Tolosako Targazki Argazkilari Elkarteak Argazki Rallya antolatu du, hirugarrenez. Maiatzaren 16an (larunbata) izango da, 17:00etan, eta argazkilariek Tolosan bertan egin beharko dituzte argazkiak. Tolosakoa Herriz Herri ligako rallya da; beraz, emaitzak puntuagarriak izango dira ligarako. Esteka honetan kontsultatu daiteke egutegia eta sailkapena.
Argazkilaritza gustuko duten herritar orok parte hartu dezake, eta bi maila izango dira: helduena eta gazteena (16 urtekoak edo gazteagoak). Helduen mailan parte hartzeko 17 urte edo gehiago izan behar dira, eta parte hartzaileek kamera digitalarekin egin beharko dituzte argazkiak, JPG formatuan. Partaide bakoitzak dagokion memoria-txartelarekin hasiko du rallya, aldez aurretik formateatutakoa. SD ez diren txartelak erabiliz gero, argazkiak deskargatzeko norbere USB egokigailua eramatea gomendatu dute antolatzaileek. Adingabeek telefono mugikorrarekin parte hartuko dute. Argazkiak ateratzeko, kargagailuko edo komunikazioko kablea eramatea gomendatu dute.
Egunean bertan eman behar da izena, Targazki elkartearen egoitzan (Emeterio Arrese 2, Gizarte eta Kultur zentroaren eraikina, lehen), 16:00etatik 17:00etara bitarte. Argazki-elkarte bateko kide izanez gero, haren zenbakia adierazi behar da. Izena ematearekin batera, helduek 10 euroko ordainketa egin behar dute; gazteek, berriz, doan parte hartu dezakete lehiaketan. Partaide guztientzako jan-edana izango da egoitzan bertan. Behin izena eman eta gero, rallyko bost gaiak jakinaraziko zaizkie partaideei, eta hauek gai horiei buruzko argazkiak egin beharko dituzte herrian zehar.
Argazkilariek zenbait baldintza bete beharko dituzte rallyan parte hartzeko. Batetik, txartelaren lehen argazkia elkartearen lokaleko parte-hartzailearen erretratua izango da, kontrol-argazkia. Derrigorrezkoa izango da eta ez du puntuaziorik izango. Bestetik, kamerako doikuntza klasikoak onartzen dira: saturazioa, kontrastea... baldin eta argazkia atera aurrekoak badira. Gainera, edozein motatako kameraz kanpoko edozein elementu –filtro, aldatzaile, flash...– erabiltzea baimenduta dago, baldin eta argazkia ateratzerakoan efektuak sortzen baditu, baina ez ondorengo edizio edo manipulazioagatik. Horrez gain, zuri-beltzezko argazkirik ez dute onartuko, koloretakoak bakarrik. Azkenik, debekatuta daude kamerek eskaintzen dituzten sormen-edizioko efektuak, hala nola, kolore selektiboa, miniatura-efektua eta posterizazioa, baita irudien ondorengo edizioa ere, bai kameran bertan, bai kanpoko gailuetan.
Argazkiak egin eta gero, elkartearen egoitzan bertan deskargatu beharko dituzte; ordubeteko tartea izango dute horretarako, 21:00etatik 22:00etara. Partaide bakoitzak, gehienez, 37 argazki deskargatu ditzake, kontrol-argazkia barne. Ondoren, gai bakoitzerako argazki bana aukeratuko du, eta egindako hautaketaren berri emateko mezu bat bidaliko du targazkirallya@gmail.com helbide elektronikora. Ez ditu argazkiak bidaliko, antolatzaileek izango dituztelako; zerrendarekin nahikoa izango da, gaia eta argazki-zenbakia adierazita. Bidalketarako azken eguna maiatzaren 22a izango da.
Argazkiak aurkeztu ondoren, epaimahaiaren txanda helduko da. Ekainaren 12an, udaletxeko areto nagusian jakinaraziko dute erabakia, bertan egingo dutelako sari banaketa ekitaldia, 19:30ean hasita. Helduen mailako argazkilari onenak 120 euro eta garaikurra jasoko ditu; bigarren sailkatuak 90 euro eta garaikurra; eta hirugarren sailkatuak 70 euro eta garaikurra. Beste bi sari izango dira: saririk gabeko bertako argazkilari onenak eta gazteen mailako irabazleak 50na euro eta garaikur bana jasoko dituzte.