Gaur ireki dute nerabeen udako auzolandegietan izena emateko epea

Ataria 2026ko maiatzaren 11

Gorlizko badiaren ikuspegia.

Zortzi eguneko egonaldia egingo dute Gorlizen, ekainaren 28tik uztailaren 5era bitarte, eta auzolanarekin eta aisiarekin lotutako ekintzak uztartuko dituzte; hilaren 22ra arte egongo da izena emateko aukera.

Tolosako Udalak hirugarrenez antolatu ditu 15 eta 18 urte bitarteko nerabeentzako udako auzolandegiak, 2008 eta 2011 urteen artean (biak barne) jaio eta Tolosan erroldatutakoei zuzenduta daude. Aurreko bi urteetako edizioak «arrakastatsuak» izan zirela nabarmendu du udalak, eta horregatik, beste urte batez antolatzea erabaki dutela.

Nerabeek zortzi eguneko egonaldia egingo dute Gorlizen, ekainaren 28tik uztailaren 5era. Izaera itxikoak dira, hau da, bertan igaroko dituzte zazpi gauak. Gorlizko kanpinean hartuko dute ostatu, eta han egingo dituzte otorduak.

Auzolana eta aisia uztartuko dituzte, eta zenbait balio ere jorratuko dituzte, hala nola, elkartasuna, konpromisoa eta ingurumenaren zaintza. Goizetan egingo dute auzolana, askotariko ekintzekin: muralak margotzea, baratzeko landaketa eta zainketa lanak, eta Plentziako badiako zaborra garbitzea, kayaketan. Bestelako ekintzak ere egingo dituzte: Gorliz eta Plentziako hondartzetan jolasak, itsas museora bisita, surf ikastaroa eta Bilbora irteera. Iluntzeetan, berriz, jolasak, txapelketak eta bingo musikatua egingo dituzte.

Guztira, 20 plaza

Udalekuekin egin moduan, bi urratsetan egingo da izen-ematea. Aurretiko izen-emate sinplea gaurtik aurrera egin daiteke online, inolako dokumentaziorik aurkeztu behar izan gabe; hilaren 22a da azken eguna. Guztira, 20 plaza izango dira, eta plaza kopurua baino eskaera gehiago izanez gero, zozketa bidez esleituko dituzte hilaren 25ean. Leku guztien esleipena eginda, plaza lortu dutenek bakarrik egin beharko dute behin betiko izen-ematea Udaten edo egoitza elektronikoan, maiatzaren 26tik 31ra. Orduan bai, dagokien dokumentazioa aurkeztu beharko dute. Egonaldiaren prezioa 123,25 eurokoa da pertsonako.

Izena emateko interesa dutenek, zalantzak argitzeko edo izena emateko prozesuan laguntzeko, Gazteria Azpisailarekin jarri beharko dute harremanetan, 688 740 164 telefonora deituta edo gazteria@tolosa.eus helbidera idatzita. Informazio osoa, esteka honetan dute informazio osoa. Bestalde, udalak aurrerago egingo du bilera informatiboa izena ematen duten nerabeen gurasoekin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!