III. Targazki Rallya hurrengo larunbatean, maiatzak 16, izango da, eta argazki guztiak Tolosan atera beharko dira. Argazkilari guztiei dago irekita, eta 16 urtetik beherakoek Gazteen Saria jaso ahal izango dute. Argazkien gaiak rallya hasi aurretik jakinaraziko dituzte. Izena egunean bertan eman ahalko da Targazki elkartearen lokalean (Emeterio Arrese 2, Tolosa) 16:00etatik 17:00etara, eta helduek 10 euro ordaindu beharko dute, eta gazteek doan hartu ahal izango dute parte.
Argazkiak JPG formatuan atera beharko dira, eta parte-hartzaile heldu bakoitzak dagokion memoria txartelarekin hasi beharko du rallya, aldez aurretik formateatuta. Rallya Herriz Herri izeneko ligaren parte denez, emaitzek ligarako balioko dutela esan dute. Gazteen kasuan, telefono mugikorrarekin atera ahal izango dituzte argazkiak. Kamerako doikuntza klasikoak onartuko dituzte (saturazioa, kontrastea...), baldin eta argazkia atera aurrekoak badira. Ez dute zuri-beltzeko argazkirik onartuko, ez dute argazkiaren edizio edo manipulaziorik onartuko, eta ezta kamerek dituzten sormen ediziorako efektuak ere.
Saridunen berri Tolosako udaletxean jakinaraziko dute, ekainaren 12an 19:30ean egingo duten ekitaldian.
Tolosa Herria Argazki Lehiaketa
Bestalde, Targazkik beste behin antolatu du Tolosa Herria Argazki Lehiaketa. Izen ematea zabalik dago, eta maiatzaren 24an amaituko da. Argazkilari profesional nahiz amateurrek hartu dezakete parte, eta egile bakoitzak gehienez lau argazki aurkeztu ditzake. Bi mailatan hartu daiteke parte: maila orokorrean, eta 8 eta 16 urte arteko gazteei zuzendutakoan.
Ez dute aurreko edizioetan aurkeztutako argazkirik onartuko, ezin da adimen artifiziala erabili –egiaztatzeko RAW fitxategiak eskatu ditzakete–, eta argazkiek ezin izango dute inolako identifikaziorik edo ur markarik eraman.
Formatuari dagokionez, JPG formatuan aurkeztu behar dira, alderik luzeenak 4.000 pixeleko neurria izan behar du, fitxategiak gehienez 5 mega izan behar ditu, eta fitxategiaren izena argazki zenbakitik hasi beharko du eta izenburuarekin jarraitu (adibidea: 1_egunsentia.jpg).
Izena targazki.fortogenius.es eman behar da, eta erabakiaren berri ekainaren 1ean emango dute. Sari banaketa ekainaren 27an izango da. Lehen hiru lanek Argizaiola Lehiaketan parte hartu ahal izango dute.