Hiru ekitaldi aste honetan, Antxon Bandres Bidaiarien Txokoan

Ataria 2026ko maiatzaren 12a

Migel Zeberiok eta Kepa Fernandez de Larrinoak solasaldia egingo dute gaur.

Gaur eta etzi, musikari eta mendiari eta furgonetako bizimoduari buruzko hitzaldi bana izango dira; ostiralean, berriz, antzerkia.

Ekitaldiz betetako astea izango dute Tolosako Antxon Bandres Bidaiarien Txokoan. Gaur izango da lehena. Migel Zeberio musikari tolosarrak eta Kepa Fernandez de Larrinoa antropologo eta poetak Estos ojos afilados poema-liburuari buruzko elkarrizketa egingo dute, eta psalterium instrumentuaren doinua eta giza mintzoa uztartuko dituzte. 19:00etan hasiko da saioa.

Etzi izango da aste honetako bigarren saioa. Jan Margarit Sole mendizale eta mendi korrikalari kataluniarrak Menditik mendira, bide ezberdinetatik aurrera! hitzaldia egingo du. Furgonetan bizitzeari buruz ere hitz egingo du. 19:00etan hasiko da ekitaldia. Korrikalari kataluniarrak Skyrunning World Series zirkuituko zenbait proba irabazi ditu.

Azkenik, ostiralean, antzerkiarekin gozatzeko aukera izango da. Supituki talde bilbotarrak bat-bateko antzerki saioa egingo du, gertukoa. Ikuslea izango da gidoilaria, eta momentuan sortuko dituzte istorioak. Saio hau ere 19:00etan izango da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!