Hutsik geratu da Hiribusa kudeatzeko kontratu-lizitazioa

Josu Artutxa Dorronsoro 2026ko maiatzaren 12a

Lizitazioaren egoerak ez du eraginik izango Hiribusaren zerbitzuan, eta normaltasunez emango da. J. A. D.

Enpresa bakar batek ere ez du proposamenik egin, eta lizitazio berria gauzatu arte, CuadraBusen kontratua luzatzea erabaki du udalbatzak, gehienez, bederatzi hilerako.

Tolosarrek zain jarraitu behar dute Hiribusaren zerbitzuaren kudeaketan aldaketak izateko. Enpresek apirilaren 8ra arte zuten kontratu berriaren lizitaziora proposamenak aurkezteko aukera, baina udalak ez du eskaintzarik jaso. Ondorioz, hutsik geratu da, eta udalak berri bat prestatu beharko du. Udal teknikariak horretan lanean ari badira ere, ez dute aurreikusten udalak CuadraBus enpresarekin gaur egun duen kontratua amaitu aurretik –maiatzaren 31n amaitzen da– lizitatzea. Ondorioz, lizitazio berria formalizatu aurretik, udalbatzak aho batez erabaki du gaur egungo kontratua luzatzea, gehienez, bederatzi hilabeterako.

Neurri horrek udalbatza osatzen duten alderdi guztien aldeko bozka jaso badu ere, oposizioko zinegotziek kritiko hitz egin dute. Biotza Agirre zinegotziak, EAJren izenean, informazio falta leporatu dio udal gobernuari. «Antolakuntza Batzordean jakin genuen, kasualitatez, kontratazio atala hutsik zegoela-eta, neronek galdetu nuelako. Zerbitzuaren garrantzia kontuan izanik, ulertezina da. Ezagutzen zenuten egoera, beraz, ez dugu ulertzen ahaztu izana».

Bestalde, Agirrek gaiak orain arte egin duen ibilbidea kritikatu du, nahiz eta neurriak «asmo onez» hartu izan diren. «Zuen indar guztiak jarri dituzue kontratu berri honetan; egungo kudeaketaren gainetik jarri duzue. Hala ere, ezin dugu ahaztu zehapen-espediente bat ireki zitzaiola gaur egungo enpresa kudeatzaileari, eta, gero, iraungitzen utzi zitzaiola, kontratu berria zelako helburu nagusia. Maximoetara iritsi nahi izan da eta lehengo egoera berean gaude», esan dio udal gobernuari. Gaineratu du baldintza-agiriak zehazteko «merkea ez den» enpresa bat kontratatu duela udalak, eta orain Cuadrabusi kontratua zabaltzera «behartuta» dagoela, bere kudeaketak «gaitzespenak» jaso dituenean.

Joxe Mari Villanueva zinegotzi sozialistak, bere aldetik, adierazi du otsaileko ohiko bilkuran ohartarazi zutela baldintza-agirietan jasotzen ziren baldintzetako batzuek arazoak sor zitzaketela, enpresentzat eskakizun-maila handia izateagatik. «Borondate onez lan egin da, baina ez da asmatu. Enpresekin harremanetan jarri beharko da egoera hori eragin duten arrazoiak zein diren jakiteko, pleguak aldatzeko eta beste lizitazio bat onartzeko», esan du.

Autobus elektrikoen aldeko apustua

Aitor Agirresarobe udal gobernuko zinegotziaren iritziz «beharrezkoa da irizpideak gogortzea, azken urteetako esperientzia ikusita». Ziur da horrek kalitatezko zerbitzua bermatuko duela, eta hori da udal gobernuaren lehentasuna. Era berean, gogora ekarri du udalak autobus elektriko bat jartzeko apustua egin zuela. Dagoeneko hasi dira aztertzen zergatik ez den enpresarik aurkeztu, eta zinegotziak esan du litekeena dela horren arrazoia izatea «autobus elektrikoen merkatua hain garatua ez egotea, eta ekipamenduak eskuratzeko eta baldintza-agirietako baldintzak bete ahal izateko zalantzak sortu izana».

Agirresarobek nabarmendu du prozesu guztia «finkatutako epeen barruan» egin dela, eta horri esker, kontratua maiatzean amaitzen bada ere, bederatzi hilabeteko tartea izango dutela lizitazio berria publikatu eta esleitzeko. Halaber, argitu nahi izan du bitarte horretan normaltasunez emango dela Hiribusaren zerbitzua.

Udaltzaingoa hornitzeko prozesuan aldaketak

2026ko lanpostu-zerrendan aldaketak txertatzeko irizpenari lehen onespena ematea ere onartu du udalbatzak, gehiengoz. Zenbait egokitzapen egitea proposatu du udal gobernuak, besteak beste, udaltzaingoan goiz eta arratsaldez lanean ari diren bost langile goiz, arratsalde eta gauez lan egitera pasatzea eta udaltzainen zenbait lanposturen hornikuntza-prozesua beste administrazio publiko batzuetara irekitzea, lehiaketa irekia kodea txertatuta.

EAJk eta PSE-EEk aurka bozkatu dute puntu honetan, batez ere, egokitzapen batengatik: 2025ean egindako lanpostuen balorazioko berrikuspenak txertatzea. «Gu ez geunden gobernantzako lanpostu baten ardura igotzearen alde, soldata % 100etik gora igotzea suposatzen zuelako. Diru kopurua ez zen arazoa, baina kontzeptua bera, bai. Sail hau eta bertan egiten den lana indartzeko erabaki politiko bat da, eta udalak gehiago erreparatu beharko luke beste sail batzuetan», adierazi du Agirrek. Josune Sanz udal gobernuko zinegotziak esan du gobernantza saila hornitzea «beharrezkoa» dela udalaren parte-hartze prozesua «indartzeko».

Halaber, oposizioak ez du begi onez ikusi hornikuntza-prozesua beste erakunde batzuetara zabaltzea. «Lekualdatze lehiaketa ireki batez ari gara. Legezkoa den arren, udalen artean ez da ohikoa, eta elkarri kenduko dizkiogu udaltzainak. Lehia horretan, Tolosak, galtzeko irabazteko baino gehiago izan dezake. EAEn, Bizkaian daude udaltzainen bi heren, eta Gipuzkoan laurdena bakarrik», esan du Agirrek. Alderdi jeltzaleak proposamen bat egin dio udal gobernuari: Segurtasun sailarekin elkarlana indartu, sinergiak erabili eta udaltzaingoaren lanari buruz pedagogia egitea. «Inork ez du Gipuzkoan udaltzain izan nahi, eta behar ditugu. Bizkaian ez dago arazorik», gaineratu du Agirrek.

Egiturazko arazoa

Zinegotzi jeltzaleak nabarmendu du udaltzaingoan «egiturazko arazoa» dagoela, eta «soluzio hau, puntuala» dela. «Zalantza daukagu erabaki hau denborarekin ez ote zaigun kontra etorriko. Duela gutxi, bitarteko udaltzainen lan-poltsa propioa izateko probak ere antolatu dira udalean. Lan handia suposatu du, etekin gutxi ateratzeko, eta bestelako lanak atzeratu ditu, adibidez, hamabi administrarien EPEa. Irtenbide puntualetan murgilduta dabil udala, eta iruditzen zaigu egiturazko arazoa ez dela konponduko».

Andu Martinez de Rituerto alkateak erantzun dio Agirreri, eta esan dio egokitzapenak «planteamendu orokor baten ondorio» direla. «Udaltzainen lanpostua eta eginkizuna ertzainenarekin parekatu ditu Eusko Jaurlaritzak, polizia bera balira bezala, eta gure ustez oso bestelakoak dira bete behar dituzten funtzioak. Horrek ekarri du jende askok atzera egitea. EPEak bere kabuz antolatzen saiatu diren zenbait herrik jazarpena jasan dute Barne Sailaren aldetik. Egiturazko arazoari heldu behar zaio, noski, baina badago ardura handiagoa duen erakunde bat, eta bidea da udaltzainen formakuntza bereizita egotea.

Sanzek gaineratu du udalak «zailtasun handiak» dituela zenbait lanpostu betetzeko hautaketa prozesuetan. «Gure eskumena egiturazko arazoari lotuta dago, eta nahiz eta hautaketa prozesuak adostu, ez dugu emaitza positiborik lortzen. Espero dugu aurten irekiko dugun lehiaketa irekian lanpostu batzuk behintzat hornitzea».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!