Iruki TAKE saskibaloi taldeak denboraldia amaitu du asteburuan azken partida jokatu ondoren. Hirugarren FEB mailako taldeak seigarren amaitu du liga, eta ezin izan du sartu igoera fasea jokatzeko aukera ematen zuten lehen lau postuetan.
Azken partidan, ordea, sekulako aldearekin irabazi zioten tolosarrek Blendio taldeari: 105-57. «Ez genuen ezer jokoan, baina argi genuen aho zapore on batekin bukatu nahi genuela», esan du Goar Artetxe entrenatzaileak. Nahiz eta atsedenaldira lau puntuko abantailarekin bakarrik joan, bigarren zatia borobila izan zen: «Erritmo biziarekin jokatu genuen, asko asmatu genuen, eta azkenean ia 50 puntuko aldea lortu genuen. Beraz, udara aho zapore on batekin goaz».
Lehen lau postuetan ez amaitzeko arrazoi nagusia, ligaren amaieran segidan galdutako bost partidak izan ziren. «Taldeak maila oso altua eman du denboraldi osoan zehar», azaldu du Artetxek. «Hasieratik otsailera arte bigarren edo hirugarren postuan egon gara, eta inauterietatik Aste Santura bitarteko berrogei egunetan bost porrot jarraian izan genituen». Taldeak asko sufritu zuela gaineratu du entrenatzaileak, eta lesio ugari izan dituztela: «Ezin izan genuen kalitatezko entrenamendurik egin, eta hain berdindua den maila honetan ez baduzu ondo entrenatzen, oso zaila da partidak aurrera ateratzea».
Tarte horretan igoera fasean sartzeko zuten koltxoia galdu egin zuten, eta azkenean lehen lau sailkatuen artean sartzeko partida batera geratu dira. «Bolada txar hori izan genuen, baina zorionez azken bi partidak irabazi ditugu, eta ezin dugu ahaztu TAKE Tolosa garela, eta gure arerioak ACBko taldeen harrobiko taldeak direla. Aurrekontu askoz handiagoak dituzte, fitxaketak egiten dituzte, eta gu herri txiki bat gara, bailarako jokariekin jokatzen dugu, eta jokalari hauek eman duten maila handia da». Pena dute denboraldi osoan zehar hain goran egon ondoren, bukaeran ez dutelako igoera faseaz disfrutatuko.
Balantzea egiterakoan, argi du entrenatzaileak: «Harro nago egin dugun denboraldiaz, eta balorazioa ona da». Helburua berez mailari eustea dela esan du, baina azken bi urteotan gaizki ohitu direla gaineratu du. Izan ere, taldeak iaz hirugarren bukatu zuen liga.
Behin liga bukatuta, atseden hartu dute aste honetan, eta gero maiatzean eta ekainean entrenatzen ariko dira datorren denboraldiari begira. Aldaketak izango dira, Artetxek ez baitu jarraituko talde nagusiko entrenatzaile gisa: «Klubeko koordinatzaile bezala jarraituko dut, baina sei urtez entrenatzaile izan ondoren, uste dut ziklo honek hemen bukatu behar zuela. Harro nago egindako lanaz, eta uste dut jokalariei ere ondo etorriko zaiela beste entrenatzaile bat etortzea. Jokalari gazteak dira, eta ziur nago Iruki TAKEk hor segituko duela gerra ematen eta ondo jokatzen».