Realak eta Nerea Eizagirrek akordioa lortu dute emakumezkoen taldeko kapitainaren kontratua 2028ra arte berritzeko, urtebetez luzatzeko aukerarekin. Jokalari tolosarrak Anoetan sinatu du hitzarmen berria, Joseba Ibarburu Realeko presidenteordea, Alex Uranga kontseilaria, Garbiñe Etxeberria emakumezkoen futbolaren arduraduna eta Maider Castillo emakumezkoen elite futbolaren arduraduna alboan zituela.
Gaur egun Realaren historian partida gehien jokatu dituen bigarren futbolaria da Eizagirre; tolosarrak 284 partida jokatu ditu, eta Aintzane Encinas da partida gehien jokatu dituen jokalaria: 344. «Zubietara iritsi zenetik hamar urte igaro direnean, Nereak Realaren koloreak defendatzen jarraituko du, dagoeneko historikoa den ibilbidea are gehiago handitzeko. Zelai barruan zein kanpoan erreferente nagusietako bat bihurtuta, kapitaina klubeko legenda handien artean dago jada. Txikitatik heldu zen, eta hamarkada bat geroago, arrasto ezabaezina uzten jarraitzen du», esan du Realak.
Realak nabarmendu du lehen taldearekin debutatu zuenetik «ezin hobeto» ordezkatu dituela klubaren balioak, bere konpromisoaren, lidergoaren eta klubarekiko sentimenduaren bidez. «Bere hazkundea eskutik helduta joan da emakumezkoen taldearen garapenarekin, aro bat markatu duen belaunaldi baten funtsezko pieza bihurtzeraino. Belaunaldi horrek klubaren historiako unerik garrantzitsuenetako batzuk biziarazi dizkio taldeari».
Reala, ilusioaren motorra
Eizagirrek «hunkituta» hitz egin du. «Nire bizitzako klubarekin lotuta jarraitzeko aukera dut. Hamar urte geroago, ilusioa ez dut galdu, eta gozatzen ari naiz. Egunero, esnatzen naizenean, ilusio handia izaten dut entrenamendura joan, Realaren kamiseta jantzi eta asteburuetan partidak jokatzeko. Reala ilusio horren motorra da niretzat».
Tolosarrak nabarmendu du emakumezkoen futbola «hazten» ari dela, eta «geroz eta jende gehiago» joaten dela haiek ikustera. «Gogotsu nago bide horri jarraipena emateko». Realak esan du «erreferente» bihurtu dela jokalari gazteentzat. «Nortasunean, lanean eta anbizioan oinarritutako proiektu baten oraina eta etorkizuna ordezkatzen dituen futbolaria da», esan du talde txuri-urdinak. Tolosarrak gaineratu du «maitatua» sentitzen dela.
Aurtengo denboraldia bezalako gehiago bizitzea espero du Eizagirrek. Berriki, datorren denboraldian Txapeldunen Liga jokatzeko txartela lortu du Realak. Bi jardunaldiren faltan, talde txuri-urdinak ziurtatua du hirugarren postua, eta hiru puntura du bigarren postuan den Real Madrid. Datorren jardunaldian, ligako liderra eta dagoeneko matematikoki txapelduna den Bartzelonaren aurka jokatuko du Realak, maiatzaren 27an. Bartzelonak partida bakarra galdu du aurtengo denboraldian, hain justu, Realaren aurka, Zubietan.
Tolosarra bi aldiz sailkatu da Txapeldunen Ligara Realarekin, lau final jokatu ditu, eta horietako batean, 2019ko Erreginaren Kopakoan, titulua eskuratu zuen, Atletico Madrilen aurka irabazita. Horregatik, «pozik eta harro» dagoela aitortu du jokalari tolosarrak. «Erraza dirudi, baina oso zaila da».