Elkarrizketa

«Ultraeskuinak ez du jasaten gizonek emakumeak entzutea»

Josu Artutxa Dorronsoro 2026ko maiatzaren 14a

Argazkilaria: Jose Nicolini

Ultraeskuina munduan zehar izaten ari den eraginaz jabetzeko eta hausnarketa eragiteko, 'La odiocracia, al fondo a la derecha' liburua idatzi du Luciana Peker kazetari eta idazle argentinarrak; gaur, udaletxean aurkeztuko du, 19:00etan.

2023an Argentinatik erbesteratu ondoren, Luciana Peker (Buenos Aires, 1973) kazetari eta idazleak lehen liburua idatzi du bere herrialdetik kanpo; guztira, seigarrena du. Libros del K.O. argitaletxearen bitartez argitaratu du narraziozko kazetaritza-liburua, eta gaur, bilkura aretoan aurkeztuko du.

Nola sortu zen liburua Tolosan aurkezteko aukera?

Udaleko Berdintasun Sailetik jaso nuen gonbidapena. Oso garrantzitsua eta aintzat hartzekoa da emakume argentinarroi, eta oro har latinoamerikarroi, bizkar ematen diguten eta zigortzen gaituzten gobernu autoritarioen testuinguruan hitz egiteko aukera bat ematea.

Zer saio mota prestatu duzu?

Liburuan kontatzen dudana azaltzea da asmoa, baina ez hori bakarrik. Ultraeskuinaren diskurtso eta ekintzen zenbait bideo erakutsiko ditut, horien eraginaz hausnarketa eragiteko. Izan ere, arriskua dago eskuineko alderdi klasiko batek baino ezaugarri arriskutsuagoak dituen ultraeskuina boterera itzultzeko. Ahalik eta dinamikoen eta esplizituen kontatu nahi dut zein arrisku dituzten diskurtso eta ekintza horiek.

Zer da gorrotokrazia?

Gizarte-sistema bat da. Gobernuek ez dute irabazten bakarrik gorrotoaren eta mendekuaren ideiatik abiatuta. Latinoamerikako kasuan, gizartearen zainetan sartzen den pozoia sortzen dute. Gaur egun, gorrotoz kutsatuta daude, eta gorrotoa ez da bakarrik gobernu batek talde sozial batekiko duena. Elkarbizitza sozialerako modu bat ere bada, bakarrik sumintzen dena, besteak kentzen dion horretan bakarrik pentsatzen duena, eta ez besteak ematen dion horretan. Hau Europan ere gertatzen ari da.

Liburuaren azalean ultraeskuineko agintariak agertzen dira, baita motozerra handi bat ere. Zer sinbolizatzen du?

Motozerra sinbolo oso indartsua da. Ultraeskuinarentzat, gizontasunaren sinbolo bilakatu da, hezkuntzarako eta osasunerako funts publikoak ikaragarri murrizten dituena, eta erabat ezabatzen dituena emakumeak genero-indarkeriatik babesteko eta haien sexu- eta ugalketa-eskubideak babesteko politikak. Biztanleria beldur da, bereziki gizarteko sektore zigortuena.

Nola ohartu gaitezke gorrotokrazia dagoeneko gure artean dela, Euskal Herrian, esaterako?

Seinale asko daude. Euskal Herriak goi-mailako gizarte-politikak ditu, eta Latinoamerikarekiko kontzientzia du. Mobilizazioak indartsuak izaten dira, baina elkartasuna adieraztea ez da nahikoa; latinoamerikarrei entzun ere egin behar zaie. Izan ere, hango ahots feministak ohartarazten ari gara gorrotokraziak Euskal Herrian eragina izan dezakeela. Eskuina egunero ari da kazetari feministak erasotzen, eta horrek iritzi publikoari eragiten dio, baita euskal iritzi publikoari ere.

Nola ikusten da argentinar baten begietatik Euskal Herria?

Milei gobernuan dagoenetik Espainian bizi naiz, eta zenbait aldiz joan naiz Euskal Herrira, askotariko ekitaldietan parte hartzeko. Herri eta komunitate mobilizatu bat ikusten dut, beste leku batzuekin alderatuta, kontzientzia-, elkartasun- eta egitura-maila altuagokoa. Euskal Herriak konpromiso bat izan behar du, desberdinkerien egitura kolonial baten parte baita, eta gaur egun gainbehera egingo ez duen konpromisoa adierazi behar du, egoera okerragoa delako. Uste dut kontzientzia politiko eta soziala handia eta ona dela, baina ez da nahikoa eskuin muturraren eraginetik babesteko. Ondorioz, Latinoamerikan gertatzen denaz jabetu behar dute.

Ultraeskuina Espainiako Gobernura iritsiz gero, uste duzu urrun heldu daitekeela?

Ez heltzeko mugimenduak sortu behar dira zentzu guztietan, baina ez dut ikusten sortzen ari direnik. Salbuetsiak edo babestuak geratuko direnaren ideia arriskutsua da, horrek arriskutsuago egin ditzakeelako. Eskuin muturrak ez du instituzionaltasuna ezta legeak errespetatzen; ez da batere demokratikoa.

Luciana Peker kazetari eta idazle argentinarra. SALVADOR BATALLA

Zenbateraino izan daiteke arriskutsua neofaxismoa emakumeen eskubideentzat?

Arriskuaren goreneraino. Ez dute lekurik; ez dago zentimetro bakar bat ere arriskutsua ez izateko, eta uste dut ez garela ari hori ulertzen eta entzuten. Gertatu daiteke abortatzeagatik preso egotea, jada irabazita ziruditen sexu-eskubideak galtzea, indarkeriaren biktimak babesteko programak amaitzea, eta ahots publikoa duten emakumeek beldurragatik hitz egiteari uztea.

Zer garrantzi dute sare sozialek nazioartean gorrotoa zabaltzen ari den honetan?

Eginkizun nagusi bat dute. Gaur egun, sare horien jabeek gobernatzen gaituzte. X-k eta Instagramek ez dituzte partekatzen eduki feministak eta sozialak. Nik nire liburua aurkezteko argitalpen bat egiten badut, besteek jakiteko modu bakarra aktiboki partekatzea da, sareek ez dutelako egingo, emakumeen etsaiak direlako. Ez dute emakumeen interesei buruzko zirrikiturik nahi, eta, noski, orain adimen artifizialarekin izugarri igo da arriskua. Beraz, aurrerantzean demokraziak ezingo du guk ulertzen dugun demokrazia izaten jarraitu, adierazpen askatasunarekin, protesta sozialerako eskubidearekin eta giza eskubideen bidez arautzen den gizartearekin.

Albo batera utzi behar ditugu sare sozialak?

Ez dut uste, baina ezin gaitezke guztiz fidatu. Gizarte-borroka sare sozialetara sartu zen, eta, orain, irtenbidea ez da alde egitea. Geratu egin behar gara, baina ulertu behar da sare sozialetatik ez dugula ezer konponduko; ez da egongo haien bidez eraikiko den irteerarik, eta, beraz, argi daukat irakurketara itzuli behar garela. Liburuen eta aurrez aurreko topaketen aldeko apustua egitea da irtenbidea.

Ez da erraza, ordea; gaur egun, sare sozialetan dago ia informazio osoa.

Ondo informatzen jakin behar da, eta hori da zailena. Uste dut ez dela eraginkorra jendeari eskatzea sare sozialak uzteko. Sareen larritasuna estutasun erogarria da, liburu baten diagnostikoa aberasgarria den bitartean; hausnarketa mugiarazten du, parte-hartzea, elkarrizketa publikoa, baita zer eta nola egin ideiak ere.

Sarritan azpimarratu duzu Mileiren Argentina ultraeskuinaren Latinoamerikako laborategi bat dela. Zergatik?

Latinoamerika besteei gertatzen zaien hori da, guri gertatuko ez zaiguna; zer egin eta nola egin jakiteko laborategia da, politika publikoen gaineko doikuntzarik muturrekoena, nazioarteko eskuin muturrak finantzatu duelako eta haren errezeta daramalako. Trumpen mehatxuek zuzeneko eragina izan zuten hango zenbait herrialdetako azken hauteskundeetan, eta jada demokratikoa ez den sistema batez hitz egiten ari dira, subiranotasunaren gaineko esku-hartzea dagoelako, aplikatutako politikak eta protesta soziala zigortzeko moduak ultraeskuina noraino irits daitekeen esperimentatzeko moduak direlako. Eta gizartearentzat onargarria da hori.

Zuk esana da, eta asko gustatu zait: «gizon modernoek ez gaituzte entzuten, baina guk bai idazten dugula».

Ultraeskuinak ez du jasaten gizonek emakumeak entzutea; muturreko misoginia da hori. Harrigarria bada ere, gaur egun zenbait irakasle haien ikasleek egindako erasoak kontatzen ari dira, eta argi eta garbi erakusten du dagoeneko ez dela onartzen emakume-ahots klasikoena –maistrena– ere, historian zehar ez bezala. Hori dela eta, garrantzitsua da gaurko saiora gizonak joatea, emakumeak entzun, begiratu eta aitortzea delako gauzak aldatzeko lehen urratsa, eta neofaxismotik bereizteko modua.

Milei gobernura heltzean, Argentinatik erbesteratzea erabaki zenuen, eta liburu hau, atzerrian zeundela idatzi duzu, baina bihotza eta burua Argentinan zenituela. Nolakoa izan zen prozesua?

Nire herrialdearen falta handia sumatzen dut. Sutsuki maite dut Argentina, baita Hego Amerika ere, eta hunkitu egiten naiz horri buruz pentsatzean. Liburu hau ezingo nuke han idatzi, mehatxu zuzenengatik, gizarteko indarkeria baldintzengatik, eta idatzi ez banu, ez nituzkeen gauza hauek esango. Idazten jarraitu ahal izateko egin nuen ihes handik. Izugarrizko konpromisoa sentitzen nuen.

Zeri heldu behar diogu edo nola egin behar diogu aurre olatu atzerakoi honi? 

Inpotentzia handia sortzen du, eta inpotentzia hori sare sozialen logikatik datorrela uste dut. Logika horretan, haserreak inertziarantz garamatza. Aitzitik, uste dut liburuek irakurketa kritiko batera daramatela hausnarketa. Buelta eman diezaiokegu, alda dezakegu, baina logika kolonialetatik, eurozentrismoaren logikatik eta arrazakeria kulturaletik atera behar gara, eta elkartu eta berriro munduko topaketa handietara jo behar dugu, presentzia, parte-hartze soziala eta orainari eta etorkizunari buruzko ideia berriak berraktibatzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!