kang' elurra da, eta bost gailur ditu. Ahaztezina, batez ere, jaitsiera oso gogorra izan zelako, eta oso justu iritsi zinelako kanpalekura.
Orduko sokakideei esker kontatu dezaket orain han gertatutakoa. Ordura arte, oso alpinista gutxi igo ziren Kangchenjungara. Bailara urrun batean dago, eta, gainera, zailtasun handia du, oso teknikoa delako. Behin han geundela, gehiegi estutu nuen; sukarra nuen, eta ia ezin nuen hitz egin. Espedizioan mediku bat izango bagenu, ez ninduen gailurrera joaten utziko. Gero, jaitsieran, odolkiak ordainetan etorri zitzaizkidan, eta 7.700 metrotatik behe-kanpalekuraino jaitsi ninduten.
Orduan, bost emakume zineten hamalau zortzimilakoak igotzeko lehen hautagaiak; behintzat, lehia hori elikatzen hasi zen jendea. Kangchenjungan, hain justu, lau elkartu zineten. Nola bizi izan zenuen zuk lehia hori?
Aitortu behar dut Gerlinde Kaltenbrunnerrek, Nives Meroik eta hirurok ez genuela lehia modura bizi izan. Gure artean oso harreman ona genuen, eta bat egiten genuen zenbait espediziotan. 2007an, korearrak azaldu ziren: Oh Eun-sun eta Go Mi-sun; haien artean bazen borroka, gobernuak diru asko jarri zuelako. Gainera, sherpek ikaragarri laguntzen zieten; beti prestatzen zieten hurrengo gailurrerako igoera. Haien aurrekontuek ez zuten zerikusirik gureekin.
Azkenean, Annapurna eta Shisha Pangma, elkarren segidan, eta haiekin, 14 zortzimilakoak. Nola gogoratzen duzu balentria hura? Eta zer suposatu zuen 14ak igotzeak eta lehen emakumea izateak?
Ametsa betetzea izan zen. Komikian ikusten den bezala, bost lagun hasi ginen mendiaz gozatzen, eta mendiaz bizitzen amaitu genuen. Balio handia du horrek. Era berean, beste zulo beltz batean erortzeko beldurra ere sentitu nuen. Hamar urtez aritu ginen lanean buru-belarri erronka betetzeko, eta une horretan ez genuen beste helbururik. Bestalde, oso urrun ikusten dut. Beti esaten dut bi bizitza izan ditudala. Batetik, hamar urteko etapa hura, eta bestetik, orain bizitzen ari naizena: amatasuna, lana, etxekoekin egotea...
14 zortzimilakoak igotzearekin nahikoa ez, eta guztiak oxigeno artifizialik gabe igotzeko erronkari heldu zenion 2011n. Horretarako, Everest geratzen zitzaizun, baina ezinezkoa izan zen.
Erronka erraldoia zen, baina eragozpenez betetako saiakera izan zen, tartean, baldintza meteorologiko txarrak eta Juanitoren erreskatea. Kolpe handia izan zen Juanitorena, eta desilusio handia sentitu nuen, baita gogo falta ere. Nahiko traumatikoa izan zen, eta erabaki genuen berriro ez itzultzea. Orain mendiaren falta sumatzen dut, edo, behintzat, bizi izandako guztiarena. Hala ere, pentsatzen jarrita, iruditzen zait erabaki ezin hobea hartu genuela.
Gaur egun, Everestera igotzea moda bilakatu da. Jendetza ikusi izan da zenbait unetan. Zer iritzi duzu horri buruz?
Pena handia ematen dit. Zirku bat bihurtu da, negozio bat. Azken urteetan aukera izan dut behe-kanpalekura joateko, xendazaletasuna eginez taldeak eraman izan ditudalako, eta ikusi dut zer giro dagoen. Gu kanpalekura joaten ginenean, sekulako festa izaten genuen, ondoko kanpalekuetakoak ezagutzen genituelako. Lau katu ginen, gauza bera egiten. Gaur egun herrialde moduko bat da, erabat inpertsonala. Ez dakizu nor dagoen zure kanpin dendaren ondoan. Sekulako zortea izan genuen, Himalaia bizitzako beste momentu batean ezagutu genuelako.
«Sekulako zortea izan genuen, Himalaia bizitzako beste momentu batean ezagutu genuelako»
Asko aldatu dira zortzimilakoetara joateko Euskal Herrian antolatzen diren espedizioak. Alpinistek nahiago dituzte sei edo zazpi mila metroko gailurrak.
Normala da. Nik ere, gaztea banintz eta aukera izango banu, ingurune eta bide berriak bilatuko nituzke. Hala ere, oso zaila da horretarako finantziazioa lortzea, eta hori sekulako zoritxarra da. Egoera penagarria da.
Eta zenbat aldatu zen Edurne Pasaban 2001eko lehen zortzimilakotik 2010eko hamalaugarrenera, eta zenbat 2010etik gaur egunera?
Ez da asko aldatu. Mendirako gogoa eta ilusioa orduko berberak dira, baina ikasi dut zenbait momentutan bizitzara egokitzen. Gaztea nintzenean une guztiak aprobetxatzen nituen, eta, orain, ama banaiz ere, esentzia bera daukat. Duela gutxi Txilen izan naiz hitzaldi bat ematen, eta hara joan aurretik, Santiago inguruan dauden 5.000 metro inguruko mendietara joateko asmoa nuen, bizpahiru egunetarako. Oraindik barruan daramat mendirako arra.
«Mendiak ez du ulertzen eskalatzen duena gizona ala emakumea den, eta edozer gertatu daiteke»
Emakume izateagatik entzun al dituzu lekuz kanpoko komentarioak? Zer esan izan dizute ondoan izan dituzun alpinista edo sokakideek?
Eskalatzen hasi ginenean, bakarren bat entzun nuen, baina inoiz ez diet garrantzirik eman. Lehen, gizonezkoenak ziren eskalada eta alpinismoa, eta gure kasuan, mendi jakin batzuetako gailurrak zapaltzeko gai ginela erakutsi behar genuen. «Zuk egin baduzu, nik ere egin dezaket», entzuten nuen gero gizonengandik, baina ez da horrela. Mendiak ez du ulertzen eskalatzen duena gizona ala emakumea den, eta edozer gertatu daiteke. Nire sokakide gehienak gizonezkoak izan dira, eta inoiz ez dute halakorik pentsatu; oso gustura sentitu izan naiz haien ondoan.
Zure ibilbidean zehar, zenbait sari jaso dituzu. Zein da garrantzitsuena?
Nire herriak herritar kuttun izendatzea; inoiz egin diezazuketen aitortzarik handiena da, eta bihotzean gordeta daukat une hura. Bestetik, mendi giroan edo mendiari buruzko jaialdi edo ekitaldietan jasotakoak nabarmenduko nituzke, ez dizkidatelako eman egindako lorpenengatik, transmititutako balioengatik baizik.
Zer eman dizu mendiak?
Askatasuna, nik aukeratu dudalako egin nahi nuena. Lagun asko ere eman dizkit.
Zu bezalakoei esker, Tolosaldean areagotuko zen mendirako zaletasuna. Kontziente zara?
Baliteke, baina euskaldunok betidanik izan dugu mendirako zaletasuna. Egia da erreferenteak gertu izateak asko laguntzen duela zaletasuna areagotzen. Askotan, ez da erraza eredugarri izatea, onerako ala txarrerako izan zaitezkeelako. Erreferente ona izatea ardura handia da.
Tolosaren izena munduan zehar zabaldu duzu. Zer sentitzen duzu jaioterrira etortzean?
Hemendik kanpo bizi naizenean, beti sentitzen naiz atzerrian. Oso argi daukat hau beti izango dela nire etxea. Niri asko eman dit Tolosak.
Gaur egun, hitzaldiak ematen dituzu enpresetan. Zertarako?
Coaching-ari buruzko master bat egin nuen, eta orain munduan zehar egiten ditut saioak; oso gustura ari naiz. Himalaian eta alpinismoan ikasitako lezioak ez dira enpresa mundutik asko urruntzen. Taldeak gidatzen eta momentu zailei aurre egiten ikasi dut, eta hori transmititzen saiatzen naiz.
Pentsatu duzu egunen batean Himalaiara itzultzea?
Ez nuke baztertuko noizbait semearekin joatea. Beti daukat amets hori buruan. Ikusiko dugu ea betetzen dudan.
Motzean
Mendi bat? Txindoki.
Alpinista bat? Wanda Rutkiewicz.
Gehien igo duzun mendia? Uzturre. Etxera joatean bertan egiten dut beti korrika saioa.
Eta inoiz igo ez duzuna, baina nahiko zenukeena? Ama Dablam, Himalayan.
Mendira joateko sasoi edo garai onena? Urte guztian zehar.
Elurtutako mendi bideak ala elurrik gabeak? Biak. Eskiekin asko ibiltzen naiz.
Erreferente bat? Gurasoak.
Definitu hitz batean...
Asier Izagirre. Anaia.
Pili Ganuza. Eredua.
Silvio Mondinelli. Gidaria.
Alberto Zerain. Miresmena.
Ferran Latorre. Laguna eta anaia arteko zerbait.
Mikel Zabaltza. Profesionaltasuna.
Ivan Vallejo. Konstantzia.
Nacho Orviz. Indarra.
Juanito Oiartzabal. Mentore.
Gerlinde Kaltenbrunner. Ahizpa.
Nives Meroi. Laguna.
Uzturre. Jaiotetxea.
Oargi Mendi Taldea. Eskola.

