Tolosako Udalak, tokiko eragileekin elkarlanean, Bertako Haragien Azoka antolatu du maiatzaren 7tik 10era bitartean. Lau egunez, herriko kale eta plazak jarduera gastronomiko eta kulturalez beteko dira, eta horietan parte hartzeko aukera izango dute tolosarrek, azoka berezi honek helburu baitu bertako haragien balioa, kalitatea eta tradizioa herritarrengana hurbiltzea. Herritar guztientzako proposamenak bilduko ditu azokak, hala nola, sukaldaritza ikastaroak, lehiaketak, dastaketak eta zuzeneko musika.
Maiatzaren 7an (osteguna) izango da lehen ekintza; Herrian zehar, harategitik parrillara ikastaroa antolatu dute. Kale Nagusiko Jo topagunean hasiko da 17:50ean, eta herriko kaleetan barrena egingo dute jarduera gastronomikoa, 20:30ak bitarte. Harakin profesionalen eskutik, haragi piezak aukeratzen eta kozinatzen ikasiko dute partaideek, ondoren elkarte gastronomikoetan prestatu eta dastatzeko. Izenematea.tolosa.eus web-orrian eman daiteke izena, igandera bitarte; plazak mugatuak dira, eta gehienez 30 lagunek parte hartu dezakete.
Ostiraletik igandera, Zumarditxikian jarriko duten food truck gunean, askotariko eskaintza gastronomikoa eta zuzeneko musika uztartuko dira. Batetik, bertako ekoizleen produktuekin osatutako platerak eskainiko dituzten zazpi postu izango dira: Harakno, Carnicas Goya, Basque Truck, Ondalan, Iparra Beer, Ozkape eta Metxa Gastrotruck. Bestetik, Eider, Bisai, DJ Obrium, Marabiyak, Argazki bat behelainoan, Jo&Swissknife, La Jamba eta Les Cuisiniers arduratuko dira musikaz.
Maiatzaren 9an (larunbata) izango da hitzordu nagusia Trianguloa plazan: 09:00etatik 14:00etara Bertako Ekoizleen Azoka Berezia egingo dute; tartean, bertako haragia ekoizten duten eskualdeko bi ekoizlek postu bana jarriko dute: Lizartzako Ueta etxaldeak (txekor haragia) eta Amezketako Aralar’ekok (moxal haragia). 11:00etatik aurrera, arkumea burruntzian eta zikiroan, behi-pikaña, saiheskia eta txuleta-txorizoa pintxo eran jateko aukera izango da.
Haurrak kozinatzen
Egun horretarako, haragi gisatu lehiaketa antolatu dute, haur eta heldu banak osatutako bikoteentzat. Hamar bikote izango dira gehienez, eta astelehena baino lehen eman behar da izena Izenematea.tolosa.eus-en. Izen emate kopurua gaindituz gero, zozketa bidez esleituko dituzte.
Parte hartuko duten bikoteak 09:15ean elkartuko dira Trianguloa plazan, eta 09:30ean hasiko da lehiaketa. Lehiaketak helburu du haurrak azoka eta sukaldaritza mundura gerturatzea. Hala, diru kopuru batekin batera, haragiaz gain beharko dituzten osagaien zerrenda jasoko dute partaideek, Zerkausian erosteko; ordu erdi izango dute horretarako. 10:00etan hasiko dira kozinatzen, eta 12:00ak arte ariko dira.
Casino eta Txinparta elkarteetako kide banak eta Garikoitz Agirre sukaldariak osatuko dute epaimahaia. Bikote irabazleak Ama jatetxean bi lagunentzako otordua irabaziko du; bigarren sailkatuak, Casa Julian jatetxean bi lagunentzako otordua; eta hirugarren sailkatuak, Berrobiko Iriarte jatetxean bi lagunentzako otordua. 13:30ean hasiko da sari banaketa ekitaldia.
Pottoka eta astoa
Bestetik, eta azokan lehen aldiz, Zenbat pisatzen dute? lehiaketa egingo dute Trianguloa plazan. Bi animalia egongo dira, pottoka eta asto bana, eta zenbat pisatzen duten asmatu beharko da. Goizean zehar, lehiakide bakoitzak kopuru bat esango du, eta 13:00etan animaliak pisatuko dituzte, jendaurrean. Ondoren, sariak banatuko dituzte.
Pottokaren pisua asmatzen duenari Carnicas Goyarako 100 euroko erosketa txartela emango diote; astoaren pisua asmatzen duenari, berriz Barriola harategirako 100 euroko txartela. Gainera, herriko harategietako produktuekin osatutako bi sorta zozkatuko dituzte parte hartzaileen artean.
Egitaraua
- Maiatzak 7, osteguna
- 17:50. Herrian zehar, harategitik parrillara ikastaroa, Jo Topagunean hasita (Kale Nagusia): Haragia parrilan egiten ikasteko tailerra. Parte hartzaileak hiru taldetan banatuko dira, eta talde bakoitzari adieraziko zaio zein izango den bere ibilbidea, harategia eta elkartea. Harategi bakoitzean, pieza nola aukeratu eta nola prestatu azalduko zaie. Elkarte bakoitzean, parrillak eta suak prest egonik, erositako produktuak egin eta dastatuko dira: oilasko izterra, txerri burualdea eta txekor saiheskia. Parte hartzaileen taldeetatik bi talde herritar guztiei irekiak izango dira, eta beste bat Azoka Lagunei zuzendutakoa. Lehen bietarako izen-ematea zabalik da udalaren webgunean, maiatzaren 3ra bitarte.
- Maiatzak 8, ostirala
- 18.00-00:00. Zumarditxikia: food truck-ak eta kontzertuak.
- 19:00. Eider.
- 21:30. Bisai.
- 23:00. DJ Obrium.
- 18.00-00:00. Zumarditxikia: food truck-ak eta kontzertuak.
- Maiatzak 9, larunbata
- 09:00-14:00. Trianguloa plaza: bertako haragi ekoizleen azoka eta dastaketak. Azoka berezia bi posturen parte hartzearekin.
- Ueta etxaldea —txekor haragia— Lizartza.
- Aralar’eko —moxal haragia— Amezketa.
- 11:00. Txomin Parrilaren eskutik erreketak eta pintxoak: arkumea burruntzian eta zikiroan, behi-pikaña, saiheskia eta txuleta-txorizoa.
- 09:30-13:30. Trianguloa plaza: Haragi gisatuaren lehiaketa. Haur batek eta heldu batek osatutako bikoteentzat, 10 bikote parte hartzaile, maiatzaren 4ra bitarte.
- 09:15. Elkartu, lana egingo duten tokian jarri eta materiala jaso.
- 09:30. Lehiaketaren hasiera. Osagaiak erostera joango dira azokara.
- 10:00-12:00. Haragi-gisatua kozinatzeko denbora.
- 12:30. Epaimahaiaren dastaketaren hasiera.
- 13:30. Sari banaketa
- 12:00-00:00. Zumarditxikia: food truck-ak eta kontzertuak.
- 13:00. Marabiyak (Trianguloan hasita).
- 19:00. Argazki bat behelainoan.
- 21:30. Jo&Swissknife.
- 23:00. La Jamba.
- 09:00-14:00. Trianguloa plaza: bertako haragi ekoizleen azoka eta dastaketak. Azoka berezia bi posturen parte hartzearekin.
- Maiatzak 10, igandea
- 12.00-16:00. Zumarditxikia: food truck-ak eta kontzertuak.
- 13:00. Les Cuisiniers.
Food truck guneko parte hartzaileak: Harakno, Carnicas Goya, Basque Truck, Ondalan, Iparra Beer, Ozkape eta Metxa Gastrotruck.