Tolosako I. Zaintza Planaren mahaia osatzeko saio bateratua, gaur

Ataria 2026ko maiatzaren 18a

Tolosako zaintza ekosistemaren ikuspegi partekatua sortu eta egitura zehaztuko dute; 17:00etan izango da saioa, kultur etxean, eta herritar orok parte hartu dezake.

Amaitu da Tolosako I. Zaintza Planaren mahaia osatzeko zenbait eragilerekin egindako lehen entzuketa fasea. Udalak esan du parte hartzaileen ekarpenei esker askotariko proposamenak jaso dituela, eta gaur, Tolosako zaintza ekosistema egituratzeko hausnarketari hasiera emateko saio bateratu bat egingo dute; 17:00etan izango da, kultur etxean. 

Gaur arte, sektoreka lan egin dute, eta eremuz eremu zehaztu dituzte dauden behar, interes eta ekintza proposamenak. Honako sektore hauek izan dituzte kontuan: adineko pertsonen eta desgaitasuna duten pertsonen zaintza, haur eta nerabeen zaintza, eta zaintzaileen zaintza. Hemendik aurrera, ordea, eragile komunitario, sozioekonomiko eta publikoen arteko lankidetzan oinarritutako prozesu bateratua egingo dute. Horregatik, saioan parte hartzera gonbidatu dituzte elkarlanean aritu diren edo/eta interesa izan dezaketen herritarrak.

Saioaren egiturari dagokionez, lehenik, entzuketa fasearen ondorio nagusiak partekatuko dituzte. Ondoren, taldekako hausnarketa egingo dute, Tolosako zaintza ekosistemaren ikuspegi partekatua sortzeko. Azkenik, Tolosako zaintza ekosistemaren egitura zehaztuko dute; hau ere, taldeka.

Saioan, aurrerapen moduan, datozen asteetan herritarren artean zabalduko den galdetegiari buruzko lehen xehetasunak emango dituzte. Galdetegi horren helburua da tolosarrek ongizate emozionalaren inguruan dituzten beharrak identifikatzea eta udal-zerbitzu, programa eta ekintzak hobetzeko proposamenak jasotzea.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!