Gehitu du familia, lana, lagunartea edo aisialdirako guneak oraindik ere ez direla beti espazio seguruak lesbiana askorentzat, «sarritan, aurreiritziak edo ondorio negatiboak agertzen dira haien bizitzetan. Ikusezintasunak, gainera, kostu handia du: askotan, eskubideak modu libre eta berdinean baliatzea eragozten du». Eta galdetu du: «Zertarako balio du eskubideak izateak, eskubide horiek baliatzeko baldintzak betetzen ez badira? Zergatik dirudi, oraindik ere, LGTBIQ+ pertsonek eta, kasu honetan, emakume lesbianek dutela haien burua agerian jarri beharraren ardura?».
Herritar guztien eskubideen aldeko borroka erantzukizun kolektiboa dela, eta gizarte plurala eta irekia eraikitzea dagokigula aldarrikatu du, hau da, sexu eta genero aniztasuna errespetatuko duen gizartea. «Pertsona guztiek eskubide berak izan behar dituzte aitortuta, eta, gainera, eskubide horiek askatasunez eta beldurrik gabe baliatzeko aukera erreala izan behar dute. Hori guztion ardura da». Era berean, lesbofobiari eta lesbianek jasaten dituzten diskriminazio eta indarkeria mota guztiei aurre egitea gizarte osoari dagokiola esan du. «Adinekoek, gazteek, migratuek, aniztasun psikikoa dutenek, kalteberatasun-egoeran daudenek eta abarrek oso zaila izango dute haien eskubideez baldintza berdinetan gozatzea, baldin eta ez badira beharrezko baldintzak betetzen».
«Gaur, lesbiana guztiak aldarrikatu nahi ditugu, bai ikusgarri direnak, bai ez direnak. Era berean, euskal gizarte osoari —pertsonei, elkarteei, kolektiboei, erakundeei eta organismoei— dei egiten diegu elkarrekin lan egin dezagun, lesbiana bakar batek ere ez dezan pentsa ez duela merezi ikusgarri izateak».