Zumarraga-Urretxuk kantatuko du Aiako finalean

Josu Artutxa Dorronsoro 2026ko maiatzaren 16a

Tolosako Bonberenean jokatu den Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketako finalerdia irabazi du Goierriko taldeak, Bidasoako Txingudi A taldearen aurka. Saio ederra egin dute, 50 entzule ingururen aurrean.

Gaur ezagutu dugu Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketako finalerako txartela lortu duen bigarren taldea. Tolosako Bonberenean jokatu dute finalaurrekoa Goierriko Zumarraga-Urretxu eta Bidasoako Txingudi A taldeek. Goierritarrek irabazi dute, eta ondorioz, maiatzaren 30eko finalerako txartela eskuratu dute.

Manex Mantxolak, Mikel Iturriotzek eta Antton Fernandezek ordezkatu dute Goierriko taldea. Bidasoakoan, berriz, Jon Luzuriaga Hendaian bizi den ikaztegietarra, Igauri Lopetegi eta Manu Goiogana aritu dira kantuan. Leire Akizu izan da gai-jartzailea. Saio arina eta ederra egin dute sei bertsolariek, 50 entzule ingururen aurrean.

Leintz taldearen aurka kantatuko du finalean Zumarraga-Urretxuk. Haizea Aranak, Oihana Aranak eta Ane Zuazubiskarrek osatzen dute aurkarien taldea. Aian izango da finala, eta saio horretarako sarrerak eskuragarri daude bertsosarrerak.eus webgunean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!