Kaka-mokordo bat herriko plazan. Mendeak dira munduan kakarik ez dagoela; gizakiek ipurdia izan baduten arren ipurtzuloa falta baitzaie. Baina mokordoa agertu da Ipurtegietan, eta misterioa argitu beharko da. Erika Olaizola eta Xanti Agirrezabala azpeitiarrek sortu zuten Kaka antzezlana, iaz AEK-Korrikako II. Kultur Sorkuntza Beka irabazi zuten, eta 24. Korrikaren ekitaldi kultural nagusia izan da, eta oraindik ere izaten ari da. Maiatzaren 16an, larunbatean, Tolosako Leidor aretoan egingo dute, 20:00etan.
Arina eta freskoa da Kaka; ia ordu eta erdiko iraupena du, eta Olaizolarekin eta Agirrezabalarekin batera, Ainhoa Aierbe eta Iñigo Aranbarri —Mikel Laskurainen ordez ari da— igoko dira Leidorreko oholtzara. Olaizolak nabarmendu du «maitasun handiz» sortutako antzezlana dela. «Komedia bat da, baina badu thriller puntu bat ere, kaka-mokordo bati buruzko ikerketa bat dagoelako, kaka existitzen ez den leku batean, gainera. Nola liteke? Nork egin du?». Galdera horiei tiraka sortu zuten istorioa.
Olaizolak aitortu du askok galdetu dietela ea nola den posible horrelako ideia batetik antzezlan bat sortzea. Bada, 15 urte inguru egin behar da atzera jatorria ezagutzeko. Garai hartan, Ane Arinas lagun minarekin batera, pieza motzak sortzen zituen azpeitiarrak. Euskal Herrian batera eta bestera aritzen ziren ordu laurdeneko antzezlan laburrak egiten. «Orduan sortu zitzaigun kaka-mokordoaren ideia, baina ez zuen aurrera egin, eta ideia kutxa batean gordeta geratu zen».
AEK-Korrikako beka deialdia zabaldu zutenean, garai bateko ideia berreskuratzea pentsatu zuen Olaizolak. Agirrezabalarekin partekatu zuen, eta aproposa iruditu zitzaion. «Sentitu genuen momentua zela, iraganeko ideia hori berrartu eta forma emateko. Asko inspiratzen gintuen irudiak berak, literalki eta metaforikoki, eta bide berri bat ireki zitzaigun. Galdera asko genituen, eta ohartu ginen euskaraz ere baditugula kakarekin lotutako esamolde, espresio eta esaerak. Esplorazio-lan handia egin genuen, eta ohartu ginen ez genbiltzala hain urruti; jolaserako aukera mordoa topatu genituen».
Gerora, beka irabazi zuen azpeitiarren proiektuak, eta horrek bide eman die antzezlana ekonomikoki bultzatu eta Euskal Herrian barrena egiteko; dagoeneko 30 emanaldi inguru egin dituzte. «Bi urte pasatu ziren proiektua aurkeztu genuenetik obra estreinatu genuen arte. Lan handia egin genuen ekoizpenean, baina merezi izan zuen. Oso pozik gaude, helburua lortu genuelako, eta lantalde zoragarri batekin lan egiteko aukera izaten ari garelako».
Zenbait fantasia beteta
Antzezlan bat baino gehiagotan elkarrekin arituak dira Olaizola eta Agirrezabala, baina Erika eta Xanti izenpean gidatzen ari diren lehen obra da Kaka. «Ez genion buelta handirik eman izenaren kontuari, antzezlana bera zelako aitzakia izen bat jartzeko. Xantik dioen moduan, Alaitz eta Maider bezala gara», esan du barre artean Olaizolak. Aktore izateaz gain, antzezlanak zuzentzea lan handia den galdetuta, azpeitiarrak esan du «ohituta» dagoela; besteak beste, Kamikaz kolektiboa konpainiako arduradunetako bat da. «Guk idatzi eta zuzentzen ditugu gure proiektuak».
Hala ere, Kaka posible egiteko, lantalde handi baten laguntza izan dute, eta Olaizolak aitortu du «beste fantasia batzuk» bete dituztela: «Esaterako, Kepa Errastirekin partekatu genuen gidoiaren idazketa, eta eszenografia Ikerne Gimenezek egin du. Lehen aldiz aritu gara eszenografo batekin elkarlanean. Ondorioz, lana potoloagoa izan da, baina aldi berean, polita, bai artistikoki, baita maila pertsonalean ere, eta asko gozatu dugu». Entseguz entsegu lagun izan duten Espe Lopez eszena zuzendariaren lana ere goraipatu du Erikak.
Erika Olaizola: «Fantasia bat izan da antzezlana euskara batuan egitea»
Aktore azpeitiarrak nabarmendu du antzezlanaren gidoia lantzeko prozesuan Errastiren eskua «ezinbestekoa» izan dela. «Oso gustura aritu gara lanean. Guk ideia azaldu genion, eta berak lehen bertsioa egin zigun, egitura guztiarekin; oso lagungarria izan zen guretzat. Gero, Xantik eta biok esaldiak aldatzen hasi ginen, eta Keparekin adosten, nahiz eta gaur egun egiten duguna lehen bertsio haren oso antzekoa izan. Konfiantza handia dugu elkarrengan, eta asko maite dugu elkar, baina uste dut Kepak kokoteraino amaitu zuela gurekin, akaso, oso perfekzionistak garelako».
Perfekzionismoa euskarara ere eraman nahi izan dute azpeitiarrek. Olaizolak esan du «kontzientzia-lan handia eta apustu berezia» egin dutela euskaraz umorea egiteko. «Hausnarketa sakon batean murgilduta gaude. Ikusi izan ditugun euskarazko zenbait antzezlanetan, erdarazko esamolde umoretsu asko entzun izan ditugu, erdal egitura eta espresioak, alegia». Aktoreak aitortu du «oso purista» jarri direla, eta esaldiak euskara garbian idatzi dituztela. «Obsesio-puntu bat ere izan dugu zenbait unetan».
Izan ere, azpeitiarrek sarri entzun izan dute umoreak euskara batuan ez duela funtzionatzen, euskalkia beharrezkoa dela. Bada, haiek euskara batuan egin dute, eta Olaizolaren iritziz, «harro» sentitzeko modukoa da. «Beste fantasia bat izan da. Obsesio handiko pertsonak gara, eta euskararekin hori lortu nahi genuen. Gai gara esaldi bakarrari orduak eta orduak eskaintzeko. Zenbait krisi ere izan ditugu, euskararen paranoian sartzen zarenean, gogorra baita kontua, eta askotan egin diogu elkarri 'Hau zuzena da?' galdera».
Eta kaka-mokordo baten inguruan, fantasiarako momentua topatzen duen izakirik bada, hori eulia da. Antzezlanean ere badu bere tokia, eta kontalari modura agertzen da, bertsotan. «Gidoia idatzi aurretik argi genuen euliak izango zirela oholtzan, baina oraindik ez genekien zer modutara, eta bertsoaren edo raparen bitartez izan zitekeela ere pentsatu genuen; intuizio hori genuen». Halako batean, Liki Likatsu musika taldea deskubritu zuten. «Lehen begi-kolpeko maitasuna izan zen. Oso zirikatzaileak dira, jolastiak. Bete-betean asmatu genuen». Azkenean, antzezlaneko musika guztia sortu dute, eta presente egon dira sormen prozesuan. «Elkarlana oso artisaua izan da».
Umoreak taburik ez
Gaia edozein dela ere, antzezlan baten gidoia umorearen bidetik egiteak baditu hainbat zailtasun. Azpeitiarren obraren kasuan, kakari buruz umorea erabiliz idaztea betiko bideari jarraipena ematea izan da. «Azken urteetan, umoretik ari gara lantzen gure sorkuntzak. Bizitzan ere tendentzia hori daukagu; gaitasun handia dugu umorerako, gure miseriei buelta bat eman eta beste ikuspegi batetik begiratzeko. Gu halakoak izateak lagundu du gidoia idazterakoan».
Erika Olaizola: «Istorio honetan bada norbanako baten kaka-mokordoa, baina baita herri batena ere»
Euskal kulturaren oholtzan kaka-mokordo bat agertu da. Hala dio antzezlanaren azalpeneko lehen esaldiak. Aldarrikapenen bat egitearekin lotura ote duen galdetuta, Olaizolak erantzun du ez direla bandera batekin jarri, zerbait eskatu nahi dutela esateko; ez dituela horrek mugitu. «Irudi batetik abiatu ginen antzezlana egiteko, eta nahia ez da gauza konkretu bati buruz hitz egitea. Zirikatzaileak diren egoera edo esanak daude antzezlanean, baina hortik aurrera ikusleari uzten diogu konektatzen; ikusitakoarekin, erabaki dezala zer kontsideratzen duen bere kaka eta zer gurea. Istorio honetan bada norbanako baten kaka-mokordoa, baina baita herri batena ere».
Ezkutatzen dugun horren guztiaren azaleratze-festa da Kaka. Izan ere, gizartean, oro har, kakari buruz hitz egitea tabu edo ezkutatze-ariketa bilakatu da. Horrek atentzioa eman zien azpeitiarrei. «Guztiok egiten dugun zerbait da, eta aldi berean, osasungarria, baina lotsa edo beldurra ematen digu horri buruz hitz egiteak, ez bakarka bakarrik, baita kolektiboki ere. Guk ez ikusteak ez du esan nahi existitzen ez denik, eta nahikoa da kaka-mokordo bat agertzea azaleratze-festa hasteko».
Guztiak batzen ditu
Orain arte, Euskal Herriko bost lurraldetan egin dituzte saioak. «Herri asko bisitatu ditugu, horietako batzuk lehen aldiz, eta oso polita izan da euskarazko obra batekin Tuterara edo Zangozara joatea». Olaizolak gaineratu du harrera oso ona izan duela antzezlanak, funtzionatu duela, alegia. «Asmatu dugu zer eta nola kontatu. Denok egiten dugun zerbait da kaka; beraz, berdin du Senperen, Balmasedan edo Tuteran egon, batasun bat dagoelako». Ziur dago berehala konektatu dutela han eta hemen. «Guk asko gozatzen dugu, eta uste dut, oro har, ikusleak ere asko gozatu duela».
Maiatzaren 16an Tolosara joaterik ez duenak, igande honetan izango du antzezlana ikusteko aukera, Pasaian. Udaberrian egingo dituzten azken bi emanaldiak izango dira. Azaroaren 19an egin zuten lehen emanaldia, apirilean ez dute bat bera ere egin, eta Tolosakoa 30.a izango da. «Bira ederra izaten ari da, ia astebururo ari gara Kaka egin eta egin, eta orain, hilabeteko etenaren ondoren, gogotsu gaude berriro oholtza gainera igotzeko. Ea ez gaituen kaka eginda harrapatzen». Udazkenerako emanaldi gehiago lotzen ari dira. «Tarteka egingo ditugu, hilabetean bat, edo asko jota, bi. 40 egitera heltzen bagara, sekulako lorpena izango litzateke».
Antzezlanaren izenak sortu dezake nolabaiteko zalantza publikoan, eta batek baino gehiagok pentsatu dezake ez dela haurrentzako antzezlan bat. «Berez, 14-16 urtetik gorakoentzako ikuskizuna da, edo hala pentsatuta prestatu genuen hasieratik. Hala ere, haur ugari joan da gure emanaldiak ikustera, eta oso gustura egon dira denak, haien saltsan. Guztiok batzen gaituen zerbait da kaka, eta inor ez da baztertua sentitzen hari buruz hitz egitean».


