Elkarrizketa

«Medikuntzak izaera androzentrikoa izan du beti»

Leyre Carrasco 2026ko maiatzaren 19a

Maite Campo Iparragirre ikerlariak Generoa eta osasuna hitzaldia emango du ostegunean, Andragoran. Gizonen eta emakumeen arteko desparekotasunak osasunean eta arretan izango ditu hizpide.

Maite Campo Iparragirre EHUko OPIK taldeko ikerlaria da, eta bere ikerketa-jarduera bi arlo handitan banatu du: alde batetik, osasun-arloko desberdintasunak eta horien zergatiak, eta, bestetik, dinamika demografikoa eta horretan esku hartzen duten prozesuak. Horren inguruan ariko da ostegunean, hilak 21, 18:30ean, Andragoran Tolosaldeko Emakumeen Etxean.

Generoa eta osasuna izango dituzu hizpide osteguneko hitzaldian. 
Gaia nahiko zabala da. Gizona ala emakumea izan, osasunean desberdintasunak daude, desparekotasunak. Emakumeen eta gizonen arteko osasunean dauden desberdintasunak aztertzerakoan bi alderdi hartu behar dira kontuan; batetik, faktore biologiko eta genetikoengatik osasun arazo ezberdinak daude emakumeei eta gizonei ezberdin eragiten dietenak, baina ikuspegi honek ezin du guztiz azaldu gizon eta emakumeen artean ikusten diren ezberdintasun horiek, azkenean, emakumeek gizartean dituzten bizi baldintzak gehiago gaixotzera eramaten dituztelako, eta hori ez da bidezkoa.

Horregatik esaten da desparekotasunak daudela, alegia, ez da bakarrik desberdina dela, baizik eta desparekotasunak ere badaudela. Horren inguruan ariko naiz ostegunean, eta desparekotasun horiek nola sortzen diren edo zein eragin daukaten azalduko dut.

Ikerketek diote emakumeek gizonek baino bi aldiz psikofarmako gehiago kontsumitzen dituztela, eta arrazoia izan daitekeela medikuntzaren ikuspegi androzentrikoa. Gehiago sakondu dezakezu?
Emakumeok bizi baldintza okerragoa eta indarkeria mota zehatz batzuk ditugu, eta osasunean eragiten digute. Adibidez, ez da kasualitatea emakumeek gizonek baino osasunaren autopertzepzio okerragoa izatea, eta hori inkesta guztietan ikusi da. Beste alderdi garrantzitsu bat da nola tratatzen den emakumeen osasuna. Medikuntzak, instituzio eta diziplina mediku bezala, beti izan du izaera androzentrikoa, eta beti hartu izan du normatibotzat gizonen gorputza, eta hortik kanpo dagoen guztia desberdin edo gaixo moduan tratatu izan da. Horrek ondorio oso larriak ditu, bereziki, emakumeengan. Adibidez, gaur egun badakigu bihotzeko miokardioa duten gizonek edo emakumeek sintoma ezberdinak dituztela. Kontua da, gizonen sintomak klasikotzat hartu izan direla beti, eta emakumeenak, berriz, ezohikotzat, eta horrek eragina izan du. Pentsa, bihotzeko miokardio sintomak emakumeetan gizonetan baino 26 minutu beranduago ematen dira, horrek dituen ondorio guztiekin. Hau dena ikerkuntzan ikusten da, adibidez, emakumeei eragiten dieten gaixotasunak azpifinantzatuta daude. Eta, azkenik, kontsultan ematen diren genero desberdintasunetan sakonduko dut. Arazo berdinaren aurrean, emakume izan ala gizona izan, desberdin tratatzen da. OPIK taldean buruko osasuna ikertzen dugu, eta gure lankideek egindako ikerketa batean ikusi zuten nola buruko osasunaren sintomatologia berdinarekin emakumeek aukera gehiago dituzten depresio diagnostiko bat jasotzeko, eta diagnostiko berdina edukita ere aukera gehiago dituztela antidepresibo baten errezeta jasotzeko.

Tolosaldean fibromialgia duten pertsonak bildu eta talde bat osatu berri dute. Gehienak emakumezkoak dira, eta horixe bera gertatzen zaiela aipatu izan dute.
Osagai guztiak dituen patologietako bat da fibromialgia, bai azpifinantzatuta dagoelako, eta baita askoz emakume gehiagok pairatzen dutelako ere. Eta ez zaio garrantzirik ematen, hau da, oso berandu diagnostikatzen da ez delako gaixotasun bat bezala hartzen. Askotan kontsultara minarekin joaten den emakume bati ez zaio beharrezko arreta ematen, eta normalean, antsietatearekin lotzen dute. Emakume ugari daude fibromialgia pairatzen dutenak eta analgesikoak hartzen dituztenak.

Emakumeok, orokorrean, badugu honen berri? 
Nik uste emakumeok bizi esperientzietatik ikasten dugula. Honen inguruko hitzaldiak ematen ditudanean eta azalpenak ematen ari naizenean publikoan dauden emakume askok baiezko keinua egiten didate buruarekin, eta horrela dakit hau guztiarekin identifikatuak sentitzen direla. Alegia, kontsultara joan direla eta gutxietsita sentitu direla. Emakumeoi ikuspegi orokorragoa falta zaigu, hau da, arazo sistematikoa eta estrukturala dela konturatzea. Ez da tarteka emakumeei gertatzen zaien berezitasun bat, sistematikoa den zerbait da, eta Andragoran emango dudan hitzaldia egitasmo oso positiboa iruditzen zait zentzu horretan, ikuspegi bat izateko.

Nola egituratu duzu Andragoran emango duzun hitzaldia? 
Hasieran emakumeen eta gizonen osasuna nolakoa den azalduko dut, eta ondoren, zein ezberdintasun eta desparekotasun dauden aipatuko ditut. Amaieran, solasaldirako tarte bat utziko dut, eta edonork zerbait partekatu edo gehitu nahi badu ongietorria izango da. Gune irekia izatea nahi dut.  

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!