Israelgo armadak Global Sumud Flotillako 175 bat ekintzaile hartu zituen gatibu herenegun gauean, nazioarteko uretan zirela, Greziako Kreta irlatik ehun bat kilometrora; itsas segizioko 58 ontzi zihoazen Gazako laguntza humanitarioaren blokeoa hausteko asmoz, eta horietako 22 atzeman zituen Israelek. Herrialde hartako Atzerri Ministerioak sare sozialen bidez jakinarazi du dagoeneko Kretan daudela gatibu hartutako ekintzaile guztiak, bi izan ezik: Saif Abu Kexek palestinarra eta Thiago Avila brasildarra; Israelera eramango dituzte «itaundu» ditzaten, lehena «erakunde terrorista» bateko kidea delakoan, eta bigarrena «legez kanpoko ekintzak» egin dituelakoan.
Ostegunean gatibu hartu zituzten ekintzaileen artean dago Lino Figueroa tolosarra. Harekiko eta gainerako atxilotu guztiekiko elkartasuna adierazteko elkarretaratzea egin du gaur eguerdian Palestinarekin Elkartasuna plataformak Tolosako Trianguloan. Israelgo estatuak ontzidiari egindako erasoa salatu eta Israelgo estatua desegiteko eskatu dute beste behin.