Ibilbideko bigarrena, Nolako zura, hileta bat inozentziari pieza fintzen ari da Nagore Tamayo (Tolosa, 2000) dantzaria. Iruñeko La Faktoria koreografia zentroan hasi zuen sormen prozesua, eta jendaurrean interpretatu du zenbait aldiz amaitu gabeko lan gisa. Ama-alaben arteko harremana du abiapuntu, eta «inozentzia galtzea» zein «heltzeko prozesua» lantzen ditu, besteak beste. Berriki Montrealen (Kanada) sormen egonaldia egiteko hautatu dute, eta pieza garatzen jarraituko du bertan.
Zer topatuko du ikusleak?
Pertsona bakar bat topatuko du oholtzan, zeinak bere gorputzaren mugimenduaren eta ahotsaren bitartez elkarrizketa bat aurkeztuko duen. Ikuslea elkarrizketa horren lekuko izatera gonbidatzen da, eta aurkezten den gaia inozentziaren galera da, edo nola gertatzen den hori ama-alaben harremanari erreparatuta.
Nondik dator izenburua?
Prozesuarekin hasi nintzenean, izatez, ez nuen asmorik ikuskizun bat sortzeko. Iruñean nengoen dantza ikasten, eta La Faktoriako programa batean proposatzen zuten sormen prozesu bat garatzea. Gauza ezberdinak probatzen hasi nintzen, eta lehenengo Nolako zura iritsi zen, nolabait ama-alaben arteko harremana landu nuenean. Hileta bat inozentziari, berriz, beranduago iritsi zen, gaia definitu edo borobildu heinean. Inguruko kideek, dantzariek-eta lagundu zidaten hausnartzen: piezarekin zer nahi nuen; inozentziari hileta edo omenaldi bat ote zen... Horrela definitu nuen.
Nolakoa izan da lana sortzeko prozesua?
Faktorian bi programa daude: bat dantzari bezala espezializatzera edo dago bideratuta; eta, bestea, sorkuntzara bideratuta. Bigarren urtean sorkuntzarena egin nuen, eta hor gonbidatzen zaituzte sormen prozesu bat garatzera; baina ez azterketa moduan.
Faktorian aukera eman ziguten pieza jendaurrean aurkezteko, eta hor hasi zen pixka bat forma hartzen. Ikasturtea amaitu zenerako bazuen halako zirriborro bat, eta gogoa nuenez lantzen jarraitzeko, garatzen jarraitu eta gaur arte. Duela bi urte hasi nintzen, eta orain arte formatu laburreko pieza bat izan da —hogei bat minutukoa—; orain, berriz, gogoa dut pixka bat sakontzeko eta luzatzeko.
Ikuskizun bat askotan aldatu egiten da denborak aurrera egin ahala. Nolako bilakaera nabaritzen duzu honetan?
Piezaren edo proposamenaren arabera izaten da. Prozesuan zehar ez dut hainbeste nabaritu; ez da egon, behintzat, halako aldaketa drastikorik. Baina hasierari erreparatzen badiot, jabetzen naiz eraldaketa bat jasan duela; eta pozten nau.
Prozesu honekin gauza berriak probatzeko irekita egon nahi nuen. Aurreko sorkuntza gradu amaierako lan bezala jaio zenez, itxiagoa izan behar zen: justifikatuagoa, koherenteagoa, metodologia konkretu bat jarraitzen... Eta hemen, berriz, gogoa nuen gauza berriak probatzeko.
Aurreko piezan bi dantzari zineten, eta, orain, bakarrik ari zara.
Gainera aurreko ikuskizuna bion arteko harreman horretan oinarritzen zen; eta orain, bat-batean, ez daukat inor. Alde batetik zailagoa izan da, hain zuzen, bakarrik zaudelako zeure buruarekin. Baina horrela askatasun handiagoa eman diezaioket neure buruari ere. Nondik abiatu inora piezan proposamen bat eramaten nuen eta bion artean probatzen genuen; dinamika zen nolabait aurretik zehaztuta zegoela guztia. Argia izaten saiatzen nintzen neure buruarekin, eta ondokoarekin. Kasu honetan askatasun gehiago izan dut, onerako zein txarrerako.
Muga gutxiago izan dituzu pieza berrian?
Aurreko piezan nik hartu nuen nolabait sortzaile rola; nahiz eta dantza egin, gainean nuen kanpo begiradaren ardura moduko hori. Horrek dantzatzeko garaian oztopo egiten zidan, dantzari izan behar nuelako, eta ez zuzendari. Baina kosta egiten zitzaidan, bestearekiko eta egoerarekiko ardura sentitzen nuelako.
Pieza honetan, berriz, izan bakarrik nagoelako edo ikasi dudalako; ez dut hainbeste sumatu. Dantzatzerakoan arreta zertan jartzen dudan, hor nabaritu dut ezberdintasun nagusia, Ikuskizun honetan neure burua erregistro edo leku berri batzuetan sumatzen ari naiz. Aurrekoa itxiagoa, mugatuagoa edo zehatzagoa zen. Honetan gehiago da ideia bat hartzea, eta hori islatzeko zein modu izan ditzakedan aztertzea.
Dena dela, sormen prozesuan ez zara bakarrik egon, ezta?
Ikuskizun honetan garrantzia dute ahotsak, soinuek eta musikak; eta hori osatzeko Iban Martin Urrutia musikariarekin aritu naiz lanean. Berak hasieran proposamen bat egin zidan, eta pieza aldatzen joan den heinean, egokitzen joan da bera ere. Etengabe aritu gara berrikusten eta egokitzen: zerk funtzionatzen duen, zerk ez...
Horrez gain, Oihana Vesga dantzaria eta Mikel Kaye aktorea ere izan ditut kanpo begiradarekin laguntzen; batez ere, dramaturgia aldetik, egiturari dagokionez galderak egiten, materiala aztertzen... Horiek izan ditut bidean lagun.
Dantza eta ahotsa uztartzen dituzu. Erronka izan al da?
Nahiko modu naturalean etorri da. Egia da momentu batean onartu edo barneratu egin behar izan nuela kantatu egingo nuela; abesten, berez, ez dut ikasi. Hala ere, ez denez nire berezko diziplina, malguagoa naiz neure buruarekin; dantzarekin agian zorrotzagoa naiz.
«Momentu batean onartu edo barneratu egin behar izan nuen kantatu egingo nuela»
Sehaska kanta eta jota bana aukeratu dituzu. Zer dela eta?
Ama-alaben harremanaren inguruan ikertzen eta hausnartzen aritu nintzenean, dezente entzuten nuen Verde Pratoren disko bat: Kondaira eder hura. Familiarteko harremanen ingurukoa-eta da, eta hor daude Amaren kanta, Haurraren kanta... Eta hortik atera zen sehaska kantaren ideia.
Inozentziaren galera edo heltzearen ideia horretatik abiatuta, nik idatzi nituen sehaska kantaren hitzak; eta Aimar Odriozola dantzariak egin zidan melodia. Beraz, kanta propioa egin genuen.
Jotarekin, berriz, kantarena lantzen ari ginenean, bila jarraitu, eta horrela topatu nuen. Hasieran pentsatu nuen hortik abiatuta zerbait berria sortzea, baina jotak berak oso hitz gutxitan asko esaten du, eta ez zuen aldaketarik behar.
Kontraste handiko bi abesti dira.
Sehaska kantak erreferentzia egiten die haurtzaroari, babesari, zaintzeari... Inozentzia ulertu dugu burbuila moduko baten barruan egotea dela, mundutik aldenduta-eta. Jota, berriz, ia oihu bat den abestia da, eta askotan erabiltzen da gai konkretu batzuk lantzeko, zenbait gai mahai gainean jartzeko... Aproposa iruditu zitzaidan heltze prozesu hori islatzeko, eta tartean azaltzen diren hainbat emozio —amorrua, inpotentzia...— ere kanalizatzeko.
Ilea da ikuskizuneko beste elementu garrantzitsu bat.
Bai, eta azkenaldian ia pertsonaia bat ari da bihurtzen [barrez]. Txirikordaren ideiatik hasi zen, nolabait ama-alaben harremana irudikatzeko asmotik... Eta baita hura askatzeak duen esanahiagatik: erdarazko desmelenar hori. Askatu eta hazi egiten zara, ondo; baina adierazi nahi nuen askatasun horretan badela zurrunbilo bat, galarazi zaitzakeena. Mugimendu hori eta heltze prozesuaren kontraesanak irudikatzen saiatu naiz.
Pertsonaiarena aipatu dut, momentu batzuetan ilea aurpegian daukadalako, eta ez dagoelako oso argi aurpegia non dagoen... Gorputza desitxuratu bezala egiten da, eta hori interesatzen zitzaidan. Oraindik ez dakit oso ondo zergatik edo zein bide hartuko duen, baina garrantzitsua da bai.
Eta jantziek ere badute esanahi bat, ezta?
Piezaren alor guztiak ideia beraren barruan egotea nahi nuen. Amonen, amen eta alaben arteko harremana da kontua, hiru belaunaldi horien harremana; eta hirurak presente egotea nahi nuen. Gainera, argi nituen koloreak ere: zuria, beltza eta gorria.
«Amonen, amen eta alaben arteko harremana da kontua, hiru belaunaldi
horien harremana»
Zuriak eta beltzak iragana irudikatzen dute nolabait; aldi berean, zuria askotan lotzen da purutasunarekin, eta beltza, berriz, aurkakoarekin. Hileta bateko koloreak ere badira... Gorria, berriz, bada puskatzearen edo halako aurkako energia baten isla, eta horiek batu nahi nituen. Nire kabuz gauzak probatzen ari nintzen, eta sare sozialetan Izaro Asua Fernandezen diseinuak topatu nituen lagun bati esker. Juxtu bilatzen ari nintzena zen. Arropa guztia hari gorriarekin josten du, eta beste kolore batzuk ere erabiltzen ditu, baina batez ere zuri-beltza. Gona luzeak eta parpaila erabiltzen ditu, besteak beste; eta, aldi berean, baditu beste ukitu moderno batzuk edo.
«Orokorrean emakume helduekin funtzionatzen du; batez ere, agian,
ama direnekin»
Publiko zehatz bati bideratuta al dago?
Neure buruari galdegin diodan zerbait da, eta ez dut oso garbi. Orokorrean emakume helduekin funtzionatzen du; batez ere, agian, ama direnekin. Ama adinekoa duten eta, aldi berean, ama direnekin ere lotura handia sortzen du. Horrez gain, umeekin ere funtzionatu izan du; neskekin, batez ere, ilearen edo txirikordaren jolas horrek berehala harrapatzen ditu.
Ez da proposamen itxi bat. Egia da familia giroan funtzionatzen duela, baina ez nuke inondik inora horretara mugatu nahiko. Uste dut, gainera, izaten ari den garapenarekin ez dela horretara itxiko. Iritsi nahiko nuke gazteengana ere. Belaunaldi bezala ere egiten dut hitz heltzearen kontraesanen inguruan. Nahiko nuke horiek ere interpelatuta sentitzea.
Montrealera joateko hautatu zaituzte, zehazki zein da proiektua?
Proiektua elkarlanean osatu dute Etxepare Institutuak, Dantzertik, Montrealgo Circuit-Est Zentro Koreografikoak eta Quebeceko Arte eta Letren Kontseiluak —CALQ—. Montrealera joateko hautatu naute, eta han egongo naiz bi hilabetez: lehen bi asteetan dantza eta antzerki jaialdi batera ikusle bezala joango naiz; jardunaldi moduko batzuk egingo dituzte, eta eztabaidak eta halakoak ere egongo dira artearen inguruan hausnartzeko. Behin hori bukatuta, egonaldian zentratuko naiz hurrengo sei asteetan.
Proposamena da proiektu hau garatzea, eta bukaeran erakustaldi bat egitea jendaurrean. Finean, sormen egonaldi bat da, esku artean dudan pieza garatzeko.
Pieza asko aldatzea aurreikusten al duzu?
Denbora daramat orain artekoa finduta, eta ez dut uste beste norabide bat hartuko duenik; aldatuko da, baina ez ikaragarri. Gauza batzuk gehituko dira, beste batzuk eraldatu... Areto barrurako pieza izatera garatuko da.
Egia esan, hasieratik sumatu dut sortzen ari nintzen material aproposagoa zela espazio itxi baterako, kanporako baino. Gero ezin da jakin benetan egiten hasten zaren arte, baina... Proposamen labur bat izanez gero, aukera gehiago izaten dira egin ahal izateko; antzokietan programatua izatea askoz zailagoa da. Aukera honekin askatasuna hartuko dut luzatzeko eta probatzeko, eta gero ikusiko dugu luzea, laburra edo biak mantentzen ditudan.
Nola jaso zenuen albistea?
Sekulako ilusioa egin zidan, baina badu puntu gazi-gozo bat ere. Bertara joango naizen garaian hemen lan dezente izatekoa nintzen: hainbat proiektutan hartu behar nuen parte; eta, tamalez, aukeratu egin behar izan dut. Frustragarria da, aurten izan baititut beste momentu batzuk, non ez dudan ezer izan esku artean. Gainera, askotan pilatzen dira proiektuak.
Hala ere, oso pozik nago erabakiarekin. Uste dut esperientzia berezia izango dela. Jakin-mina dut ikusteko ea nola jasotzen duten proposamena Euskal Herritik kanpo: ikuskizuna hemen jaio da, abestiak euskaraz dira eta badu, oro har, euskal iruditegi moduko bat. Gauza horiek hemendik kanpo nola jasotzen dituzten ikusi nahi dut.



