AuzoEkin proiektuko lehen hiru eremuek lehenetsi dituzte lanak

Josu Artutxa Dorronsoro 2026ko maiatzaren 5a

Bidebieta-Izaskun-Iparragirre eremuak, landa-eremuetako auzoek eta San Esteban auzoak 60.000 euroko poltsa bana izango dute euren guneetan hobekuntzak egiteko.

AuzoEkin proiektuaren lehen esperientzia pilotuak egin du bere bidea. Estreinakoz, lehen urtean, iazko martxotik aurtengora, hiru eremuk parte hartu dute: Bidebieta-Izaskun-Iparragirre eremua, landa-eremuko auzoak eta San Esteban auzoa. Bada, udalak diagnostiko integrala egin du eremu bakoitzean, bertako auzotarren parte-hartzearekin. Horretarako, auzoz auzo bisitak egin ditu eta herritarren proposamenak jaso ditu inkesten eta dinamika-saioen bitartez.

Ondoren, udal-teknikariek emandako erantzunetatik eta egindako proposamenetatik abiatuta, auzotarrek bost urterako plangintza estrategikoa onartu dute. Eta plan horretan, lehen urtean, hau da, 2026an, egin beharreko lanak lehenetsi dituzte. Hiru eremuek 60.000 euroko poltsa bana izango dute euren guneetan hobekuntzak egiteko, eta udal-aurrekontuaren inbertsioen atalean jasoa dago jada lan horiek egikaritzeko dirua. Lan horiez gain, udalak bere gain hartu ditu beste zenbait lan, beste bide batzuetatik egikaritzeko eta lantzeko.

Eremu bakoitzeko prozesuak emandako guztia uneoro argitaratu du udalak Erabaki.tolosa.eus web-orrian, eta bertan kontsultatu daitezke dokumentuak: bilera eta saioetako aktak, proposamenak, diagnostikoak, auzoz auzo beharrak identifikatzeko eta geolokalizatzeko egindako bisitak nahiz lehenetsitako lanen informazio osatuagoa.

Ia 1.000 herritar

Proiektuaren lehen edizio honetan, eremuetako bakoitzean egin diren hamaika lan saioak kontuan hartuta, 993 bizilagunek parte hartu dute, eta genero-ikuspegitik, parekatua izan da partaidetza: 496 emakume eta 497 gizon. 562k inkesten bidez parte hartu dute. Martxoan hiru eremuetan egindako bileretan, asebetetze-inkestak banatu zituen udalak, eta batez beste, 7,6ko puntuazioa jaso du proiektuak.

Josune Sanz Gobernantza eta Komunitatea Saileko zinegotzi arduraduna «pozik» dago proiektuak izandako erantzunarekin: «Udal gobernuaren izenean, eskerrak eman nahi dizkiet prozesu osoan zehar parte hartu duten ia 1.000 tolosarrei, izandako inplikazioagatik eta egindako lanagatik». Nabarmendu du dinamikak «merezi» izan duela, herritarrekin elkarlanean aritzeak erabakiak hartzeko espazioak zabaldu dizkielako. «Herritarrekin harremanak izateko modu berri bat abiatu dugu, lan egiteko beste modu bat, herritarrek beraiek eskatu moduan», gaineratu du. 

Sanzek baieztatu du laster hasiko direla lehenetsitako proiektuak gauzatzen, eta adierazi du horrek erakutsiko duela orain arteko bideak «merezi» izan duela. «Eragile guztiontzako ikasketa-prozesu bat izan da, horrek dakarren guztiarekin, eta konbentzituta gaude aurrera begira oinarri garrantzitsu bat jarri dugula», esan du.

Auzo elkarteak

Prozesuak, gainera, auzotarren ekimena indartzea ekarri du, eta hori ere aintzat hartu du Sanzek. «AuzoEkinek balio izan du, adibidez, Bidebieta-Izaskun-Iparragirre eremuan auzo elkarte bateratu bat sortzeko prozesua abiatzeko. Bizilagunekin elkartzeak eta saioetan modu kolektiboan pentsatu behar izateak horretara bideratu ditu bizilagunak», esan du zinegotziak.

Landa eremuen kasuan, berriz, badaude auzo elkarteak, baina ez daude elkarren artean saretuta; orain arte, nork bere bidea egiten zuen. «Ikusi zuten kezka eta behar asko partekatzen dituztela, eta elkarren artean saretuta hobeto bideratu daitezkeela. Saretze-lan hori dinamizatzeko saioak egin dituzte», esan du Sanzek. Bi kasuetan, udal teknikariek laguntza eman diete auzotarrei. «Komunitatea sortzea ere bazen AuzoEkin proiektuaren bigarren mailako helburuetako bat», azpimarratu du Sanzek.

2026an proiektua eremu gehiagotara zabaltzeko lanean ari da udala. Aurreikuspena da Amarotz-San Blas-Usabal eta Berazubi-Iurre-Iurramendi eremuetan eta Arramele auzoan lanketa bera egitea.

Lehenetsitako lanak
  • BIDEBIETA-IZASKUN-IPARRAGIRRE
    • Zabalarreta parkea. Lan bat baino gehiago: komun publikoa konpondu eta irekitzea, inausketa kontrolatuak egitea, oinezko pasabideetan LED argiteria jartzea. Udala inbertsioak aztertzen ari da, proposamen teknikoa egiteko.

    • Bizikletentzako aparkaleku gehiago. Igeralden, Zabalarretan eta Izaskungo iturriaren ondoan jarriko dituzte.
    • Inbertsio gehiago. Kondeaneko aldapako oinezko pasabidea, markesina, irisgarritasuna hobetzeko pasabide altuak Iparragirren edo zenbait aparkaleku berrantolatzea. Epe motzean gauzatuko dituzte.
  • Landa-eremuko auzoak
    • Urbanizazio-lanak. Aldaban, Auzotxikian, Bedaion, Olarrain eta Urkizun erdiguneetako seinalizazioa eta informazio-panelak hobetu eta egurrezko baranda eta mahaiak berrituko dituzte.
    • Argiteria. Aldabako, Urkizuko, Auzotxikiko eta Uganeko zenbait puntutan argiteria hobetu edo jarriko dute.
    • Desfribiladoreak. Aldaban, Urkizun eta Bedaion bana jarriko dute.
    • Urkizu. Auzo elkarteko ur horniduraren hoditeria berria jarriko dute.
    • Aldaba. Auzoaren sarreran aparkalekua egokituko dute.

  • San Esteban auzoa
    • Auzo elkartearen kanpoaldea. Eremua berritu eta zabaldu nahi dute, plaza itxura emateko: aterpea eta estalitako eserlekuak jarri, eta komun publikoak berritu eta ireki. Proiektua diseinatzeko diru-partida bideratuko dute.

    • San Joan kaleko argiteria. Zuhaitz-adarren gainetik geratzen dira farolak, eta ez dute kalea behar bezala argitzen. Egokitzeko bidean da.
    • Haur parkea, aurki. Zabuak jarriko dituzte, eta jada adostuta dago kokaleku berria.
    • 15. zenbakian, bi lan. Argiztapena hobetu eta drainatzea hobetzeko obra egitea.
    • Ttorre. Ubidea konpondu eta birgaitzea nahi dute. Aurten enkargatuko dute azterketa.
    • Kulturartekotasuna sustatzea. Auzoan jatorri atzerritarreko bizilagun ugari daudenez, elkar ezagutzeko saioak egin nahi dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!