Tolosar bat Global Sumud Flotillako atxilotuen artean

Ataria 2026ko maiatzaren 1a

Flotillako ontzi bateko kide batzuk, eskuak altxatuak dituztela. Iturria: GLOBAL SUMMUD FLOTILLA

Israelgo armadak Global Sumud Flotilla itsas segizioa geldiarazi zuen asteazkenetik ostegunerako gauean nazioarteko uretan, Greziatik gertu, eta 175 ekintzaile inguru gatibu hartu zituen. Atxilotuak Grezian daude orain. 

Israelgo armadak Global Sumud Flotilla itsas segizioa geldiarazi du nazioarteko uretan, Greziatik gertu, eta 175 ekintzaile inguru gatibu hartu ditu, tartean Tolosako Lino Figueroa. Guztira hamabi euskal herritar zihoazen flotillan, eta haietako zazpi daude soldaduek atzeman dituztenen artean. Azken berrien arabera Israelek esan du Global Sumud Flotillako atxilotuak Grezian utziko dituela.

Gazara laguntza humanitarioa eramatea eta Israel zerrendan egiten ari den genozidioa salatzea helburu du flotillak, eta, horretako kideek salatu dutenez, Israelgo armadak segizioko 22 itsasontzi inguratu zituen —58 doaz guztira—, eta ontzietako motorrak eta nabigazio sistemak hondatu zituzten; horren ondorioz, zenbait itsasontzi jitoan daude, norabidea ezarri ezinik, itsasoaren eta ekaitzen menpe.

«Nazioarteko uretan egindako oldarraldi bortitz batean, Israelgo itsas armadak atzeman, abordatu eta sistematikoki hondatu egin ditu Global Sumud Flotillako zenbait ontzi», azaldu dute flotillako kideek, Telegram sare sozialeko kanalaren bidez. «Motorrak eta nabigazio sistemak suntsitu ondoren, alde egin zuten, ehunka zibil jitoan eta ontzi hondatuetan utzita, iristear den ekaitz baten norabidean».

«Aurrera jarraituko dugu»

Atxilotuak Grezian daude une honetan, eta esan dute bi egunez espetxe-barku batean izan dituztela preso, jendez gainezka zeuden edukiontzi batzuetan lo egin dutela, eta oso gaizki tratatu dituztela. Kolpatu dituzte eta atxilotuetako batzuk oraindik ere ospitalean daude. Bi kide oraindik ere atxilotuta daudela esan dute. «Guri gertatu zaiguna ez da ezer egunero Palestinan gertatzen denarekin konparatuta, 9.000 preso daude Palestinan, eta hau da beraien egunerokotasuna. Israelek horrelako bahiketa bat egiteko duen inpunitatea salatu nahi dugu, eta baita Europaren konplizitatea ere, bahiketa honen parte izan delako, batez ere Grezia». Hala ere, aurrera jarraituko duela esan dute, eta Gazara iristen saiatuko direla. Greziako kostan taldea batzen eta barkuak prestatzen jarraituko dute aurrera egin ahal izateko. 

Tolosako Udalak kezka azaldu du gazte tolosarraren egoeragatik, eta hari eta haren gertukoei elkartasuna adierazi die. Era berean, atxilotutakoen osasuna zaintzeko eta eskubideak errespetatzeko exijitu du. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!