Harri jaia eta mendi martxa, urteroko legez

Ataria 2026ko maiatzaren 14a

Bedaioko Harri jai eguneko bazkariaren artxibo irudia. A. ARROYO

Aurten ere ohitura berritu eta Harri jai eguna maiatzaren 21ean ospatuko dute Bedaion. Horrez gain, ekainaren 7an egingo dute Bedaioko mendi martxa.

Urteroko ohiturari jarraituz, Harri jai eguna ospatuko dute Bedaion, maiatzaren 21ean. Asentsio egunetik zortzi egunetara egingo dute aurten ere, eta toka-txapelketa, bazkaria, bertso saioa eta afaria izango dituzte, besteak beste.

Egun bereziko egitaraua elizkizun batekin hasiko dute, 12:00etan, Andre Maria Jaiokundearen elizan. Bertatik abiatu eta prozesioa egingo dute San Isidrorekin, larreak eta soroak bedeinkatzeko. Amaitutakoan, toka-txapelketa egingo dute bertaratutakoentzat, eta 14:00etan bazkalduko dute, Artubi elkartean.

Arratsaldera begira, berriz, bertsolarien saioa izango dute, eta eguna afariarekin amaituko dute, 20:30ean, Artubi elkartean.  Antolatzaileek adierazi dute bi otorduetara joan ahal izateko beharrezkoa dela aurretik izena ematea 664 037 741 telefono zenbakira Whatsapp bidez idatzita; eta maiatzaren 17a —igandea— izango da horretarako azken eguna.

Urteroko hitzordua

Harri jai eguna bakarrik ez, Bedaion urtero hutsik egin gabe antolatzen duten beste hitzordu bat da Bedaioko mendi martxa; eta, aurten, ekainaren 7an egingo dute.

Ibilbidearen bitartez Bedaioko inguru naturalak ezagutzeko aukera ematen du ekimenak, eta bidean zehar hainbat anoa gune jarriko dituzte. Bukaeran, ohitura duten bezala, haragi egosia, txorizoa eta salda banatuko dituzte bertaratzen direnentzat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!