Soronea Ammma CMO Valves mendi lasterketa talde tolosarrak kluben arteko Espainiako Txapelketa irabazi du emakumezkoetan zein gizonezkoetan. Iaz egindakoa errepikatu du, eta taldean oso pozik daude Alex Jimenez koordinatzaileak azaldu duenez: «Izugarria da, eta asimilatzen ari gara lortutakoa. Gure taldeko filosofiarekin urteko helburu garrantzitsu bat bezala jarri genuen, garrantzi handia ematen diogulako taldekako txapelketara aurkezteari. Ilusio handia egiten digu proiektu honetan sinisten jarraitzeko».
Azken lau urteetan emakumezkoek hiru aldiz irabazi dute txapelketa eta beste urtean hirugarrenak izan ziren. Gizonezkoek, azken bi garaipenez gain, hirugarren postu bat lortu zuten ere. Talde giroa nabarmendu du Jimenezek lorpen horien oinarrian.
Trencacims mendi lasterketaren Skyrace proban (36 kilometro eta 2.600 metro positiboko ibilbidea) izan zen jokoan txapelketa. Lehen lau korrikalarien emaitzak balio izaten dute sailkapena osatzeko. Emakumezkoetan Ainhoa Garikano tolosarra izan zen irabazlea, Sonia Lopez ermuarra seigarrena, Maddalen Jimenez beratarra zortzigarrena eta Itziar Oteiza lizarratarra 12.a. Gizonezkoetan Beñat Ibañez zumarragarra hirugarrena izan zen, Iñaki Olano altzotarra seigarrena, Xabier Lete oñatiarra bederatzigarrena eta Hassan Ait Chaou billabonatarra hamargarrena.
Horiez gain, ondorengo taldekideek parte hartu dute: Larraitz Aragon durangarra, Leire Elola tolosarra, Irati Larrañaga usurbildarra, Ainhoa Intxausti segurarra, Itxaro Zabaleta leitzarra, Eneritz Aramendi azpeitiarra, June Agirrezabalaga zarauztarra, Ibai Madina berrobitarra, Iban Agirrezabala berastegiarra. Ander Iñarra lezoarra, Amets Arenberri zestoarra eta Ibai Makazaga oriotarra.
Tolosako Alpino Uzturre taldeak ere parte hartu zuen txapelketan. Emakumezkoetan zortzigarren postua lortu zuten: Ainhoa Egiguren tolosarra 37.a izan zen, Yashira Navas tolosarra 37.a, Ione Cerezo urretxuarra 41.a eta Ainhoa Iraizoz eltsoarra 43.a.
Gizonezkoetan hamabigarren postua lortu zuen taldeak: Andoni Uzkiano donostiarra 12.a izan zen, Igor Arostegi tolosarra 64.a, Jon Ander Iparragirre lezoarra 68.a, Jon Vallejo tolosarra 68.a, eta Amets Uzkudun altzotarrak ere parte hartu zuen.