Andragora Gipuzkoako Emakumeen Etxeen Koordinakundean

Ataria 2026ko maiatzaren 13a

Gipuzkoako Emakumeen Etxeen Koordinakundea sortu dute emakumeen etxeen arteko ahaleginak eta esperientziak batzeko asmoz. Helburua da emakumeei* eskaintzen zaizkien zerbitzuak eta jarduerak hobetzea, interes komuneko gaiak partekatzea eta finantziazio duinago bat lortzea.

Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxea sortu berri duten Emakumeen Etxeen Koordinakundeko kidea da. Emakumeen etxeak herritarrei irekitako espazioak dira, non arreta-ordutegiak, eskola feministak, zerbitzu espezifikoak, ahalduntze-taldeak eta bestelako jarduerak antolatu eta eskaintzen diren.

Gipuzkoan, 2003tik aurrera —Arrasateko Emakume Txokoa martxan jarri zenetik—, pixkanaka hamasei emakumeen etxe sortu dira. «Espazio horien jatorria aspaldiko aldarrikapen feminista da: 70eko hamarkadatik emakumeek espazio propioak izateko egindako borrokaren emaitza dira. Herri bakoitzean egindako prozesuaren arabera, kudeaketa-eredu ezberdinak izan arren, emakumeen etxeak ezin dira udal zerbitzu huts gisa ulertu; eraldaketarako espazio politikoak dira. Hori dela eta, ezinbestekoa da elkar saretuta lan egitea», esan dute Andragorako arduradunek.

Koordinakundea, hain zuzen, erakundeen aurrean ahots bateratua izateko beharrari erantzuteko sortu dute, baliabide ekonomiko eta sozial egokiak aldarrikatzeko, eta, aldi berean, herritarrei irekitako espazio horiek eskaintzen dituzten zerbitzuak eta jarduerak hobetzeko ahaleginak bateratzeko.

Salatu dute badakitela azpiegitura horiek kudeatzea eta mantentzea lan konplexua dela eta askotan ez dutela behar besteko aitortza eta honi loturiko babes-ekonomiko edota finantzaketa izaten. Helburua emakumeen etxeak kudeatzeko eta zuzentzeko mugimendu feministaren autonomia sustatzea da, etxe bakoitzaren kudeaketa-eredua errespetatuz. Horregatik guztiagatik, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun zuzendariekin bilera bat eskatu dute, elkarrizketa bideak irekitzeko eta aipatutako gaiak lantzen hasteko.

Gipuzkoako Emakumeen Etxeen Koordinakundeko partaideak:

  • Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxea
  • Eibarko Andretxea
  • Astigarragako Emakumeen Etxea
  • Donostiako Emakumeen Etxea
  • Arrasateko Emakume Txokoa
  • Irungo Emakumeen Etxea-elkartea
  • Hernaniko Kulturarteko Plaza Feminista
  • Saregile Oriko emakumeen etxea
  • Zumaiako Emakumeen Etxea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!