Atletismoko emakumezkoak, lehen mailara

Josu Artutxa Dorronsoro 2026ko maiatzaren 6a

Tolosa CFko emakumezkoen taldeak Euskal Herriko kluben arteko bigarren mailako txapelketa irabazi du, eta lehen mailan ariko da datorren denboraldian.

Igandea egun handia izan zen Tolosa CFren atletismoko sailarentzat. Euskal Herriko kluben arteko bigarren mailako Txapelketa jokatu zen Getxon, eta emakumezkoen taldeak gorengo mailara itzultzea lortu zuen. 118,5 puntu eskuratuta, txapelketa irabazi zuen taldeak, eta ondorioz, lehen mailara igo da.

Emakumezkoen taldeko atletek 20 probetatik bost irabazi zituzten: Nagore Gabarainek 200 metroko proban, Aitana Aierbek 800 metrokoan, Idoia Arrospidek 1.500 metrokoan, June Sudupek 3.000 metrokoan, eta 4x100 metro erreleboetako proban. Zortzina puntu lortu zituzten taldekako sailkapenerako.

Gainerakoan, bigarren postuan sailkatu zirelako, zazpina puntu lortu zituzten Laia Azpilgainek luzera jauzian, Lur Unanuek pertika jauzian, Maier Etxabek 400 metro hesietan eta Maddi Zubiak disko jaurtiketan, eta hirugarren postuan sailkatzeagatik, seina puntu eman zizkieten Ane Alonsori 100 metroko proban, Naia Telletxeari 400 metrokoan, Malen Garciari 5.000 metro martxan eta Uxue Unanueri jauzi hirukoitzean.

Gizonezkoak, bigarren

Gizonezkoen taldeak ere lan ona egin zuen, eta bigarren postuan sailkatu zen, 109,5 punturekin. Santurtzi taldea izan zen txapeldun, 121 punturekin. Hala ere, tolosarrek ez dute mailaz igotzea lortu.

Hiru garaipen lortu zituzten tolosarrek: Euken Fernandezek xabalina jaurtiketan, Joanes Valenciak pertika jauzian eta Eñaut Arostegik 800 metroko proban. Bigarren izan ziren Manex Campos 100 metroko proban, Eñaut Unanue 400 metrokoan, Jon Urkizar 1.500 metrokoan eta Eneko Zubia pisu jaurtiketan. Nabarmentzeko beste emaitza Jose Luis Gonzalezek lortu zuen: hirugarren izan zen disko jaurtiketan.

Ane Martinek, Tolosako errekorra

Ane Martin Del Campo atleta tolosarrak Tolosako errekor berria ezarri du 1.500 metroko proban. Jacksonvillen (Florida, AEB) ari da ikasten eta lehiatzen, Jermaine Felix entrenatzailearekin, eta joan den asteburuan bi probatan parte hartu zuen. Batetik, 1.500 metroko proban 4.23.20ko denbora egin, eta Tolosako inoizko markarik onena ezarri zuen. Bestetik, 800 metroko lasterketan, 2.08.91ko denbora egin zuen, eta bere marka pertsonala hobetzea lortu du.

Tolosa CF klubak Martin zoriondu du lortutako emaitzengatik, eta, orain arte bezala, markak etengabe hausten jarraitzera animatzen du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!