EAJk udalari eskatu dio San Frantzisko elizako eraikina erosi dezala

Ataria 2026ko maiatzaren 15a

Iturria: Tolosa Turismo

Frantziskotarrek Tolosa utziko dutela eta, eraikin horren erabilpenerako proposamena egin du alderdi jeltzaleak.

Duela egun batzuk, frantziskotarrek jakinarazi zuten aurten bertan utziko dutela Tolosa. Albiste horren aurrean, Tolosako EAJk urte hauetan guztietan egindako lana eta herriari agertutako konpromisoa aitortu eta eskertu nahi izan die. Era berean, alderdiak adierazi du albisteak «agertoki berri bat» irekitzen diola Tolosako eraikin esanguratsuenetako bati, hau da, San Frantzisko elizari: «Gure ustez, une egokia da eraikin honen etorkizunaren inguruko hausnarketa partekatua egiteko; horregatik, Tolosako Udalak eraikina erosteko aukera aztertu beharko lukeela uste dugu».

Gaineratu dutenez, etxebizitzaren auzia tolosarren kezka nagusietako bat da, bereziki gazteen artean. «San Frantzisko eraikinak bizitegi-proiektu berriak garatzeko aukera eskain dezake, herrian etxebizitza eskuragarrien eskaintza handitzen lagunduz». Eraikinaren erdiko nabeak aukera interesgarriak eskaintzen dituela ere esan dute, kultur erabileretarako eta herriko kultur azpiegiturak berrantolatzeko modua ematen duelako. «Tolosa kultur jarduera bizia duen herria da, eta espazio berriak behar dira etorkizuneko beharrei erantzuteko». Azkenik, herriaren erdigunean halako eraikin bat hutsik eta erabilerarik gabe geratzea gaitzetsi dute: «Espazio estrategiko hauek herritarren zerbitzura jartzea ezinbestekoa da».

Alderdiak uste du San Frantzisko eraikinaren etorkizunari anbizioz eta ikuspegi komunitarioz heltzeko garaia dela, eta Tolosarentzat ilusio eta aukera berriak sortuko dituen proiektu baten aldeko hautua egin du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!